Noiz argitaratua Ostirala, 2024.eko Ekainak 14

Lehendakariak parte hartu du Nafarroako Ekonomia Sozialeko Enpresen Elkartearen Batzar Nagusian

Unai Hualdek azpimarratu du kooperazio-eredu horren izaera tranbertsala eta errotze sozial eta familiarra, eta dei egin du berrikuntza eta eraldatze ekologiko eta digitalaren bidean pauso gehiago emateko

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek Nafarroako Ekonomia Sozialeko Enpresen Elkartearen urteroko Batzar Nagusiaren hasiera-ekitaldian parte hartu du gaur. Batzarraren xedea da “tokikoari eta familiari hain loturik dagoen negozio-eredu horren aurrerapenak, oztopoak eta erronkak aztertzea”.

 

Halaxe mintzatu da Unai Hualde bere mintzaldian, zeinetan azpimarratu baitu ANELek Nafarroako enpresa-ehundurari ekartzen dion “erantzukizun soziala”, aitzindaria izan baita Europan ekonomia komunitarioa zeharkako osagai gisa sartzerakoan. Garapena dakarzue, ingurunea zaintzen duzue eta lurralde kohesioan laguntzen duzue. Errentagarritasunetik haratago, horren garrantzia begi bistakoa bada ere, balio desberdinak dituzten enpresen talde bat osatzen duzue, eta hori funtsezkoa da gure ekonomiaren garapenerako”, berretsi du lehendakariak.

 

Testuinguru horretan, eta “elkarrizketa inklusibo”rako dei egin ondoren, eragile ekonomikoen arteko harreman hobeezinen osagai funtsezkoa baita, Unai Hualdek Nafarroako 2030 Estrategia Jasangarria aipatu du. Estrategia hori, 2030 Agendako Garapen Jasangarriaren Helburuak oinarri harturik, garapen orekatuaren esparruko erreferentzia da, aurrean ditugun legegintza-erronken garrantziaz ohartarazteko xedez.

 

“Zain ditugu Industriako Foru Legearen eztabaida eta Merkataritzako Foru Legearen zenbait aldaketa; halaber, beharrezkoa da berrikuntza eta eraldatze ekologiko eta digitalaren bidean pauso gehiago ematea, eta alor horietan ekonomia soziala oso presente dago. Hori guztia Nafarroa, bere ekonomia eta bere gizartea hobetzeko; eta horretarako beharrezkoa da, baita ere, talentua atxikitzea eta belaunaldi-berritzea bermatzea”, adierazi du lehendakariak.

 

Konpromiso politiko eta instituzionalaren esparruan sakonduz, Unai Hualdek gogora ekarri du NUP dela “bere Gizarte Kontseiluan ekonomia sozialaren arloko ordezkariak hartzen dituen Estatuko unibertsitate publiko bakarra, 157/2008 Foru Legearen aldaketaren ondorioz. Foru Gobernuak ere badu alor horretaz arduratzen den zuzendaritza nagusi bat. Orain, ANELen eskaria da Nafarroako Kooperatiben Kontseilu Nagusia sortzea, eta, Parlamentua, berari baitagokio zeregin hori, horretan dihardu”, aurreratu du lehendakariak.

 

Bukatzeko, Unai Hualdek ANEL zoriondu du “43 urte daramatzalako kooperatiben hazkuntzari laguntzen”, sektorearteko bokazioagatik eta lankidetzarako duen espirituagatik. “Ohore bat da ekonomia sozialean erreferente den erkidego baten ordezkari izatea. Nire esker ona elkarteari eta, bereziki, haren lehendakari Ignacio Ugalde jaunari”.