Noiz argitaratua Asteazkena, 2022.eko Otsailak 16

Lehendakariaren hitzak, Kontuen Ganberak pandemiaren eragin sozioekonomikoari buruz antolatutako jardunaldiaren hasieran

Krisiak eragindako pertsona eta sektoreen aldeko neurriak eta laguntzak antolatzen erakunde publiko guztiek eta bereziki Parlamentuak egindako lana nabarmendu du Unai Hualdek

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek Pandemiaren eragin sozioekonomikoa: ondorioak kontu publikoetan eta horien kontrolean jardunaldiaren hasierako ekitaldian parte hartu du gaur. Kontuen Ganberak antolatu du jardunaldia, krisiaren eragina aztertzeko ikuspuntu guztietatik, COVID-19aren ondoren Nafarroako diruzaintzak duen egoera ere tartean dela.

 

Bere hitzaldian Unai Hualde Nafarroako erakundeen erantzunaz aritu da; bereziki, Nafarroako Parlamentuak eztabaidatu eta onetsi dituen lege-neurriez. Akatsak eta ongi eginak aipatu ditu, kudeaketa eta fiskalizazioa. Azken hori Kontuen Ganberaren ardura izan da, eta 2021eko apirilean adierazi zuen “zentzuz eta aplikatu beharreko araudiarekin bat etorriz” jokatu zela “salbuespenezko” egoera batean.

 

Testuinguru horretan, halako pandemia handi bati aurre egiteko inor ez zegoela prestaturik azpimarratu ondoren, lehendakaria pozik agertu da, bera buru izanik “Legebiltzarrak inoizko jarduera biziena izan zuelako 2020ko azken hilabete izugarri haietan, dekretuak ontzat ematen eta Gobernuari lagun egiten larrialdiko neurri eta laguntzen onespenean. Martxotik abendura bitartean 225 milioi gastatu ziren eta 3.407 pertsona kontratatu. Erakunde publiko guztiok ahalegindu gara onena ematen, eta neurri handian uste dut lortu egin dugula. Gehiagotan egin dugu zuzen oker baino”.

 

Esandakoaren harira, baina ondasun publikoen erabilera fiskalizatzeak duen “garrantzia”rekin loturik, Unai Hualdek Kontuen Ganberaren lanaren balioa goraipatu du, eta esan du Gobernua ustez betetzen ari dela haren gomendioak, baita Europako funtsak jaso eta banatzeari dagokionez ere. Funts horiek administratzea “benetan erronka bat izanen da susperraldiari begira”.

 

Amaitzeko, lehendakariak lanean arduratsu jarraitzeko eskatu du, “gure osasun sistema publikoa indartzeko eta krisialditik inor atzean utzi gabe irteteko. Kontuen Ganberako eta beste erakunde fiskalizatzaile batzuetako langileekin batera ikaskuntza gune honetan elkartzeko aukera eskertzen dugu. Elkarlanean jarraituko dugu funts publikoak ahalik ongien kudeatzeko. Mila esker”.