Larrialdietako hezkuntzari eta Hezkuntzaren aldeko Mundu Kanpainaren lorpenei buruzko mahai-inguru bat egin da Parlamentuan
Sánchez de Muniáinek azpimarratu du legebiltzarrak konpromisoa duela zerbitzu publikoak garatu eta sendotzearekiko, eta, zehazki, kalitatezko hezkuntza ematearekiko
Hezkuntzaren aldeko Mundu Kanpainaren harira, mahai-inguru bat egin da gaur Nafarroako Parlamentuan, larrialdietarako hezkuntzari eta Hezkuntzaren aldeko Mundu Kanpainaren lorpenei buruzkoa; Madre Coraje elkarteak antolatu du.
Nafarroako Parlamentuko bigarren lehendakariorde Juan Luis Sánchez de Muniáin arduratu da jardunaldia aurkezteaz eta testuinguruan jartzeaz. Esan duenaren arabera, jardunaldiarekin jarraipena ematen zaio Parlamentuak “zerbitzu publikoak sendotzearekin eta garatzearekin” duen konpromisoari. “Epe luzeko apustua da, hezkuntza-sistemako eragileekin partekatua, horiek baitira lortzen diren hobekuntzak ikastetxeetara eramateko arduradun”.
Horri buruz, Sánchez de Muniáinek hau esan du: “hezkuntza ona funtsezkoa da oraingo eta etorkizuneko Nafarroa eraikitzeko. Profesionalen lana erraztea dagokigu erakundeoi, eta, horretarako, inbertsioak egin behar dira, hezitzaileek duten onena eman diezaieten gure haurrei eta gazteei. Madre Coraje elkartearen ekimena eskertu besterik ezin dut egin, abagunea sortzeagatik foro honetan hezkuntzari buruz gogoeta egiteko, oro har, eta larrialdietako hezkuntzari buruz zehazki. Mila esker”.
Jarraian eztabaida egin da, Laura Tella kazetariak dinamizatuta eta bi mahai-ingurutan banatuta. Honako hauek izan dira lehenak hitza hartzen: Mariluz Aparicio, Hezkuntzaren aldeko Mundu Kanpainaren Espainiako koordinatzaile dena, eta Nelsy Lizarazo Castro, Hezkuntzarako Eskubidearen aldeko Latinoamerikako Kanpainaren koordinatzaile nagusi eta Hezkuntzaren aldeko Mundu Kanpainaren lehendakariorde dena. Hezkuntzaren aldeko Mundu Kanpaina aurkeztu dute biek, eta Estatu- eta mundu-mailako hezkuntzako inbertsioaren eguneratzea aztertu dute.
Mariluz Apariciok azaldu duen eran, “hezkuntzaren egungo egoerari buruz hausnartzeko jardunaldi bat da, bai eta esparru jakin batean, prestakuntzarenean, inbertsioa eguneratzeko beharrari buruz hausnartzekoa ere, kontuan hartuta erantzukizun sozial eztabaidaezina dagoela haren gainean. Ez dugu ahaztu behar eskola, ikaskuntzarako eremu izateaz gain, babeserako, prebentziorako eta herritar prestatuak eta gizarte seguruak sortzeko eremua ere badela”.
Jarraian, Paula San Pedrok, EDUCO GGKEko Eragin Politikoko Atalaren koordinatzaile eta larrialdietako hezkuntzako aditu denak, eta Maider Belokik, Iruñeko Udaleko Hezkuntzako zinegotzi denak, larrialdietako hezkuntzaren garrantziari buruz hitz egin dute, kontua hartuta “krisialdi-egoeretan adin guztietako pertsonek, adin txikikoek bereziki, kalitatezko ikaskuntza lortzeko modua” dela.
Paula San Pedroren hitzetan, “larrialdietako hezkuntza da krisi bat hasten denean lehenengo galtzen den eta azkena berreskuratzen den eskubidea. Horrek inpaktu izugarria eta bereizgarria du adingabeengan; askok ez dute lortzen eskolara itzultzea, eta dinamika arriskutsuetan sartzen dira. Ezkontza behartuei edo haur soldaduak errekrutatzeari buruz ari gara. Hori horrela, behar-beharrezkoa da nazioarteko komunitateak larrialdietako hezkuntza finantzatzearen aldeko apustua egitea. Nafarroako Gobernuari ere eskatu diogu, eta jakinarazi digute lanean ari direla larrialdi-egoeretan hezkuntzari jarraitutasuna emateko plan estrategiko batean; esate baterako, Valentziako uholdeen ondorioz sortutako larrialdi-egoeran”, azaldu du.
Hezkuntzaren aldeko Mundu Kanpaina nazioarteko koalizio bat da, 2000. urtean sortua eta GKEek, hezkuntza-alorreko sindikatuek, ikastetxeek eta gizarte-mugimenduek osatua, mobilizatu egiten dena estatuek munduko pertsona guztiei hezkuntza ekitatibo, doako, unibertsal eta kalitatezko baterako irispidea bermatze aldera sinatuta dituzten nazioarteko konpromisoak osoki bete daitezen eskatzeko.