Legebiltzarrak "Frakasatuen lurraldea" erakusketa inauguratu du, Alfredo Sada elkarteak antolatua
Erakusketa maiatzaren 5era arte egonen da jendearentzat ikusgai, eta poesiaren eta margolaritzaren arteko elkarrizketa jorratzen du, Alicia Louzaoren poeman oinarritutako lanen bidez
Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek La tierra de los fracasados – Frakasatuen lurraldea erakusketa inauguratu du gaur, Alfredo Sada elkarteak antolatua. Bilduma horretan jendaurreratzen diren margolanak jaiotzen dira artista bakoitzak Alicia Louzaoren Frakasatuen lurraldea poemari buruz egiten duen interpretazio pertsonaletik. Poema horrek Jovellanos Nazioarteko Poesia Lehiaketaren VIII. saria jaso zuen, 2021ean.
Bere mintzaldian, Unai Hualdek azaldu du ezen “azkenaldi honetan gerrak, genozidioa, suntsipena, zatiketak eta ustelkeria gailendu diren mundu batean, ez da ideia txarra astia hartzea fantasiara eta ironiara baina halaber errealismora ere eramaten gaituen poema honetan pentsatzeko. Sinetsita nago bizitza honetan egiazki porrot egindakoak direla gerren aldeko apustua egiten duten eta giza eskubide guztiak pertsona guztientzat errespetatzen ez dituzten pertsonak”.
Alde horretatik, eta Parlamentuak Foru Komunitateko kulturarekin eta artearekin duen konpromiso “nabaria” berretsi ondoren, lehendakariak erantsi du Parlamentua “pozarren dago[ela] obra hauei harrera egin ahal izateaz eta herritarrei modua emateaz bertaratu eta horien aurrean geratu eta gozatzeko, halatan gogoeta egin eta zer eragiten dieten sentitze aldera”.
Javier Eslavak, Alfredo Sada elkartearen ordezkari arituz, eskerrak eman ditu aukera edukitzeagatik Parlamentuaren egoitzako atalondoan erakusketa hau paratzeko, xede duena “poemaren eta margolanaren arteko elkarrizketa bilatzea: hitzaren eta irudiaren arteko truke bat, zeinu linguistikoaren eta margo-marraketaren artekoa. Bertso bat irudikatzea du helburu, sentimenduaren induskatze arkeologiko bat egitea”.
Eta, gehitu duenez, ikusgai jarritako obrak “entzute-prozesu baten emaitza dira, artista bakoitzak bere lengoaia plastiko propioaren bidez emandako erantzun pertsonala eta egindako interpretazioa dira. Oraingoan poesia delarik inspirazio-iturri, beste pertsona baten pentsamenduan kokatu gara, sakontasunezko irakurtze-ariketa bat egin dugu, jendearenganatzen dituen sentsazioak eta bere obraren esanahia ikusiz”, bukatu du esaten.
Inaugurazio-ekitaldiaren ondoren, parlamentariek eta bertaratuek bisita gidatua egin dute Mº José Ruiz andrearen eskutik, zeina Alfredo Sada elkarteko kide den eta erakusketako komisario gisa aritu baita.
Erakusketa hau teknika desberdinen bitartez egindako 36 margolanek osatzen dute, eta Parlamentuaren egoitzako Atalondoan egonen da jendearentzat ikusgai, maiatzaren 5era arte, 09:00etatik 20:00etara, ostegunetan izan ezik, itxita egonen baita Osoko Bilkuren kariaz. Larunbatetan 11:30etik 14:00etara egonen da irekita.
Ohi bezala, erakusketa berri hau Kultur Atrio programan kokatzen da, zeinaren bidez Parlamentuak 2016ko otsailaz geroztik bere ateak irekitzen baitizkie eta sostengua ematen baitie artelanezko eta dibulgaziozko adierazpen asko-askotarikoei.
Erakusketaren irekiera ofiziala Parlamentuaren egoitzako Atalondoan egin da, eta bertara hurbildu dira, besteak beste, honako hauek: lehen lehendakariorde Maite Esporrín, bigarren idazkari Yolanda Ibáñez, Isabel Olave (UPN), Ibai Crespo (PSN), Jabier Arza (EH Bildu), Itxaso Soto (Geroa Bai) eta Daniel López (Contigo-Zurekin).