Kultura, Kirol eta Turismo Batzordeak Obanosko Misterioa Fundazioa bisitatu du
Bisitaren xedea izan da fundazioaren sustatzaileen eskutik ezagutzea Obanosko herri osoaren parte-hartzearekin egiten den Donejakue Bideko kondairaren antzezpena 16 urteko geldialdiaren ondotik berreskuratzeko proiektua
Kultura, Kirol eta Turismo Batzordeko kideak bisitan joan dira, UPNk, PSNk, EH Bilduk eta Geroa Baik eskatuta, Obanosko Misterioa Fundazioaren egoitzara, Donejakue Bideko mugarri den Obanosko herrira.
Honako foru parlamentari hauek joan dira: Javier Trigo eta Félix Zapatero (UPN), Ibai Crespo (PSN), Sebe Txoperena (EH Bildu) eta Blanca Regúlez (Geroa Bai).
Honako hauek egin diote harrera Parlamentuko ordezkaritzari: Arantxa Hernández, Obanosko alkate eta Fundazioaren jarduneko lehendakaria –Juan Manuel Rubio lehendakaria bat-batean hil ondoren–, Julio Ayerra, idazkaria, Jesús María Puy, Kulturako zinegotzia, eta Fran Rodríguez, Ermitaños de Arnotegui ermandadeko ordezkaria.
Bisitaren xedea, Fundazioko idazkari Julio Ayerrak adierazi duenez, izan da “ezagutaraztea Fundazioa eta Obanosko Udala Misterioaren antzezpenari bultzada berria emateko egiten ari diren lana, Donejakue Bidearen esparruan kulturaren eta turismoaren arloan duen garrantzia aitor dadin".
Antzezpena berriro abian jartzeak dakarren lanaz jakitun, Fundazioko idazkariak azpimarratu du “urte hauek guztiak daramatzatela lanean, proiektua birpentsatu eta errealitate sozial eta kultural berrira egokitzeko”. Hori dela eta, lau ekintza-ildotan dihardute: Obanosko Misterioaren moldaketa, testu, musika eta dramaturgia berriarekin; Donejakue Bidearen kultura- eta hezkuntza-dibulgaziorako jarduerak; Fundazioaren ondare dokumental, historiko eta materiala balioan jartzea; eta, azkenik, jarduketa horiek guztiak teknologia berrien bidez ezagutaraztea (webgunea, sare sozialak).
Esku-hartze horien guztien laguntzaz, helburu nagusia da, zalantzarik gabe, antzezlana 2024ko udan berreskuratzeko prestalanak egitea, orduan herria agertoki bihurtuko baita berriro, eta herritarrak, ohiz kanpoko figurante. Julio Ayerrak dioenez, jadanik amaitu da lehen exekuzio-fasea. “Fase honetan formatu txiki edo ertaineko antzezlan bat egiteko gidoia berridazteari eta lehengo lanaren testuaren azken berrikusketa egiteari ekin diogu, jatorrizko egitura tradizionalean oinarrituta, baina gaurkotuta, garai eta publiko berrietara egokitze aldera. Gauza bera esan daiteke jatorrizko musikari buruz, antzezlanaren osagarria baita, bai eta ekoizpen orokorrari, argiztapenari eta soinuari buruz”.
Obanosko alkate Arantxa Hernándezek udalaren eta herritarren inplikazioa nabarmendu du, bai eta proiektuak dakarren konpromiso ekonomikoa ere; hori dela-eta, Nafarroako Parlamentuari eta Gobernuari ere zuzendu zaie. Bi erakunde horiei partida bat eskatzen die, helburua gauzatzeko aurrekontua –400.000 euro ingurukoa– osatzeko lagungarria izanen dena. Finantzaketa publikoaren zain dauden bitartean, entitate pribatuen ekarpenak eta zenbait dohaintza izatea ere aurreikusten dute, bai eta bestelako diru-iturriak ere. Kontua da, alkatearen hitzetan, “denbora aurrera doala, urtarrilean gaudela eta oraindik ez dugula babes ekonomikorik. Aurrerantzean egin beharrekoa da aktore nagusien eta ehunka figuranteren hautaketa, entseguak, antzezlanaren beraren muntaia eta 2024ko uztailean eta abuztuan egin nahi diren ekitaldi paralelo guztien antolaketa”.
Horren haritik, Misterio de Obanos Fundazioak eginkizun nabarmena dauka Donejakue Bidearen dibulgatzaile gisa, bai eta Erdi Aroko eta Errenazimenduko Musikaren Abesbatza Lehiaketa –jadanik bosgarren edizioan dagoena– bezalako kultur ekitaldien sustatzaile gisa ere.
Parlamentariek Fundazioa bisitatu dute, eta ikusi ahal izan dituzte bertan kontu handiz gordeta dituzten milatik gora jantzi, osagarri eta tresna, lana antzezten duten 400dik gora aktore eta figuranteek berriro noiz erabiliko zain daudenak. Era berean, ibilaldi labur baten ondotik, herriko plaza eta San Joan Bataiatzailearen eliza miretsi ahal izan dituzte, hori baita antzezlana gauzatzen den agertokia.
Obanosko Misterioa Fundazioa 1993ko martxoaren 29an eratu zen, Nafarroako Foru Komunitateko hainbat erakunde publiko eta pribaturen ekimenez, antzezpen herrikoi hori berreskuratzea eta sustatzea bultzatzeko asmoz. Haren zuzendaritza-organoan honako hauek daude ordezkatuta: Nafarroako Gobernua, Obanosko Udala, Ermitaños de Arnotegui Ermandadea, Iruñeko Artzapezpikutza, Obanosko San Joan Bataiatzailearen Parrokia eta Lizarrako eta Iruñeko Donejakue Bidearen Lagunen Elkarteak, bai eta Foru Komunitateko kultura- eta arte-arloko bi pertsona nabarmen ere.
Antzerki muntaia inspiratzen duen kondairatik abiatuta Obanosko Misterioa edo San Guillén eta Santa Feliziaren Misterioa izeneko berregite historikoko ikuskizuna sortu zen 1965ean, Santos Beguiristáin apaizak idatzia.
Antzezlan hau arrakastaz taularatu zen urtero, 1977ra arte.
Zenbait urteko etenaldiaren ondotik, 1993an sortu berri zen Obanosko Misterioa Fundazioak, Ermitaños de Arnotegui Ermandadearekin batera, lan honen antzezpena antolatu zuen Nafarroako Jaialdien esparruan, zeina 1999an errepikatu baitzen. Horrek ekarri zuen ikuskizunaren finkatzea, Obanosko herritar guztien ahalegin, laguntza eta lanari esker, horiek baitira kultur ekitaldi horren ardatz. Antzezpena 2008ra arte egin zen. 2001ean interes turistiko nazionaleko festa deklaratu zen.
Bisita amaiturik, Kultura batzordeak informazioa bildu du, egoki jotzen dituen ekintzak gauzatze aldera.