Noiz argitaratua Asteartea, 2023.eko Urriak 3

Kultura, Kirol eta Turismo Batzordeak Beriaingo udal igerilekuak bisitatu ditu

Udalak laguntza eskatu du kirol instalazioen eraberritze proiektua bukatzeko falta diren obrak egin ahal izateko

Kultura, Kirol eta Turismo Batzordeak gaur Beriaingo udal igerilekuak bisitatu ditu, Udalak 2022ko ekitaldirako aurrekontu-zuzenketa baten bidez jasotako zuzkidura erabiliz instalazio horietan egin dituen hobekuntzen berri jakiteko. Instalazioen eraikuntza 2009an hasi zen, baina urte berean etenda gelditu zen finantzaketa faltagatik.

 

Batzordeko kide hauek bertaratu dira: Félix Zapatero, Javier Trigo (UPN talde parlamentarioa), Ibai Crespo (PSN talde parlamentarioa), Mikel Zabaleta (EH Bildu talde parlamentarioa), Blanca Regúlez (Geroa Bai talde parlamentarioa), Daniel López (Contigo-Zurekin talde parlamentarioa) eta Emilio Jiménez (Vox foru parlamentarien elkartea).

 

Parlamentuko ordezkariei harrera egin diete José Manuel Menéndez Beriaingo alkateak, Alfonso Herranz arkitektoak, Santiago Marcos eta Solangel Quintana zinegotziek eta udaleko hainbat langilek.

 

Bisitaren helburua izan da, adierazi denez, 2022ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorren zuzenketa batean ezarritako zuzkidurarekin Udalak egin dituen hobekuntzak ikustea, batetik, eta instalazioen egoera in situ egiaztatu eta Udalak kirol instalazioak eraberritzeko proiektua gauzatzen amaitzeko oraindik dituen premiak ezagutzea, bestetik.

 

Hala, batzordeko kideek seigarren faseko obrak amaitu direla egiaztatu dute. Aurrekontu-zuzenketa horren zuzkiduraren bidez egin dira, eta Udalak, gainera, Toki Inbertsioen Planeko 80.000 euro eta diruzaintza-gerakinetako 170.000 euro baliatu ditu. Azken fase horretan sartu da igerilekuaren esparrua. Igerileku estalia izan arren, “klimatizaziorako finantzabide faltagatik udan baino ezin da erabili”.

 

Alfonso Herranz arkitektoak azaldu duenez, udal igerilekuen proiektua 2009an jarri zen abian, eraikin berri bat egiteko asmotan. Bertan kokatu behar ziren spa eremua eta gimnastikarako eta jardueretarako gelen eremua. Baina 2010ean obrak geldiarazi behar izan ziren finantzaketa faltagatik.

 

Geroztik zenbait jarduketa egin dira. 2012an instalazioetarako sarbideak eta kafetegia egokitu ziren, 2016an laugarren fasea egin zen, aldagelei dagokiena, eta 2018an arazte eta mantentze jarduketak egin ziren eta estalkietako itoginak konpondu ziren.

 

José Manuel Menéndez Beriaingo alkateak azaldu duenez, egungo eskakizun eta premien artean bi bereizten dira. Batetik, eraikinean behin betiko zentralizatzea zuzendutako kirol jarduera guztiak eta muskulazio gela, orain azalera txikiagoak hartzen baitituzte beste eraikin batean, eta horrela “langileriaren bikoizketa saihestea”; eta bestetik, multzoaren klimatizazio instalazioak egitea.

 

Hala, egokitzeko geldituko lirateke lehenengo solairuko aldagela txikien eta kirol gelen faseak, balneoterapiako eremuaren fasea eta bulego eremuaren zati bat, baita eremu guztietako klimatizazioa ere. Aurrekontu orokorra 1.551.130,61 eurokoa da.

 

“Ezin diogu aurre egin halako inbertsioari”, gaineratu du alkateak, eta horregatik Parlamentuaren laguntza eta babesa eskatu du faseka zatitutako obra horiei ekin ahal izateko eta horrela arazoari aurre egiteko. “Arazo politikoa da, eraikin hau bideragarritasun azterketarik egin gabe hasi baitzen eraikitzen 2009an. Urtetik urtera okerrera egiten dute obrak egiten jarraitzeko baldintzek, gastuak gorantz doaz eta guretzat zuen laguntza eskatu beste biderik ez dago”.

 

Hitz egiteko txandetan, parlamentariek azalpenak eskertu dituzte eta informazioa bildu dute, beharrezkotzat jotzen dituzten aurrekontu-ekimenak abian jartzeko.