Noiz argitaratua Ostirala, 2025.eko Ekainak 6

Legebiltzarreko lehendakariak parte hartu du Nafarroako Ekonomia Sozialeko Enpresen Elkartearen Batzar Nagusian

Unai Hualdek azpimarratu du kooperatiba-eredu hori gizartean eta familian errotua dagoela

Nafarroako Parlamentuko lehendakariak parte hartu du gaur Nafarroako Ekonomia Sozialeko Enpresen Elkartearen Batzar Nagusiaren hasiera-ekitaldian. Urteroko ekitaldi horretan biltzen dira “lankidetzan ari zaretenak eraikitze aldera sozialagoa den Nafarroa bat, bere ekonomia hobetuko duena eta, gainera, ingurumenaren aldetik jasangarria izanen dena”.

 

Horiek izan dira Unai Hualderen hitzak, honako hau azpimarratuta: “ikusten ditugunean egoera zailean dauden enpresak, ehunka langile ukituta, haien familiekin batera, eta BSHren kasuan bezala multinazional alemaniar baten menpean gaudenean, gogoratu eta erreibindikatu behar dugu enpresak errotuta egoteak duen garrantzia”.

 

“Kooperatibagintzak eta ekonomia sozialak errotzea dakarte Nafarroarentzat. Eraldaketa sakonen eta multinazionalen krisien testuinguruan, kooperatibek erantzunak ematen dituzte, arreta jarrita pertsonengan, demokrazia ekonomikoan, enpresa-erresilientzian eta jasangarritasunean” berretsi du lehendakariak.

 

Testuinguru horretan, 2030 Agendaren eta Garapen Jasangarriko Helburuen aldeko “apustu irmoa” eskatu ondoren, Unai Hualdek nabarmendu du kooperatiben zeregina, izan ere kooperatibak “funtsezko eragileak dira 2030 Agenda lortzeko, eta ekarpen garrantzitsua egiten dute lan duin, desberdinkerien murrizketa, ingurumen-jasangarritasun, berrikuntza, ekonomia zirkular eta emakumeen ahalduntzearekin lotutako GJHak lortzeko bidean”.

 

Lehendakariak gogorarazi du parlamentuan berriki egin dela NUPek antolatutako Ekonomia Sozialaren VI. Unibertsitate Asteko ekitaldi nagusia eta, halaber, ANELi eta Unibertsitateari eskertu die “katedra horren aldeko apustua egin eta kooperatibagintza ikastetxera eraman izana”.

 

“Kooperatibagintza ez da enpresa molde bat soilik; aldiz, hezkuntzarako tresna ere bada, elkartasuna, parte-hartzea, ardurakidetza eta berdintasunaren gisako balioak lantzen dituena”, adierazi du.

 

Amaiera moduan Unai Hualdek zoriondu egin ditu Ignacio Ugale, entitateko lehendakari berriro hautatu dutelako, eta ANEL erakundea oro har, “gure erkidegoaren garapenean osagai funtsezkoa delako”.

 

“Nafarroako kooperatibak, gizarte-ekonomiako gainerako entitateekin batera, lagungarriak dira lurralde garapen orekaturako, gizarte-kohesiorako, ekitaterako eta kalitatezko enplegua sortzeko”, gehitu du amaitzeko.