Noiz argitaratua Asteazkena, 2021.eko Ekainak 16

Lurralde Kohesiorako Batzordeak bisita egin du Baztango Aritzakun eta Urritzate auzoetara

Sarbide nagusiaren gabeziak ezagutzeko, zeinaren zoladura-proiekturako Parlamentuaren Osoko Bilkurak, dirudienez, aparteko kreditu bat onetsiko baitu bihar

Lurralde Kohesiorako Batzordeak bisita egin du gaur Baztango Aritzakun eta Urritzate auzoetara. Udalerriaren ipar-mendebaldean daude eta 16 kilometroko sarbide nagusia dute, asfaltatu gabea, zeinaren zoladura-proiekturako Parlamentuaren Osoko Bilkurak, dirudienez, aparteko kreditu bat onetsiko baitu bihar.

 

Bisitan joandako parlamentariak hauek izan dira: Isabel Olave (Navarra Suma talde parlamentarioa), Virginia Magdaleno (PSN talde parlamentarioa), Pablo Azcona (Geroa Bai talde parlamentarioa) Adolfo Araiz (EH Bildu talde parlamentarioa) eta Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioa).

 

Legebiltzarkideei harrera egin diete Baztango alkate Joseba Otondok, Florentino Goñi zinegotziak, Aitor Bazterrika Baztango basozainak eta Patxi Borda Aritzakungo bizilagunak.

 

Bisita proposatu duen EH Bildu taldearen eledun Adolfo Araizek azaldu duenez, helburua izan da “in situ ezagutzea Aritzakun eta Urritzate auzoetan bizi diren 22 pertsonen egoera, komunikaziorik gabe baitaude kokaguneagatik eta sarbidearen egoera txarragatik, eta era horretan egiaztatzea egokia dela Lurralde Kohesiorako Departamenturako aparteko kreditu bat ematen duen Foru Lege proiektua”.

 

Baztango alkate Joseba Otondok proiektuaren zehaztasunak eman ditu: 600.000 euroko aurrekontua du eta zoladura hobetuko du 5.200 metrotan, lau tartetan banaturik. Lau tarte horietan agregakin natural zein artifizialezko bide-zorua dago, “erretenez eta zuloz beteta”; horiek horrela bide hori berritzeak, abuztutik azarora bitartean aurreikusten denez, “nabarmen hobetuko du bi auzo horietako bizilagunak zerbitzu publikoetara iritsi ahal izatea”.

 

“Proiektuan ez da sartzen Aritzakun eta Urritzate auzoetako bideek, baserrietara iristeko adarrak kontuan hartu gabe, biltzen dituzten 16 kilometroen zoladura, baina azpiegitura berriari esker zirkulazioa erosotasun eta segurtasun handiagoarekin eginen da, mugimenduen denborak laburtuz eta bide-segurtasuna areagotuz”, gehitu du Otondok.

 

Parlamentariek autoz zeharkatu dituzte bi auzoak, era horretan ezagutuz bertako 22 bizilagunek egunero bizi duten egoera, eta zuzenean jakin dute zonaldeko egunerokotasuna, Patxi Borda bizilagunaren eta Bidegorrieta baserriko familaren eskutik.

 

Parlamentuaren Osoko Bilkurak bihar ostegunarekin, ekainak 17, eztabaidatuko du Lurralde Kohesiorako Departamenturako 934.015 euroko aparteko kreditu bat ematen duen Foru Lege proiektua, Eloko eta Baztango udalen trafikoari eta bide-segurtasunari buruzko zenbait jarduketa finantzatzeko. 500.000 euro bideratuko dira Aritzakun y Urritzate auzoetako sarbidea zolatzeko proiektura.