Lagun egiteko animaliak babesteari buruzko Foru Lege Proposamena aintzat hartzea onetsi da
Edukitza arduratsua sustatu nahi da zabalkundeko eta prestakuntzako ekintzen bidez, joera sozial berriekin eta ezagutza zientifiko eta albaitaritzakoekin bat etorriz
Nafarroako Parlamentuak, gaur egindako osoko bilkuran onetsi du Nafarroan lagun egiteko animaliak babesteari buruzko Foru Lege proposamena aintzat hartzea, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai, PSN eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN eta PPNren aurkako botoekin. Lege hori Komunitatearen lurralde-eremuan dauden animaliei (eta haien jabe eta edukitzaileei) aplikatuko zaie, erregistratuta non dauden begiratu gabe.
Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta Izquierda-Ezkerra taldeek bultzatutako lege proposamenaren xedea da 7/1994 Foru Legea gaurkotzea, horrela, animaliekiko errespetu, zaintza-eta erruki-jarrera berriekin bat eginez, berariazko lege-esparru bat ezartzeko, ezagutza zientifikoen eta albaitaritzakoen arabera edukitza arduratsua sustatzen lagunduko duena, prestakuntza- eta zabalkunde-ekintzak oinarri.
Hala, Estatuko edo Europar Batasuneko berariazko lege-esparrurik ezean, lagun egiteko animaliak arautzeari ekiten zaio, herritarren parte-hartzearen ikuspegitik ahalik eta ongien galarazteko eta mugatzeko abandonua edo tratu txarrak bezalako praktiken eragina, horrelakoek jokabide arduratsutzat hartzen denaren printzipioak urratzen baitituzte.
Testuinguru horretan, arduragabekeriaren edo jokaera ezegokien ondoriozko kalteei buelta emateko, baita lanerako (erreskatea, gidatzea, laguntza, ehiza, abeltzaintza, polizia) erabiltzen diren animaliei dagokienez ere, zabalkundeko eta prestakuntzako jarduerak antolatzen dira, arau-hausteak egokitzen dira eta zehapenak gogortzen.
Xede horrekin, Lagun Egiteko Animalien Nafarroako Erregistroa ezartzen da, jarraipen eta kontrol organo bat, txakurrak, katuak eta hudoak identifikatuko dituen kode bakarra (mikrotxip homologatua) baliozkotzeko eginkizuna izanen duena (udalek beste bide batzuetatik egin ahalko dute). Gainerako animaliek ez dute koderik izanen eta identifikazioa espezie bakoitzaren araberakoa izanen da.
Lege proposamenean jaso dira nahitaezko osasun printzipioak eta arrazoi justifikatuengatik animaliak hiltzeko eta eutanasia aplikatzeko baldintzak. Lagun egiteko animalien zentroek bete beharreko gutxieneko baldintzak ere arautzen dira, zentroen sailkapenaren arabera (harrerakoak, trebakuntzakoak eta albaitaritzakoak).
Animalien Babeserako Aholku Komitea sortzeko oinarriak ere jaso dira. Kontsultarako eta aholkularitzarako erakunde horrek, animalien babeserako eta defentsarako elkarteekin batera, lagun egiteko animalien edukitza arduratsuaren printzipioen berri zabalduko du.
-
Foru lege proposamena (9. NPAO, 2019-01-25ekoa)