Noiz argitaratua Asteazkena, 2024.eko Martxoak 20

Kultura, Kirol eta Turismo Batzordeak Uharteko Izotz Jauregia bisitatu du

Nafarroak duen izotz-pista iraunkor bakarraren etorkizunarentzat irtenbide bat bilatzeko asmoz

Kultura, Kirol eta Turismo Batzordeak Uharteko izotz-pista bisitatu du gaur goizean. Kirol-instalazio hori 2005ean eraiki zen, eta 2014tik Uharteko Udalak kudeatzen du, lehenik Areacea sozietate publikoaren bidez, eta hura 2020ko urtarrilean desegin zenetik, Udalaren Kirol Zerbitzuaren bidez, gaur egun Sedena kirol-kudeaketako enpresaren laguntzarekin.

 

Bertaraturiko batzordekideak izan dira Javier Trigo eta Félix Zapatero (UPN talde parlamentarioa), Ibai Crespo (PSN talde parlamentarioa), Mikel Zabaleta (EH Bildu talde parlamentarioa), Itxaso Soto (Geroa Bai talde parlamentarioa), Maribel García Malo (PPN talde parlamentarioa), Daniel López (Contigo-Zurekin talde parlamentarioa) eta Maite Nosti (Vox foru parlamentarien elkartea).

 

Parlamentuaren ordezkaritzari harrera egin diote honako hauek: Uharteko alkate Alfredo Arruizek; Uharteko zinegotzi Edorta Beltzunegi, Santi Argibide, Idoia De Carlos, Julen Sesma eta Patricia de Pedrok; Udalaren zerbitzu anitzetako buru Txemari Zurbanok; izotz-pistaren mantentze-lanetako arduradun Iñigo Aristregik; Sedenako arduradun Jorge Calvok; Neguko Kirolen Espainiako Federazioko kide Alberto Serrano eta Pedro Lópezek; eta Uharte Izotz Taldeko kide Unai San Miguel, Sergio Martínez, Patricia Ardanaz eta Elías Arraizak.

 

Parlamentuaren ordezkaritzak Uharteko izotz-pista ezagutzeko aukera izan du, Nafarroan dagoen izotz-pista iraunkor bakarra, zeinetan saio libreetan 18.000 bisitari baino gehiago baitaude denboraldi bakoitzeko (irailetik maiatzera). Horrez gain, “erabat ekipaturik dagoenez eta neurri ofizialak dituenez", 400 kirolarik nazio-mailako hainbat txapelketa egiten dituzte, hala hockeykoak nola patinaje artistikokoak; era berean, 4.788 ikasle baino gehiagok parte hartzen dute eskola-kanpainan eta eskola-jardueretan.

 

Alfredo Arruizek azaldu duenez, Uharteko udalak, instalazio horren eraikuntza-gastuak bere gain hartzeaz gain, 2014an berrireki zenetik “ahalegin itzela egin du instalazio hori mantentzeko eta oso ongi kudeatzeko, gaur egun duen erabilera-maila eta kirol-errendimendua lortze aldera. Hala ere, 2022-23ko denboraldian izotz-pistan jardueraren bat egin duten 23.260 pertsonetatik, 1.042 lagun baino ez daude Uharten erroldatuta, guztizkoaren % 4,48. Kopuru horrek ez du justifikatzen instalazio horrek Udalari eragiten dion defizit ikaragarria”.

 

Izan ere, instalazio horrek 350.000 €-ko defizita eragiten du Udalaren diruzaintzan, nahiz eta urtez urte gorabeherak dauden, elektrizitatearen prezioaren igoeren eta jaitsieren eta parte-hartzeari lotutako diru-sarreren arabera. Izotz-pista, albo-eraginez, “Uharteren kirol-garapena geldiarazten ari da; izan ere, ezin du hobekuntzarik egin egonkortuago dauden diziplinetan, eta, jakina, joera berrien garapena eta kirol-instalazioen mantentze-lanak oztopatzen ditu”, Kiroleko zinegotzi Edorta Beltzunegik azaldu duenez.

 

Dena den, hockey eta patinaje artistikoa modalitateak etengabe hazten ari direnez, Udala behartuta dago eguneroko eskariarekin eta araudiarekin bat datozen aldagela batzuk eraikitzera, gaur egun ezin baita bertan nazioko eta nazioarteko txapelketarik egin, ez delako araudia betetzen. “Uharteko Udalak ezin dio aurre egin eraikin horren gastu ekonomikoari, baina beste erakunde batzuk aintzat hartuz, eta batez ere etorkizunean ekitaldi esanguratsuak ekartzearen egitasmoarekin, Nafarroatik kanpoko pertsona gehiago etorriko lirateke, eta horrek Uharteko ekonomian bere eragina izanen luke, baita oro har Nafarroakoan ere”, gehitu du alkateak.

 

Era berean, azpimarratu duenez, kirol-instalazio horrek “batez ere izotzari dagokionez Nafarroak dituen kirol- eta aisia-beharrei erantzuten die, Foru Komunitateko halako instalazio bakarra den heinean, Uharteko Udala dela gastu handi hori bere gain hartzen duena”.

 

Ildo horretan, uste dute Nafarroako Gobernuaren laguntza ezinbestekoa eta funtsezkoa dela instalazio horri jarraipena emateko. Hori horrela, elkarrekin lankidetzan aritzearen aldeko jarrera agertzen dute. “Departamentuaren interesei gehien egokituko zaien irtenbidea azter dezakegu: Udalari defizitaren zati bat ordaintzea; Uharteko Arte Garaikidearen Zentroarekin egindako hitzarmenaren antzeko bat; eraikin osoa eta haren mantentze-lanak globalki lagatzea nahiz mantentze-lanak Uharteko Udalaren esku uztea; administrazio-emakida; edo baloratzeko aurkezten den beste edozein irtenbide, hala Departamentuari nola Uharteko Udalari komeni bazaie” esan du, amaitzeko.

 

Ondoren, Parlamentuaren ordezkaritzak instalazioetan barrena bisita gidatua egin du, eta batzordekideek eskerrak eman dituzte azalpenengatik, eta informazioa bildu dute, kasua izanez gero egoki deritzeten ekimenak abiarazteko.