Noiz argitaratua Asteazkena, 2021.eko Maiatzak 5

Lurralde Kohesiorako Batzordeak Errepideen Kontserbaziorako Kontrol Zentroa bisitatu du

Koordinazio lanak egiten ditu errepide sareko gorabeherak konpontzeko —5.710 gorabehera izan dira 2020an— eta tuneletako kontrol sistemak kudeatzen ditu, baita erabiltzaileek emandako informazioa ere

Lurralde Kohesiorako Batzordeak gaur Errepideen Kontserbaziorako Kontrol Zentroa bisitatu du. Han egiten dira errepide sareko gorabeheren konponketa koordinatzeko lanak, eta tuneletako eta beste instalazio batzuetako kontrol sistemak kudeatzen dira, baita errepideetako erabiltzaileek emandako informazioa ere.

 

Parlamentari hauek bertaratu dira: Javier García (Navarra Suma talde parlamentarioa), Jorge Aguirre (PSN talde parlamentarioa), Mikel Asiain (Geroa Bai talde parlamentarioa) eta Adolfo Araiz (EH Bildu talde parlamentarioa).

 

Zainketa Zerbitzuko zuzendari Juan Serranok egin die harrera Parlamentuko ordezkariei.

 

Javier Garcíak, bisita proposatu duen Navarra Suma taldeko eledunak, bisitaren xedea azaldu du: “Zentroko instalazioak eta urteko 365 egunetan egiten duen kudeaketa lana ezagutzea”.

 

Ondoren, Juan Serranok zentroaren eginkizunak azaldu ditu. Zentroa 2002an inauguratu zen eta “Espainian aitzindari” da; 2020an errepideetako 5.710 gorabehera kudeatu zituen.

 

"Errepideen kontserbazioa zera da, azpiegitura nola diseinatu eta eraiki zen, halaxe mantentzea, eta ahalik eta denbora luzeenean bere horretan mantentzen saiatzea", laburbildu du Juan Serrano Medranok. Eta lan horren alderdi nagusiak azaldu ditu: "Zulorik izan ez dadin zaindu, arekak garbi eduki, landaretza garbitu, seinale bertikalak nahiz horizontalak zaindu eta berritu, zubi, tunel eta gainerako azpiegiturak zaindu, eta abar".

 

Zentroaren eginbehar nagusietako bat da Nafarroako Foru Komunitateko errepide sareko tunel guztiak etengabe kontrolatu eta zaintzea “arreta berezia jarriz tunel garrantzitsuenetan, esaterako Belatekoan edo Almandozkoan”. Tunelen barnealdean gertatzen dena erabat kontrolatzeko, telebista zirkuitu itxia (TZI) dago errepide sareko tunel guztietan.

 

Tuneletako kamerez gain, Zentrotik kontrolatzen dira Zainketa Zerbitzuaren ardurapeko beste instalazio batzuk ere; adibidez, Belateko eta Almandozko tuneletan jarritako segurtasun sistemak. Aplikazio informatiko baten bidez kudeatzen dira tunel horietan instalatutako segurtasunerako azpisistema guztiak (aireztapena, argiak, suaren detekzioa, gorabeheren detekzioa, seinale aldakorrak, eguraldiari buruzko informazioa…).

 

Bide sareko segurtasuna osoa izateko, badaude SOS zutoinak han-hemen, 113 guztira, Belateko eta Almandozko tuneletan, A-15 autobian, N-240A errepidean eta N-I errepidean. Gainera, Zentroak kontrolatzen dituen informazio aldakorreko paneletan azaltzen ahal dira errepideetako erabiltzaileek jakin beharreko inguruabar guztiak, hala nola obren nahiz errepideko istripuen ondorioz sortutako pilaketak edota gorabehera meteorologikoak.

 

Zentroak etengabeko arreta eskaintzen du eguneko 24 orduetan. Gainera, beraren ardura da auzoko lurraldeetan errepideen gaineko eskumena duten organoekin koordinatzea (Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiarekin eta Arabako eta Gipuzkoako aldundiekin), baita Iruñeko Udalarekin eta autobia eta autobideetako emakidadunekin ere. Era berean, SOS Nafarroarekin, Foruzaingoarekin eta Guardia Zibilarekin lotuta dago.

 

Web-orriaren bidez (www.navarra.es) eta telefonoz (900 400 100) unean uneko informazioa lor daiteke errepideen egoerari buruz. Web-orriak, gainera, aukera ematen du errepideak denbora errealean ikusteko, bideozaintzako 19 kameraren bitartez.

 

Bileran zehar Juan Serranok parlamentariei erakutsi dizkie zentroan kudeaketa lana egiteko erabiltzen diren sistemak.

 

Bisita bukatutakoan, Navarra Suma, PSN, Geroa Bai eta EH Bildu taldeetako eledunek azalpenak eskertu dituzte eta informazioa bildu dute.