Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Azaroak 28

Kulturartean oinarrituta arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako plan bat taxutu dezan Nafarroako Gobernua premiatzen duen ebazpena onetsi da

Arrazakeriaren aurkako kulturarteko bizikidetasuna sustatzeko oinarriak definitzeko deia egiten du, ongizate ereduak iraun dezan

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “kulturarteko bizikidetasunerako plan bat taxutu dezan albait lasterren, erkidego-ikuspuntu batetik, zeinaren arabera auzo eta herri bakoitzean bizilagun guztiekin eginen baita lanketa”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Nafarroako Gobernua premiatzen du “arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako plan bat taxutu dezan, zeinean sartuko baita gisa horretako delituen biktimentzako informazio- eta salaketa-bulegoa”.

 

Bestalde, Nafarroako Gobernua premiatzen da “batzorde bat sor dezan, Nafarroako Gobernuaren beste departamentu eta arlo batzuek osatua (eskubide sozialak, hezkuntza, osasuna, NBI...), migrazio-politiken arlo guztietako jarduketak koordinatu, berrikusi eta hobetuko dituena”.

 

Era berean, Foru Exekutiboari eskatzen zaio “gainerako Administrazio Publikoekin eta gure Komunitateko eragile sozial eta zibilekin koordinatutako eta planifikatutako migrazio politika bat martxan jar dezan, Nafarroako biztanleriaren sektore garrantzitsu honen gizarteratzea ahalbidetzeko helburuarekin”. Epigrafe hau Navarra Sumaren eskariz gehitu da.

 

Zioen azalpenean, Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak arrazakeriaren aurkako kulturarteko bizikidetasuna sustatzeko oinarriak definitzeko deia egiten du, migrazio-fenomenoaren errealitateaz jabetuta, ongizate ereduaren mantentzerako ezinbestekoa baita migranteak gizarteratzea.

 

Europar Batasuneko bizi itxaropen maila altuenetako lurraldea den Foru Komunitateari dagokionez, oroitarazten da “Nafarroako biztanleriaren bostenak 65 urtetik gora dituela”, eta egungo ongizate ereduak aurrera jarrai dezan migrazio fluxuen beharra aipatzen da belaunaldien erreleboak ziurtatzeko.