Noiz argitaratua Asteartea, 2024.eko Apirilak 9

Kultura, Kirol eta Turismo Batzordeak Caparrosoko Kristoren eliza bisitatu du

Haren kontserbazio-egoera eta zaharberritzeari begirako balizko konponbide teknikoak ezagutzeko

Kultura, Kirol eta Turismo Batzordeak Caparrosoko Kristoren eliza bisitatu du gaur. Nafarroako ondasun inbentariatu deklaratutako monumentu hori XIV. mendearen lehen erdian eraiki zen eta egun aurri egoeran dago.

 

Batzordekide hauek egon dira bisitan: Javier Trigo, Félix Zapatero (UPN talde parlamentarioa), Ibai Crespo (PSN talde parlamentarioa), Mikel Zabaleta (EH Bildu talde parlamentarioa), Carlos Guzmán (Contigo-Zurekin talde parlamentarioa) eta Emilio Jiménez (Vox foru parlamentarien elkartea).

 

Parlamentuaren ordezkaritzari harrera egin diotenak honako hauek izan dira: Susana Milagro, Vicente Oviedo, Ana Carrera, Susana Ardanaz, Liliana Goldáraz eta Aquilino Jiménez zinegotziak eta Gabinete Tramako Carlos Zuza eta Nicolás Zuazua arkeologoak.

 

Bisita UPN, PSN eta Contigo-Zurekin talde parlamentarioen eta Vox foru parlamentarien elkartearen eskariz egin da, eta xedea izan da “elizaren kontserbazio-egoera eta zaharberritzeari begirako konponbide teknikoak ezagutzea”.

 

Parlamentuaren ordezkaritza egiaztatu ahal izan du herriko eliza zaharraren aurri egoera. Eliza XIV. mendeko eraikin gotiko berezia da. Egun gelditzen diren elementuak dira perimetroko paretak, presbiterioaurreari erantsitako bi kapera, kapera nagusia eta dorrea.

 

Caparrosoko Kristoren monumentuaren lagunen elkartea 2007an sortu zen eta lanean ari da monumentua zaharberritua izan dadin, hura udalerriaren “ikurtzat” eta “Erdi Aroko osagai paregabetzat” jotzen baitu, eliza-gotorleku hori “”Caparrosoko herritar guztiak batzen dituen ezaugarri bat delako”.

 

2014an aldamioak ezarri zituzten eraikineko egitura babesteko eta lan arkeologikoak hasi ziren, zeinek zehaztu baitzuten bertan Erdi Aroko herri bat egon zela. Caparrosoko Udalak, beste entitate batzuekin elkarlanean, 2015etik antolatzen ditu kanpaleku arkeologikoak. Horietan argira atera dira etxeetako egiturak, agian Goi Erdi Aroan Caparrosoko bizigune zaharra izanen zenekoak. Egin diren beste prospekzio batzuetan, halaber, zeramika erromatarrak, arabiarrak eta Erdi Arokoak aurkitu dira.

 

Aztarnategiaren aurkikuntzarekin helburua da “aire zabaleko museo” bat sortzea, Kristoren eliza “gune nagusi” edukita, baina horretarako guztiz beharrezkoa da monumentua “sendotzea”.

 

Instalazioetarako bisita egin ondoren, batzordekideek eskerrak eman dituzte azalpenengatik, eta informazioa bildu dute, kasua izanez gero egoki deritzeten ekimenak abiarazteko.