Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Batzordeak Viguetas Navarras enpresa bisitatu du
Lantegi robotizatuaren instalazioak eta eraikuntza sistema industrializatua ezagutzeko
Nafarroako Parlamentuko Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Batzordeak Viguetas Navarras enpresa bisitatu du gaur, Navarra Suma, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak eskatuta. Enpresa hori etxebizitzak eraikitzeko hormigoizko elementu prefabrikatuetan espezializatuta dago.
Batzordeko kide hauek bertaratu dira: Miguel Bujanda (Navarra Suma talde parlamentarioa), Arantza Biurrun (PSN talde parlamentarioa), Pablo Azcona (Geroa Bai talde parlamentarioa) eta Arantxa Izurdiaga (EH Bildu talde parlamentarioa).
Luis Ilundain Viguetas Navarras enpresako kudeatzaileak egin die harrera Parlamentuko ordezkariei.
Sarrera gisa, bisitaren helburua azaldu dute Navarra Suma, PSN, Geroa Bai eta EH Bildu taldeen eledunek: “lantegi robotizatua eta enpresak bertan egiten duen lana ezagutzea, hormigoizko elementu prefabrikatuen arloan erreferentea baita Estatuan, eta VN System izeneko bere eraikuntza sistema industrializatua ere ezagutzea”.
Luis Ilundainen eskutik, parlamentariek Estatuko lehen karrusel-instalazio robotizatua bisitatu dute. Bertan VN System deritzon sistema daukate. “Kokatze azkarra ahalbidetzen du, eta horrela lortzen da emate eta exekuzio epeak izugarri laburtzea, eraikuntzaren kostuak hobeki kontrolatzea eta lan garbia egitea, hondakinik sortu gabe, segurtasunez eta kalitate handiz”.
Halaber, enpresak eraikuntza sektorearen premia batzuei aurre egin nahi die sistema horren bidez, eskulan kualifikatuaren urritasunari, besteak beste. Izan ere, lantegi honetako enplegatuaren profila langile gazte kualifikatuarena da, eta gehienak ingeniariak dira. "Fabrika honek eraikuntzako ohiko lanbideak baino itxura erakargarriagoa ematen du", adierazi du.
Eraikuntza sistema horretan, zehazki, VNren horma bikoitz erako karga-hormak erabiltzen dira, eta gainean plaka albeolarrak, 20-30 cm bitarteko ertza dutenak, baoen eta kargen arabera. Ez da ez kofraturik ez eskorarik erabiltzen. Sistema osatzeko, perimetroko habe aurreatezatuek fatxada-panel arkitektoniko bati eusten diote, eta balkoi prefabrikatuak jartzeko aukera dago.
Fatxada sekundarioetako horma bikoitzek kanpoaldean hormigoi-panel arkitektonikoa daukate, isolamendu eta guzti. Barnealdean horma bikoitzeko bigarren tableta dago, hormigoizkoa, 6 cm lodi, mekanismo elektrikoen kaxekin eta pintatzeko prest dagoen akaberarekin. Irtenbide finalista horren bitartez inertzia termikoa lortzen da, eta, horrenbestez, aurrezpen handia etxebizitzako energia kontsumoan.
“Sektoreko eragile guztiak konbentzitu behar ditugu, sustatzaile, eraikitzaile, ingeniari, arkitekto eta abarrekoak, eraikuntza industrializatua sustatzeko”, esan du Luis Ilundainek. Are gehiago, “eredu berri honetan Foru Komunitatea eskualde bultzatzailea izatea” proposatu du Viguetas Navarra enpresako CEOak.