LOREG eta Alderdi Politikoen Finantzaketari buruzko Lege Organikoa hein batean aldatzen dituen Foru Legea onetsi da
Hauteskunde-gastuen muga % 10eko edo gehiagoko aldeaz gainditzen duten alderdi politikoei gutxienez ere 50.000 euroko zehapena ezartzea kendu egin da, formazio txikien kasuan neurrigabea izateagatik
Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak onetsi du Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko Lege Organikoa (LOREG) eta Alderdi Politikoen Finantzaketari buruzko Lege Organikoa hein batean aldatzen dituen Foru Legea, UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-E taldeen aldeko botoekin eta PSN eta PPNren abstentzioekin
Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta Izquierda-Ezkerrak bultzatutako foru lege hori irakurraldi bakarrean izapidetu da, eta egungo araudiaren eraginak zuzentzea du xede, bermatu behar baita “hauteskunde-gastuaren mugak ahalbidetu egiten duela gutxieneko hauteskunde-kanpaina bat egitea edo, gutxienez ere, gutun-azalak eta propaganda zuzenean bidali ahal izatea, eta lotura duela jasoko diren hauteskunde-dirulaguntzen zenbatekoarekin”.
Alderdi Politikoen Finantzaketari buruzko uztailaren 4ko 8/2007 Lege Organikoak arau-hauste gisa tipifikatzen du LOREGen hauteskunde-gastuetarako ezarrita dauden mugak gainditzea, eta kasu guztietan (baita udalerri bakar batean lehiatzen diren formazioen kasuan ere) gutxieneko zehapena ezartzen du, tipifikazioaren arabera 5.000, 25.000 edo 50.000 eurokoa izan daitekeena. Bada, gutxieneko zehapen hori kentzea erabaki da, neurrigabea iritzita.
Beraz, hemendik aurrera alderdi politikoei ez zaie “gutxienez ere 50.000 euroko” zehapena ezarriko “ehuneko hamarrez edo gehiagoz gainditzeagatik LOREGen aurreikusitako hauteskunde-gastuen mugak, ezertan ukatu gabe lege horren 134. artikuluan xedatutakoa”. Artikulu hori Kontuen Auzitegiak agiriak eta argibideak eskatzeko dituen ahalmenei buruzkoa da.
Zioen azalpenean argudiatzen denez, Kontuen Auzitegiak izapidetutako zehapen-prozedurekin azkenaldi honetan izandako esperientziak agerian uzten du ezen, “herri bakar batean lehiatzen diren formazio politiko txikien kasuan, gaindikin oso txiki batek 50.000 euroko zehapen neurrigabea ekar dezakeela, aplikatzekoa zaien hauteskunde-gasturako mugaren ondorioz”.
Horregatik guztiagatik, bidezkotzat jotzen da aldatzea bai Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko 5/1985 Lege Organikoaren 193. artikulua bai Alderdi Politikoen Finantzaketari buruzko uztailaren 4ko 8/2007 Lege Organikoaren 17. bis artikulua, azken horren kasuan kenduz ezarri beharreko gutxieneko zehapena.
Hala, bada, Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko 5/1985 Lege Organikoaren 193. artikuluko 2. apartatuaren testua honako hau izanen da hemendik aurrera:
“2. Udal-hauteskundeetan, hauteskunde-gastuen muga izanen da alderdi, federazio, koalizio edo elkarte bakoitzak bere hautagaitzak aurkezten dituen barrutietako zuzenbideko populazioei dagokien biztanle-muga bider 0,11 euro egitetik ateratzen dena. Barruti bakar batean aurkezten diren alderdien edo hauteskunde-elkarteen kasuan, aurreko paragrafoan adierazitako hauteskunde-gastuen muga ezin izanen da 2.500 euro baino gutxiagokoa izan. Baldin eta alderdi edo elkarte horiek Estatuaren diru-laguntzak jasotzeko exigitutako baldintzetara iristen badira, hauteskunde-gastuaren muga ezin izanen da izan diruz lagundu daitekeen zenbatekoa baino txikiagoa. Probintzia bakoitzeko, hauteskundeetan gutxienez ere hartako biztanle eskubidedunen 100eko 50ean aurkezten direnek beste 150.301,11 euro gastatzen ahal izanen dituzte baldintza hori betetzen duten probintzietako bakoitzeko”.
Alderdi Politikoen Finantzaketari buruzko uztailaren 4ko 8/2007 Lege Organikoaren 17. bis artikuluaren lehen apartatuaren azken paragrafoaren testua honako hau izanen da hemendik aurrera:
“a) apartatuan aurreikusitako zehapenak ez dira inolaz ere izanen berrogeita hamar mila euro baino gutxiagokoak”.
Arau-hauste hauek aipatzen ditu a) apartatu horrek: “4., 5., 7. eta 8. artikuluetan ezarritako mugak edo betekizunak betetzen ez dituzten dohaintza edo ekarpenak onartzea. Berdin kalifikatuko dira honako hauek: hirugarren pertsonek beren gain hartzea alderdiaren gastuak 4.Hiru artikuluan adierazitako moduan; eta 4.Lau artikuluan dagoen debekua urratzen duten akordioak egitea zorraren baldintzei buruz”.
Alderdi Politikoen Finantzaketari buruzko uztailaren 4ko 8/2007 Lege Organikoaren 17. bis artikuluaren bigarren apartatuaren b) letraren testua honako hau izanen da hemendik aurrera:
“b) 17. artikuluaren bigarren apartatuaren b) letran aurreikusitako arau-hausteen kasuan, egindako gastu-gaindikinaren halako bitik halako bostera bitarteko zenbatekoa duen zehapena”.
Eta Alderdi Politikoen Finantzaketari buruzko uztailaren 4ko 8/2007 Lege Organikoaren 17. bis artikuluaren hirugarren apartatuaren b) letraren testua honako hau izanen da hemendik aurrera:
“b) Hirugarren apartatuaren b) letran aurreikusitako arau-haustearen kasuan, egindako gastu-gaindikinaren halako bitik halako bostera bitarteko zenbatekoa duen zehapena”.
Ekimenen titularren iritziz, oraintxe baldintza egokiak betetzen dira, Foru Komunitateak eskumenik ez duenez, Kongresuaren sostengua behingoz lortzeko. Hala balitz, Nafarroako ekimena, Espainiako Konstituzioaren 87.2 artikuluaren itzalpean formulatua, lege arrunt gisa izapidetuko litzateke.
Konstituzioaren 87.2 artikuluaren arabera, autonomia erkidegoetako legebiltzarrek Kongresuaren Mahaiari lege proposamenak igorri ahal dizkiote (edo Estatuko Gobernuari lege proiektuak onartzeko eskatu), eta gehienez hiru ordezkari izenda ditzakete, Kongresuan ekimen horiek defenda ditzaten.
Kongresuan legegintzako ekimenak aurkezteko ahalmen hori Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren 212. artikuluak garatzen du. Proposamenak legegintzako prozedura arruntaren bidez izapidetu behar direla adierazten du. Desberdintasun bakarra dago: Osoko Bilkurak proposamena onetsitakoan, ez zaio Nafarroako Gobernuko lehendakariari igortzen, Diputatuen Kongresuko lehendakariari baizik, azken legebiltzar horretan izapidetu dadin.
Lege proposamena Kongresuan defendatzeko ardura duten foru parlamentarien izendapena Mahaiak ezarritako arauei jarraituz egingo da, Eledunen Batzarrak erabaki loteslea hartu ondoren.
Arau horiek diotenez, proposamenaren aurka bozkatu ez duten hiru parlamentarik defendatu behar dute proposamena, eta Mahaiak izendatu behar ditu. Horietako bat ekimena sustatzen duen taldeak proposatuko du, eta beste biak Eledunen Batzarrak hautatuko ditu (boto ponderatua) taldeek proposatutakoen artetik.
-
Foru lege proiektua (144. NPAO, 2018-11-28koa)