Lehendakariak Nafarroako Unicefen koordinatzaileari harrera egin dio
Unai Hualdek erabaki du jarraipena ematea haurren eskubideen defentsan Legebiltzarrak eta Unicefek elkarrekin orain arte gauzatutako langintzari
Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek gaur bere bulego ofizialean harrera egin dio Unicef erakundearen Nafarroako Batzordeko koordinatzaile Maider Gabilondo andreari.
Maider Gabilondok azaldu duenez, bileraren xedea izan da Nafarroako Parlamentuari gonbit egitea parte har dezan Haurren Munduko Egunaren ospakizunean, zeinak hilaren 20an arreta jarriko baitu haurren eta nerabeen osasun mentalean, emozioen ikuspuntutik begiratuta.
“Haurren erronken inguruan eztabaida soziala sortzeko lanean jarraitzen dugu, oinarrizko beharrizanei erantzuten eta bizi-aukerak zabaltzen laguntzeko mantentzen dugun erakunde-lankidetzaren esparruan. Haurrengan inbertitu behar da pobrezia gutxitzeko, kalitatezko hezkuntza bermatzeko eta kalteberatasunetik babesteko sistema bat osatzeko. Hauteskunde garaiak une aproposa izaten dira atzera begiratzeko, lorpenak baloratzeko eta betekizun dirauten konpromisoak identifikatzeko”.
Unai Hualdek, bere aldetik, bere prestasuna helarazi dio Unicefen Nafarroako ordezkaritzari, Haurren Munduko Egunaren karietara adingabeen problematikak ikusarazteko ekitaldi bat egin dadin berriro ere Nafarroako Parlamentuan. Halaber, gogoratu du 2021ean osoko bilkura monografiko bat egin zela gai honen inguruan, eta, halaber, duela gutxi onetsi dela Haurrentzako eta nerabeentzako laguntzari eta babesari buruzko Foru Legea.
1946an fundatu zenetik, haurren eskubideen alde lan egiten duen erakunde nagusia dugu UNICEF, eta lan-ordezkaritzak ditu 190 herrialde eta lurraldetan. Espainian, berak dauka planetako txoko guztietan haur guztiekin konprometitutako nazioarteko erakundea den Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsaren ordezkaritza. Azken bateko helburua da Haurren Eskubideen Konbentzioan jasotako eskubide guztien aldezpena.
Agindu horri jarraikiz, Nafarroako Batzordeak ekarpena egiten du, halaber, haur bakoitzak eskueran izan ditzan osasun eta hezkuntza zerbitzuak, ura eta saneamendu egokia, eta indarkeriatik eta esplotaziotik babestuta bizi dadin.