Noiz argitaratua Asteazkena, 2024.eko Ekainak 19

Kultura, Kirol eta Turismo Batzordeak Jorge Oteiza Fundazio Museoa bisitatu du

Artistak Nafarroako herriari eman zion ondare zabala ezagutzeko asmoz, bai eta Fundazio Museoak  hura kontserbatzeko eta zabaltzeko abian jarri dituen proiektuak ezagutzeko ere

Nafarroako Parlamentuko Kultura, Kirol eta Turismo Batzordeak Jorge Oteiza Fundazio Museoa bisitatu du gaur. Fundazioak Altzuzan du egoitza, eta 2003an inauguratu zen. Espazio monografikoa da, eskultore eta artista gipuzkoar ezagunaren (Orio, 1908-Donostia, 2003) arte- eta dokumentu-bilduma pertsonala hartzen duena.

 

Bertaraturiko batzordekideak izan dira Javier Trigo (UPN talde parlamentarioa), Ibai Crespo (PSN talde parlamentarioa), Mikel Zabaleta (EH Bildu talde parlamentarioa), Itxaso Soto (Geroa Bai talde parlamentarioa), Irene Royo (PPN talde parlamentarioa) eta Daniel López (Contigo-Zurekin talde parlamentarioa).


Parlamentuaren ordezkaritzari honako hauek egin diete harrera: Oteiza Fundazioko lehendakari Jaione Apalategik, Museoko zuzendari Gregorio Díaz Ereñok, zuzendariorde Juan Pablo Huércanosek, kontserbatzaile Elena Martínek, Ikasketa Zentroaren arduradun Borja González Rierak, Finantza eta Giza Baliabideen arduradun Miren Epalzak eta patronatukide Xabier Morrásek.


Bisita PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin talde parlamentarioek eskatuta egin da, eta haren xedea izan da “erakusketa iraunkorra, aldi baterako erakusketa eta Jorge Oteizaren lantegi-etxea ezagutzea, baita biltegiak eta dokumentazio-zentroa ere, eta "Danok Oteiza" proiektuak eta "Jorge Oteizaren Hitzaren Katalogo Arrazoitua" bertatik bertara ezagutzea.

 

Jarraian, batzordekideek ibilbide gidatuari ekin diote museoa osatzen duten espazio ezberdinetan zehar. Bertan, tamaina ertaineko 1.700 eskultura baino gehiago, tamaina txikiko 2.400 pieza, 900 marrazki eta collage eta 44.000 inguru ikus-entzunezko, testu eta prentsako dokumentu daude, guztiak Oteizak berak Nafarroako herriari dohaintzan emanak.

 

Lehenik eta behin, foru parlamentariek erakusketa iraunkorra bisitatu dute, zeina sortu baitzen artistaren sormen-ibilbidearen ikuspegi integral bat emateko. Bertan, 150 eskultura ikusi ahal dira, Klarionen laborategiko 300 piezaz gain. Horien artean, lehen inoiz erakutsi gabeko 35 eskaiolazko lan, horietako asko Arantzazuko Basilikaren proiektuarekin lotura dutenak. Erakusketa-eskaintza osatzeko, egilearen 40 marrazki eta collage aurkeztu dira, bai eta Jorge Oteizaren dokumentu eta eskuizkribuak ere, Oteizaren pentsamendua zuzenean ezagutzeko eta erakusketa-muntaia ulertzeko lagungarriak direnak.

 

Horri dagokionez, Gregorio Díazek "kulturaren eta artearen sozializaziora" Oteizak bideratutako proposamenak azpimarratu ditu. Azaldu duenez, gipuzkoar sortzaile polifazetikoa "XX. mendeko artearen bilakaeran funtsezko eskultore bat baino askoz gehiago izan zen. Oteizaren ibilbide eskultorikoa da, esperimentazio estetikoan, formen desokupazioan eta espazioaren hustuketan oinarritua, gehien ezagutu dena. Baina hemen, hain berezia den eraikin honetan, bere sorkuntza-ibilbide luzearen eta bere planteamendu estetiko, artistiko eta sozialaren herentzia dugu, artea ulertzeko zuen modua gizartea ulertzeko modu bat ere bai baitzen".

 

Batzordeak, halaber, liburutegia eta artxiboa bisitatu ditu, Oteizaren bilduma dokumentala barne hartzen dutenak (milaka eskuizkribu, apunte eta ohar, gutunak, argazkiak, ikus-entzunezko grabazioak eta prentsa-ebakin ugari, ia 6.000 monografia eta milaka liburuxka eta aldizkari, baita kartelak, diskoak eta musika-zintak ere).

 

Gidatutako ibilbideak eskultura-lanaren biltegian jarraitu du, eta bertan Elena Martinek 5.000 museo-funts baino gehiagoren kontserbazioaren berezitasunak azaldu ditu. Halaber, Ikasketa Zentroa ere ezagutu dute. Zentro horren eginkizun nagusia da Jorge Oteizaren lana eta pentsamendua aztertzen laguntzea eta hura hedatzen laguntzea. Bisita amaitzeko, Legebiltzarreko Batzordeak lantegi-etxea ezagutu du. Espazio horrek artistaren nortasun sortzailera hurbiltzeko aukera ematen du, unitate tematikoak, geografikoak eta ikus-entzunezkoak erakutsiz. Unitate horiek artistaren bizi- eta sormen-ibilbidea osatzen laguntzen dute.

 

Jarraian, Fundazioaren eta Museoaren arduradunek abian jarri dituzten proiektu estrategikoetako batzuk azaldu dituzte, hala nola Jorge Oteizaren Hitzaren Katalogo Arrazoitua edo Danok Oteiza.

 

Jorge Oteizaren Hitzaren Katalogo Arrazoituari dagokionez, asmo handiko ikerketa- eta argitalpen-proiektu bat da, Joaquim Dols-en zuzendaritzapekoa. "Publiko orokorrarentzat pentsatua badago ere, balio handiko lanabesa gertatuko zaie artean espezialista diren nahiz Jorge Oteizaren pentsamenduan eta idatzizko obran interesatuta dauden guztiei". Lehenengoek, Gregorio Díaz Ereñoren hitzetan, erreferentzia-corpus sinesgarri eta eskuragarria aurkituko dute lanabes horretan. Bigarrenek, bestetik, lan horri esker modua izanen dute globala eta plurala ez ezik ulergarria ere baden ikusmira bat berenganatzeko, XX. mendeko arte, estetika eta pentsamenduko sortzailerik gailenetako baten pentsamenduari buruzkoa.

 

Apalategik azaldu duenez, Danok Oteiza-ren sorrerak Jorge Oteiza Fundazio Museoa eratzeko estatutuetan jasotako eskaerari erantzuten dio. Bertan aipatzen da elkarte bat eratu behar dela, "fundatzailearen lana ezagutu eta zabaltzeko interesa izan dezaketen pertsona guztien lankidetza bideratuko duena, bai eta fundazioaren helburuak garatzen lagunduko duten jarduera guztiak babestu eta sustatzeko ere". Hala, Danok Oteiza. Fundazioko Lagunak /Amigos de la Fundación Jorge Oteizaren eta bere legatu sortzaile eta kulturalaren inguruko lagunen erkidego gisa eratu da, eta Fundazio Museoak gauzatutako jarduera eta ekintzak osatzera datorren erakunde bizi gisa artikulatzen da.

 

Elkartearen helburua da artistaren ideia sortzaile, estetiko eta kulturalekin bat egin eta identifikatu nahi duten pertsona edo entitateentzat erreferentzia izatea, bizitza eta kultura egungo gizartean elkarrekin proiektatzen dituen dinamika partekatu batean parte hartu eta elkarreragin dezaten.

 

 Horrekin lotuta, Oteizaren beraren kontzepzioari erantzun nahi zaio, zeinaren arabera artea eta sorkuntza eraldaketa sozial eta kolektiborako tresna indartsua baitira, eta espiritu kritikoa sustatzen eta iruditeria partekatua sortzen laguntzen baitute.

 

Finantzaketari dagokionez, Oteiza Fundazioak 990.000,00 euroko aurrekontua du 2024an funtzionamendu- eta jarduera-gastuetarako. Jaione Apalategik azaldu duenez, talde teknikoa oso mugatua da Fundazioak egin nahi duen lan guztia egiteko, eta programak bere osotasunean garatu ahal izateko "finantzaketa handiagoa" behar dela aipatu du.

 

Bilera amaiturik, UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai, PPN eta Contigo-Zurekin talde parlamentarioen eledunek zoriondu egin dituzte Museoaren eta Fundazioaren kudeatzaileak, beren planteamenduagatik eta horren edukiaren nahiz plan eta ekimen ezberdinen interesagatik.

 

Oteiza Museoa, zeinak hormigoi gorrixkazko kubo itzel batean integratzen baitu hogei urtez euskal artista horren etxebizitza izan zena, Francisco Javier Sáenz de Oiza arkitektoaren obra da.