Noiz argitaratua Ostirala, 2023.eko Abenduak 15

Kultura, Kirol eta Turismo Batzordeak Garañoko gaztelua bisitatu du

Orain arte egindako esku hartzeen bilakaera ikusteko eta etorkizuneko planak ezagutzeko

Kultura, Kirol eta Turismo Batzordeak gaur Garañoko gazteluko hondakinak bisitatu ditu. Hori Iruñerriko zaharrena da, eta Egillor eta Saldise arteko Ollaranaren muino batean dago, 591 metroko altitudean.

 

Batzordeko kide hauek joan dira bisitara: Ibai Crespo, Javier Lecumberri (PSN), Mikel Zabaleta (EH Bildu), Itxaso Soto (Geroa Bai) eta Daniel López (Contigo-Zurekin).

 

Parlamentuaren ordezkaritzari harrera egin diote David Campión Ollaraneko alkateak, Iñaki Sagredo historialariak, Susana Herreros Nafarroako Gobernuko Ondare Historikoaren Zerbitzuko zuzendariak eta Jesús García Gazolaz Kultura Zuzendaritza Nagusiko arkeologoak.

 

Bisita UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai, PPN eta Contigo-Zurekin talde parlamentarioek eskatu zuten eta horren xedea, “orain arte egindako esku hartzeen bilakaera ikustea eta etorkizuneko planak ezagutzea” izan da.

 

Iñaki Sagredok esan bezala, Nafarroako gaztelurik zaharrenetakoa eta Iruñerriko zaharrena da, eta IX. mendean jadanik egon zela egiaztatzen duten datuak ditu. “Fernando Katolikoaren esanbidezko aginduz, 1512an Gaztelak Nafarroa konkistatu zuenean erori zen lehena ere izan zen. Baina bost mendez ahaztuta egon da. 2010eko udan, arkeologo eta boluntario talde batek gure historiaren aparteko honen garrantzia azpimarratu zuen arte".

 

2010eko arkeologia indusketek agerian utzi zituzten haren aztarnak: oinplano zirkularreko omenaldiko dorre bat, hura inguratzen duen esparru bat eta kanpoko beste hesi bat. Gotorlekuak, besteak beste, honako hau zuen: zaindarientzat etxe handi bat, ondoan sotoa, kapera, sukaldea, jauregia eta hiru dorre kanpoko harresian. “Eskuz atera behar dira hondakinak, ezin da makinarik erabili bi arrazoirengatik. Alde batetik, ezin delako igo, bestetik, denbora gehiago behar bada ere, garrantzitsua iruditzen zaigu materiala eskuz ateratzea, ezer hondatu ez dadin”, zehaztu du Sagredok.

 

Hamarkada honetan dorre nagusia kontsolidatu da eta barruan harrizko lurzorua du. Dorrera sartzeko eta tontorrera igotzeko egurrezko eskailerak eta interpretazio panelak jarri zituzten. Dorrea eta barruko etxebizitza baten mehelin harresiak inguratzen dituen esparru zirkularra ere kontsolidatuta dago. Kanpoko setioa, zenbait dorre eta harresi-zati kontsolidatzeke daude.

 

Ildo horretatik, Ollaraneko Udalak arkeologia ikerketarekin jarraitzeko indusketa lan gehiago egin nahi ditu, eta behin ikerketa zientifikoa bukatuta, aztarnategiaren garrantzia azpimarratu nahi du haranaren interesekoa izan dadin.