Noiz argitaratua Asteazkena, 2022.eko Irailak 7

Lurralde Antolamenduko Batzordea Aritzalara joan da Deierriko Biomasaren Ekoizpen eta Logistika Zentroaren proiektua ezagutzeko

Plana zenbait fasetan gauzatuko litzateke, eta 600.000 euro inguruko kosturako finantzaketa eskatu dute

Lurralde Antolamenduko Batzordea gaur Aritzalara joan da, Navarra Suma, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E taldeek eskaturik, Deierriko Biomasaren Ekoizpen eta Logistika Zentroaren proiektua ezagutzeko. Eskualde mailako plan estrategiko eta jasangarria da, eta basoen erabilera tradizionalak errespetatuta energia-gastu publikoa murriztea du helburu.

 

Parlamentari hauek izan dira bisitan: Miguel Bujanda (Navarra Suma talde parlamentarioa), Arantza Biurrun (PSN talde parlamentarioa), Pablo Azcona (Geroa Bai talde parlamentarioa), Patricia Perales (EH Bildu talde parlamentarioa) eta Marisa de Simón (I-E talde mistoa).

 

Legebiltzarraren ordezkariei Deierriko udaletxean egin diete harrera, Aritzalan, Edorta Lezaun alkateak, Iñigo Nagore TEDERko kudeatzaileak, Carmen Puerta TEDERko lehendakariak eta Elena Cereceda Andiako Mankomunitateko teknikariak, toki entitateko zinegotzi talde batekin batera.

 

Edorta Lezaun alkateak zehaztu duenez, bisitaren xedea izan da “biomasa ekoitzi, biltegiratu eta banatzeko zentro baten proiektua aurkeztea, hasiera batean Andiako Mankomunitatearentzat ariko dena eta gerora Estellerri osora zabaldu ahalko dena, eskualdeko egur baliabideak modu jasangarrian kudeatzeko, mendekotasun energetikoa arintzeko, toki garapena sustatzeko eta despopulazioa saihesteko”.

 

Gaur egun, “gure energia horniduraren % 80 baino gehiago erregai fosilen bidez lortzen dugu. Energia ez-berriztagarriaren halako portzentajeak ingurumenean ondorio larriak ditu”.

 

Elena Cerecedak, Abartzuza, Gesalatz, Lezaun, Jaitz eta Deierriko udalek osatzen duten mankomunitateko teknikariak, eskualdearen diagnostikoa egin du. Populazioa oso sakabanatuta dago batez beste 70 bizilagun dituzten herri txiki askotan. Bere azterketan azpimarratu du biztanleek lotura sendoa dutela beren lurraldearekin eta zenbait proiektu egin direla lotura horri erantzuteko, hala nola etxebizitza poltsak, lankidetzazko languneak eta ekintzailetza sustatzeko planak.

 

Aritzalako nabe birgaitu batean egindako bileran, proiektua nola sortu zen azaldu du Iñigo Nagorek, Estellerriko landa garapenerako TEDER entitateko kudeatzaileak: 2009an egindako azterlan batzuetan du sorburua, eta orain gauzatu ahalko da, Industria Zuzendaritza Nagusiak Eskualdea Aktibatzeko Planaren deialdia egin ondoren. Laguntzen deialdi horri esker, hasierako ideia eguneratu egin da hiru ildo jorratuz: dauden baliabideen ahalmena aztertzea, bideragarritasuna bermatzea eta asmoari forma juridikoa ematea.

 

Aurtengo azarorako eduki nahi dituzte eguneratzeari buruzko datu guztiak. Lan hori sektoreko enpresa espezializatuei enkargatu diete, ekoizpen nabe bat eraikitzeko. Bestalde, 1998tik erabili gabe dagoen Aritzalako silo zaharra birgaitu nahi dute herri-basoetako egurrarekin egindako pelleta biltegiratzeko, eta makinak erosi nahi dituzte egurra ezpaldu eta banatzeko.

 

Asmoa da, zenbait fasetan programatuta, erregaiz hornitzea administrazio publikoen mendeko eraikinak, hala nola udaletxe, eskola edo kiroldegiak. Eta, legeak dagoeneko aukera ematen duenez, bihar-etzi iristea energia garbi hau erabili nahi duten herritarrengana, herri-lurretako baliabideak ustiatzeko legezko baldintzak lagun, sinplifikatu egin baitira.

 

Horretarako, toki entitateek biomasa-ekoizle eta -kontsumitzaileen sare bat sortu behar lukete elkarrekin, eta sozietate publiko mugatuaren forma juridikoa hartuko luke.

 

Carmen Puerta. TEDERko lehendakariak, esaldi batean laburbildu du proiektuaren filosofia: “Bildu, ekoitzi, partekatu”. Haren esanetan, “behar-beharrezkoa den ideia bat gauzatzeko aukera handia dugu. Oraintxe da unea, egungo egoera energetikoa aproposa delako, legeek bidea ematen dutelako –Klima Aldaketari buruzko Foru Lege berriak, adibidez–, eta Estellerria gure Foru Komunitateko kokaleku estrategiko batean dagoelako”.

 

Hitz egiteko txandetan parlamentariek eskerrak eman dituzte azalpenengatik eta planaren alderdi praktikoei buruzko galderak egin dituzte: zer enplegu mota eta zenbat lanpostu sortuko diren, zenbateko ekoizpena jotzen den egokitzat errentagarritasuna lortzeko, eta nola lortuko duten eskaintza lehiakorra egitea, bai kontsumitzaileak administrazio publikoak izanik, bai azken kontsumitzailearengana iritsi nahi badute. Alkateak eta TEDERko teknikariek erantzun dute.

 

Bisita amaituta, Lurralde Antolamenduko Batzordeak informazioa bildu du eskatutako aurrekontu-jarduketak aztertzeko, eta herriko beste leku batzuetan egiten ari diren proiektu komunitarioak ikustera joan da.