Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Urriak 17

Lehiakortasun fiskala hobe zezan Nafarroako Gobernua premiatzen zuen mozioa ezetsi da

UPNk eta Voxek soilik babestu dute PPNren eskaera, zeinak uste baituen zerga-presio handia eta inbertsio gutxi erakartzea direla Foru Erkidegoaren ahulgune nagusiak

Parlamentuaren osoko bilkurak mozio bat ezetsi du gaur PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekinen aurkako botoekin eta UPNren, PPNren eta Voxen aldekoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “beste erkidego batzuen aldean Nafarroaren lehiakortasun fiskalaren hobekuntza izan dadin aldaketa fiskalei buruzko hurrengo legearen oinarria”.

 

Zioen azalpenean, PPN TPak sustatutako mozioak adierazten du zerga-presio handia eta inbertsio gutxi erakartzea direla Foru Erkidegoaren ahulgune nagusiak eta, gaineratzen denez, Fundación para el Avance de la Libertad eta Tax Fundation fundazioek fiskalitatea beste erkidego batzuekin alderatuz egin duten azken lanean “Nafarroa azken tokian ageri da lehiakortasun fiskalaren rankingean, bai errentan bai ondarean”.

 

Sozietateen gaineko zergan, zeinaren gainean Euskadik eta Nafarroak soilik daukaten arauak emateko ahalmena, azaltzen da foru-erkidegoak % 28ko zerga-tasa aplikatzen diela enpresa handiei, “Frantzian eta Espainiako gainontzeko erkidegoetan % 25ekoa aplikatzen denean, eta Euskadin, berriz, % 24koa”.

 

Ildo horretan, adierazten da Errentaren gaineko zergan Nafarroak aurten onetsi zituen aldaketek “ez dutela zuzendu Nafarroak beste erregio batzuen aldean daukan desabantaila fiskala; aitzitik, toki bat galdu duela aurtengo Lehiakortasun Fiskalaren Indize Autonomikoan, halako moduan non, erkidegoa azken tokian jarri baita hala errentari nola ondareari dagokienez”.