Noiz argitaratua Osteguna, 2016.eko Urriak 13

LGTBI kolektiboaren berdintasun sozialari buruzko Foru Lege proposamena aintzat hartzea onetsi da

PSNren ekimenaren bidez aniztasun sexual eta afektiboaren aitorpen sozial eta politikoan aurrera egin nahi du, berdintasun eta errespetu osoak jasotzen dituzten arauen bidez

Gaur egindako osoko bilkuran, Nafarroako Parlamentuak onetsi egin du Lesbiana, Gay, Bisexual, Transexual, Transgenero eta Intersexualen (LGTBI) Berdintasun Sozialari eta orientazio sexualaren eta genero identitatearen edo adierazpenaren ziozko bereizketaren aurkako politika publikoei buruzko Foru Lege proposamena aintzat hartzea. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Ek aldeko botoa eman dute, eta UPN eta PPN abstenitu egin dira.


PSN talde parlamentarioak aurkeztu duen Foru Lege proposamenak honako xede hau dauka: “lesbiana, gay, bisexual, transexual, transgenero eta intersexualen (LGTBI) eskubideak garatzea eta bermatzea, bereizketa eta indarkeria kasurik ez gertatzeko, eta Nafarroan aniztasun sexuala eta afektiboa berdintasun eta errespetu osoz bizitzeko”.


Aldarrikapen historikoa besterik ez den horren aitorpen sozial eta politikoan aurrera egiteko printzipio, neurri eta prozedura batzuk arautu dira. Arautzearen bidez, hain zuzen, orientazio sexualaren eta genero identitatearen edo adierazpenaren ziozko bereizketa prebenitu, zuzendu eta desagerrarazi nahi da. Gainera, zigor araubide bat ere arautu da jokabide bereziki larriak eta erasotzaileak dituztenentzat.


Arau horren bidez, egoera arriskutsuan dauden adingabeak, gazteak eta nerabeak babesteko konpromisoa hartzen dela azpimarratu behar da; baina, horrez gain, politika publikoekin lotuta dauden konpromisoak ere hartzen dira (enpleguari, osasunari, komunikazioari, aisiari, kulturari edo kirolari lotutakoak).


www.nafarroakoparlamentua.eus
• Foru lege proiektua argitaratu da (102. NPAO, 2016-09-09koa)