Noiz argitaratua Asteazkena, 2024.eko Irailak 11

Kultura, Kirol eta Turismo Batzordearen aburuz, Nafarroako Gobernuak bai bete du kirolean egoera sexistei aurre egiteko laguntza-zerbitzua sortzera premiatzen zuen ebazpena

Erregelamendu berria onetsi zenez geroztik, Nafarroako Parlamentuak hirugarrenez aztertu du ea Gobernuak ebazpen bat bete ote duen eta hori dela-eta zer erantzukizun dagokion

Kultura, Kirol eta Turismo Batzordeak gaur ebatzi du –PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik, PPNk, Contigo-Zurekinek alde bozkatu dute, eta UPNk eta Voxek, berriz, aurka– Nafarroako Gobernuak bai bete duela kirolgintzan sexu-abusu eta -jazarpenetik eta sexuagatiko jazarpenetik babeste aldera Nafarroako Kirolaren Institutuaren barrenean arreta zerbitzu anonimo eta doako bat eratzera premiatzen zuen ebazpena.

 

Kultura, Kirol eta Turismo Batzordearen erabakia heldu da, hain zuzen ere, Erregelamendu berriaren 222. artikuluak mozioak bete ote diren kontrolatzeko prozedura arautzen duelako, halako moduan non, epe zehatzik ezarri ezean, lau hilabeteko epea ematen baitzaio Nafarroako Gobernuari agindu zaiona bete ote duen azal dezan.

 

Kultura, Kirol eta Turismo Batzordeak martxoaren 15ean igorri zuen ebazpenaren betetze-mailari buruzko informazioa, eta Mahiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, jasotzat eman zuen informazio hori hilaren 25ean.

 

222. artikuluan ezarritako azterketa- eta egiaztapen-mekanismoak baliatuta, UPNren kultura, kirol eta turismo arloko eledunak ekainaren 3an eskatu zuen –mozioaren alde bozkatu zuen beste edozein taldek egiten ahal zuen eskaria– arlo horren gaineko eskumena duen batzordeak azter zezala ea Osoko Bilkurak onetsitako ebazpena bete ote duen Nafarroako Gobernuak.

 

Aurreko legegintzaldiaren amaiera aldean Erregelamendu berria onetsi zenez geroztik, Nafarroako Parlamentuak lehenbizikoz aztertu du ea Gobernuak ebazpen bat bete ote duen eta hori dela-eta zer erantzukizun dagokion .

 

Bilkuran honako foru-parlamentari hauek parte hartu dute: Ainhoa Unzu batzordeburua (PSN), Javier Trigo, Ana Elizalde, Pedro González, Yolanda Ibáñez (UPN), Ibai Crespo, Carlos Mena, (PSN), Oihan Mendo, Mikel Zabaleta (EH Bildu), Itxaso Soto, Blanca Regúlez (Geroa Bai), Irene Royo (PPN), Daniel López (Contigo-Zurekin) eta Maite Nosti (Vox).

 

www.nafarroakoparlamentua.eus

• Mozioa (33. NPAO, 2023-11-13koa)

• Erabakia (39. NPAO, 2023-11-27koa)

• Trigo Oubiña jaunak eskatua (UPN talde parlamentarioa)