Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Batzordea bisitan joan da INTIAk Sabaitzan (Ezporogi) duen finka esperimentalera
Nafarroako ganadu autoktonoa hazteko erreferentziazko zentroetako bat da, eta xede nagusitzat du “Nafarroako Zaldikoa” zaldi-aziendako arrazako talde baten araztasuna kontserbatzea
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Batzordea bisitan joan da gaur goizean INTIAk Sabaitzan duen finkara. Ezporogiko udal-mugartean dago eta batez ere xede du “Nafarroako Zaldikoa” zaldi-aziendako arraza autoktonoa kontserbatzea. Gaur egun, zaldi-arraza horretako 200 zaldi baino gehiago daude bertan, piriniotar arrazako behi-aziendako 50 aratxe inguru eta Latxa Aurpegi Beltza eta Nafarroa ardi-arrazako aukerako 20-25 bildots inguru.
Batzordeko kide hauek izan dira bertan: Félix Zapatero (UPN talde parlamentarioa), Carlos Mena (PSN talde parlamentarioa), Xebe Txoperena (EH Bildu talde parlamentarioa), Itxaso Soto (Geroa Bai talde parlamentarioa), Miguel Garrido (Contigo Navarra-Zurekin Nafarroa talde parlamentarioa) eta Emilio Jiménez (Vox foru parlamentarien elkartea).
Parlamentuaren ordezkaritzari harrera egin diote esperimentazioko eta finketako kudeatzaile Damiana Maizek, esperimentazioko teknikari Paola Eguinoak, finkako arduradun Martín Villanuevak eta INTIAko teknikari Severino Rubiok.
PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin talde parlamentarioek eskatutako bisitaren helburua zen “zuzen-zuzenean ezagutzea INTIAren instalazioak, bai eta egiten ari diren proiektuak nahiz datozen hilabeteetan garatuko dituztenak ere”. Hartara, Batzordeak martxoan bisitatu zituen Atarrabiako instalazioak eta Cadreitako finka, eta hurrengo hilabeteetan ezagutuko ditu nekazaritza- eta abeltzaintza-esperimentazioko gainerako finkak.
Parlamentuaren ordezkariek Martín Villanuevaren eskutik ezagutu dute Sabaitzako (Ezporogi - Nafarroa) finka, zeina Nafarroako Oihan Ondarearen eta INTIA (Landa Garapeneko eta Ingurumeneko departamentuari atxikia) sozietate publikoaren barruan baitago. Gaur egun, Nafarroako ganadu autoktonoa hazteko erreferentziazko zentroetako bat da, eta finka horrek xede nagusitzat du “Nafarroako Zaldikoa” zaldi-aziendako arrazako talde baten araztasuna kontserbatzea. Arraza hori gure inguruko baldintzetara bereziki egokituta dago, eta babestu beharrekoa da Abere-arraza autoktono mehatxatutzat katalogatuta baitago.
“Nafarroako Zaldikoa” zaldi-arraza autoktonoa Nafarroako Foru Komunitatearen zati batean dago, eta Villanuevak azaldu duenez, “prestigio handia izan du ondoko eremu mugakideetan, hasiera batean lanerako animalia gisa”. Gaur egun, guztira 2.153 animalia inskribatuta daude “Nafarroako Zaldikoa” arrazaren genealogia-liburuaren erregistroetan.
Urteotan, Sabaitzako finkan handitu egin da “Nafarroako Zaldikoa” arrazako behorren kopurua eta horien kalitatea; hain zuzen, egun 200 behor aratz baino gehiago daude. Talde handiagoa eta kalitate hobekoa izateak, arraza babesteaz gain, horren genetika hedatzea ahalbidetzen du, baita “Nafarroako Zaldikoa” Zaldi Arrazako Hazleen Elkarteko (JACANA) abeltzainei –gaur egun 64 lagun inskribatuta daude elkartean– hazitarako zaldikoak saltzeko ere.
Arraza mantentzeaz gain, Villanuevak gehitzen duenez, artzaintza estentsiboko erregimeneko maneiua finka horretako beste zutabeetako bat da, eta horri gehitu behar zaio piriniotar arrazako berrogeita hamar aratxe berriz haztea ASPINA elkartearentzat.
Azkenik, Latxa Aurpegi Beltza eta Nafarroa arrazako aukerako hogei bildotsen berrogeialdiak egiten dira finka horretan, INTIAK Oskotzen duen hazi-sartze artifizialeko zentroan sartu baino lehen. ASLANA eta ARANA ardi-elkarteek hautatzen dituzte ezarritako arraza-estandarra betetzen duten ardi intseminatu onenen kumeak artaldeetan.
Sabaitzako finkak 3.300 hektarea baino gehiagoko hedadura du, eta altitudea 500 eta 1.050 metro artekoa da; klima mediterraneo kontinentaletik atlantiko hezeraino doa, eta landaredi nagusia landaketa-pinua da.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Batzordeko kideak apirilaren 23an bisitan joanen dira labore ekologikoetan ziurtaturiko Sartagudako finka esperimentalera, non teknikak eta erabilerak testatzen baitira labore desberdinetan.