Lurralde Kohesiorako Batzordeak bisita egin du Ustaizeko kontzejura
Laguntza eskatu da ur-hornidura eta -saneamenduko sareak berritzeko, obra "bereziki garestia" izaki, Vianako Printzea Erakundeak babestua den bertako zoladuragatik
Lurralde Kohesiorako Batzordeak bisita egin du gaurkoan Ustaizeko kontzejura, zeina Nabaskozeko udalerriaren parte baita.
Bisitan joandako parlamentariak hauek izan dira: Patxi Pérez, Elena Llorente (Navarra Suma talde parlamentarioa), Virginia Magdaleno (PSN talde parlamentarioa); Pablo Azcona (Geroa Bai talde parlamentarioa), Bakartxo Ruiz (EH Bildu talde parlamentarioa) eta Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioa).
Parlamentuaren ordezkaritzari harrera egiteaz arduratu dira Cruz Moriones kontzejuburua eta bertako zenbait bizilagun.
Bisita proposatu duen Navarra Suma taldearen eledun Patxi Pérezek zehaztu duenez, bisitaren helburua izan da "ur-hornidura eta -saneamenduko sareen egoeraren eta zoladuraren ondorioz dagoen problematika ezagutzea".
Jarraian izan da bilera, eta horretan zehar Cruz Moriones kontzejuburuak azaldu du zein diren ur-hornidura eta -saneamenduko sareen zaharkitzapenaren ondoriozko problematikaren nondik norakoak; izan ere, sare horiek berrogeita hamarreko hamarkadan fibrozementuzko materialekin eraiki ziren, eta material horiek potentzial kartzinogeno handikoak dira.
Material horien erabilera 2002. urtetik aurrera debekatuta dago, eta, Morionesek azaldutakoaren arabera, fibrozementuaren benetako arriskua gertatzen da elementu horiek apurtu egiten direnean. Horrek esan nahi du ez dagoela araudirik, hondatu gabe dauden elementuak ordeztera behartzen duenik. Alabaina, legeak ezartzen du jada instalatuta dauden edo zerbitzuan dauden materialen bizitza heltzen dela "harik eta kentzen diren arte edo haien bizitza baliagarria amaitzen den arte". Eta "etengabeko matxurek, hausturek eta buxadurek agerian uzten dute bizitza baliagarri hori amaitu dela; hortaz, sare horiek berritzea beharrezkoa eta premiazkoa da".
Hala ere, arazorik handienak zoladurarekin dauka zerikusia. Izan ere, Ustaizek 6.000 metro karratu inguruko errekarrizko zoladura dauka, Vianako Printzea Erakundeak babestua, eta hornidura- eta saneamendu-sareak berritzeak behartuko luke zoladura altxatzera eta ondoren berritzera, 1.200.000 euroko kostuarekin.
"Kontzejuarentzat ezinezkoa da berrikuntza hori bere gain hartzea; horregatik eskatzen dugu izendun partida bat onets dadila edo egoki diren zuzemenak egin daitezela buruhauste guztiz larri honi konponbidea aurkitzeko", amaitu du Morionesek.
Bilera bukaturik, parlamentariek bisita gidatua egin dute herrian barna, eta informazioa bildu dute beharrezko jotzen dituzten ekimenak abiatzeko, hala erabakiz gero.