Noiz argitaratua Osteguna, 2014.eko Martxoak 13

Landaguneetako biztanleen prestazioak eta eskubideak arautzen dituen foru legea aintzat hartzea bazter utzi dute

Eskualde guztietako 170 udalek bultzatu dute eta xedea landaguneetako beharretara egokitutako minimo batzuk ezartzea zen

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk eta PPNk haren aurka emandako botoekin, SNren abstentzioarekin eta Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde emandako botoekin, foru lege proposamen bat aintzat hartzea bazter utzi du gaur, zeinaren bidez Nafarroako landaguneetako biztanleek kalitatezko osasun-laguntza edukitzeko prestazioak eta eskubideak arautzen diren.


Proposamena 170 udalek bultzatu dute (osotasunaren % 62,5a) Udal Legegintza Ekimenaren (ULE) baitan eta Erronkariko Udaleko zinegotzi den Amparo Viñualesek defendatu du parlamentuan. Xedea osasun arloan Nafarroako landaguneetako beharretara egokitutako minimo batzuk legez ezartzea zen.


Eskualdeko profesionalen prestakuntza eta egonkortasuna ziurtatuko duten neurriak eskatzeaz gain, foru lege proposamenak, besteak beste, eskatzen zuen osasun-urgentziak onartutako estandar zientifikoen arabera (ez dadila igaro ordubete baino gehiago kasu larri baten abisua jasotzen denetik gaixoa ospitalera iristen den arte) ematea eta ez biztanleria parametroen arabera.


Gainera, mendialdeetan zoladurara egokitutako ibilgailuak eta dauden anbulantzia zerbitzuak mantentzea eskatzen zen, bai eta osasun zentroetarako eta ospitaletarako sarbidea hobetzea ere.


Horrez gain, espezialistekin ordua hartzeko berariazko ibilbideak sortzea eskatzen zen (hainbat egun batean Iruñerako bidaia aprobetxatzeko), baita hiribururanzko osasun-garraio sareak sortzea ere.


Foru Legeak xedatzen duenaren arabera, Udal Legegintza Ekimen bat izapidetzeko kasuan kasuko merindadeko udalerrien herena ordezkatzen dituzten udalen babesa eta bertako zuzenbidezko biztanleen %50aren babesa behar dira. Kasu honetan baldintza horiek soberan gainditu dira.


Udal korporazioek hautatutako ordezkari batek Udal Legegintza Ekimen bat Osoko Bilkuren aretoan defendatzen duen lehenengo aldia da. Aukera hori udalen legegintza ekimenak arautzeari buruzko 4/1985 Legea aldatzeak ekarri du, 2012ko ekainaren 28an Parlamentuak onetsi zuenak.


Modu berean, 2013ko martxoaren 14an parlamentutik kanpoko pertsona batek lehenengo aldiz Osoko Bilkuran Herri Legegintza Ekimen bat aintzat hartzea defendatzeko aukera izan zuen, kasu horretan Nafarroan abortua edo haurdunaldia borondatez etetea praktikatzen duten klinikak ez egoteko. Bazter utzi zen.


www.parlamentodenavarra.es
• Foru Lege proposamenaren argitalpena (NPAO, 25. zk., 2014-02-11koa)