Noiz argitaratua Asteazkena, 2024.eko Maiatzak 29

Lehendakaritza eta Berdintasun Batzordea bisitan joan da Sexu-indarkeriaren biktimei arreta osoa emateko Nafarroako Zentrora

Zentroak arreta iraunkorra ematen die sexu-indarkeriaren biktima edo biziraule izan diren 16 urtetik gorako emakumeei

Nafarroako Parlamentuko Lehendakaritza eta Berdintasun Batzordea bisitan joan da Sexu-indarkeriaren biktimei arreta osoa emateko Nafarroako Zentrora gaur eguerdian. Nafarroako Gobernuak doan ematen die zerbitzu hori sexu-indarkeriaren biktima edo biziraule izan diren 16 urtetik gorako emakumeei.

 

Batzordekide hauek egon dira bertan: Marta Álvarez, Cristina López (UPN talde parlamentarioa), Olga Chueca (PSN talde parlamentarioa), Arantxa Izurdiaga, Javier Arza (EH Bildu talde parlamentarioa), Blanca Regúlez (Geroa Bai talde parlamentarioa), Maribel García Malo (PPN talde parlamentarioa) eta Miguel Garrido (Contigo-Zurekin talde parlamentarioa).

 

Parlamentuaren ordezkariei honako hauek egin diete harrera: NABIko zuzendari kudeatzaile Patricia Abad, Berdintasunerako Gobernantzako zuzendariorde Sara San Julián, zentroko koordinatzaile Mari Recalde, Ana Carmona abokatua, Elena Vélez gizarte-langilea eta GIZAIN Fundazoko zuzendari tekniko Cristina Lopes.

 

UPNk, PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik, PPNk eta Contigo-Zurekinek eskatutako bisitaren xedea zen “apirilaren 10ean inauguratu zen zerbitzu berri hori ezagutzea, bai eta zentroa gidatzen duen taldearen lana ere”.

 

Batzordeko parlamentariek baliabide horretako instalazioak bisitatu dituzte Patricia Abadek eta zentroko langileek lagunduta. Zentroa Arrosadiako auzunean dago, eta arreta, laguntza eta aholku ematen die sexu-indarkeriako egoeraren bat oraintsu nahiz lehenago bizi izan dutenei. Arreta iraunkorreko doako zerbitzua da, orientabide eta laguntza psikologikoa, soziala, juridikoa nahiz hezkuntzakoa ematen duena.

 

Horretarako, Gizain Fundazioak kudeatzen duen zentro horrek 18 pertsonako plantilla dauka, espezializazio eta konpromiso handikoak”. Lan-taldea abokatu, psikologo, gizarte-langile eta gizarte-hezitzailez osaturik dago, 16 urtetik gorako emakumeak artatzen ditu, eta ez dago aldez aurretik salaketa zertan jarri artatua izateko. Arreta biktimaren familiari eta gertukoei ere ematen zaie, baldin eta halakorik behar badute. Zerbitzua urteko 365 egunetan ematen da, eguneko 24 orduetan, etenik gabe.

 

Itzulpen eta bitartekaritza kulturaleko zerbitzua ere ematen dute, komunikazioa efektiboa dela bermatzeko, eta zeharo egokiturik dago irisgarria izan dadin, halako moduan non desgaitasuna duten emakumeei laguntza espezializatua eman baitakieke.

 

Lokala espazio “seguru eta konfidentziala” izateko taxuturik dago: prebentzio eta sentsibilizazio ekintzak egiteko eremu publiko bat, arreta indibidualerako bulegoak dauden eremu erdipubliko bat eta egonaldi laburreko gauak igarotzeko eremu pribatua dauzka. Parlamentariei azaldu dietenez, gaua igarotzeko eremu hori “larrialdi-kasuetan” soilik erabiltzen da, bizileku-premiak harrera-baliabideek betetzen baitituzte.

 

Zentroak gela atsegina edo Gessell ganbera ere badu; alegia, “sexu-indarkeriaren biktima bereziki zaurgarriak modu egokian eta intimitate eta konfort giroan artatzeko diseinatutako gunea (adingabeak, desgaitasuna duten emakumeak), haien biktimizazio sekundarioa ekiditeko”. Zentroa eta zentroaren zerbitzuak “irisgarritasun unibertsala ardatz hartuta diseinatu dira, desgaitasuna nahiz bestelako irisgarritasun-premiaren bat izan eta sexu-indarkeriaren biziraule diren emakumeentzako arreta bermatzeko”.

 

Parlamentarien galderei erantzunez, duela soilik hilabete eta erdi abian jarritako baliabide horrek egindako jarduketak zehaztu ditu zentroko koordinatzaile Mari Recaldek. Apirilaren 10ean ireki zenetik, 80 emakume artatu ditu; horietako gehienek orain dela gutxi pairatu dute sexu-indarkeria, eta umetan sexu-indarkeria pairatu dutenak eta prostituzio nahiz emakumeen salerosketa kasuak ere artatu ditu.  Zenbait kasutan, zuzenean heldu dira zentrora, eta beste zenbaitetan, berriz, gizarte-zerbitzuen, Emakumeendako Udal Arreta Zerbitzuaren eta abarren bidez.

 

Batzordeko kideek orobat galdetu dute arreta-ibilbideaz, Ahalduntzeko Esku-hartze Planaz, profesionalek egiten duten jarraipenaz, arlo bakoitzaren funtzionamendu zehatzaz edo zerbitzuak etorkizunari begira dituen erronkez.

 

Europako SEM funtsen bidezko finantzaketari esker (milioi bat euro baino gehiagoko inbertsioa egin da), Sexu-askatasunaren berme integralari buruzko irailaren 6ko 10/2022 Lege Organikoan xedatutakoa betez sortu dira sexu-indarkeriako arreta espezializatuko zentroak; izan ere, lege horrek xedatzen du berariazko baliabide bat sortu behar dela biktima bizirauleei arreta emateko.