Noiz argitaratua Osteguna, 2025.eko Maiatzak 22

Lan-ikuskatzailetzaren arloko eskumenen eskualdatzea eska zezan Nafarroako Gobernua premiatzen zuen mozioa baztertu da

Babes nahikorik gabe, EH Bilduk defendatzen du beharrezkoa dela eskuduntzak Nafarroan kokatzea, enplegu-politika publiko integral eta eraginkorra garatu ahal izateko

Parlamentuaren osoko bilkurak mozio bat baztertu du gaur UPNren, PSNren, PPNren, Talde Mistoaren eta atxiki gabeko parlamentariaren aurkako botoekin eta EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeen aldeko botoekin. Asmoa zen Nafarroako Gobernua premiatzea “lan-ikuskatzailetzaren arloko eskumenak eskualdatzea eska diezaion Espainiako estatuko Gobernuari, lan-istripuen kopurua murrizteko lan egiteko”.

 

Baztertutako mozioak bigarren atalean Foru Exekutiboari eskatzen zion “Estatuko Gobernua premia dezan enplegu-politika pasiboak eskualda ditzan eta enplegu-politika propioa eta enplegu-politikako zerbitzua kongruentzia eta koherentzia handiagoz ematea ahalbidetu dezan, Nafarroako gizartearen arazo eta erronkei modu egokian erantzute aldera. Nafarroako Foru Komunitateak jada betetzen ditu lan-bitartekaritzari eta enplegu-politika “aktiboak” kudeaketari dagozkien eginkizunak, eta enplegu-politika pasiboen eskualdatzeak Nafarroako lan merkatuari konponbideak ematea erraztuko luke”. Atal honen eta hurrengo bien alde EH Bildu eta Geroa Bai taldeek soilik bozkatu dute eta gainerako guztiek, berriz, aurkako botoa eman dute.

 

Hirugarren atalean Nafarroako Gobernuari eskatzen zitzaion “lehenbailehen egin ditzan enplegu-politika pasiboen eskualdatzea gauzatu ahal izateko beharrezkoak diren jarduketak, eta sei hilabeteko epean eginiko zuzemenei eta transferentzia eskuratzeko aurreikusitako epeei buruzko informazioa aurkez diezaion Parlamentuari”.

 

Azkenik, Gobernua premiatzen zen “lan harremanen eta gizarte babesaren esparru propio baten alde urratsak egiteko beharra adieraz dezan, bizi baldintza hobeak eta garapen ekonomiko justu eta jasangarria ahalbidetuko duten langileen prestakuntza eta babesa areagotzeko xedez”.

 

Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentarioak sustatutako mozioak argudiatzen du lan-ikuskaritzaren eskumenak eta enplegu-politika pasiboen eskumenak eskualdatzean lan merkatua Nafarroako Foru Komunitateko ezaugarri sozioekonomikoetara egokitzea ahalbidetuko lukeela, bai eta Euskadin eta Katalunian bezala enplegu-politika publiko propioa, integrala eta eraginkorra garatzea ere.

 

Proposamena egin duenaren ustez, "aldaketa disruptiboen" egungo agertokian, "digitalizazioaren zabalpenak, klima-aldaketara moldatzeko eskakizun berriek zein potentzia handiek mundu-merkataritzan gauzatutako aldaketei erantzuteko eskakizun berriek eragindako bidegurutze" baten erdian, lehentasunezkoa da lan-merkatua Foru Komunitatearen errealitatera egokitzea, baita langileak ezbeharren aurrean babesteari dagokionez ere. Helburu horri lagunduko lioke, besteak beste, Lan Ikuskaritzaren eskumenak eta enplegu-politika pasiboak eskualdatzeak.