Noiz argitaratua Asteazkena, 2022.eko Martxoak 2

Lurralde Kohesiorako Batzordeak N 113, NA 5202 eta NA 126 errepideak bisitatu ditu

Ebro ibaiaren gainezkaldiek gehien kaltetzen dituzten errepideetako “gune kritikoak” ezagutzeko

Lurralde Kohesiorako Batzordeak gaur goizean N 113, NA 5202 eta NA 126 errepideak bisitatu ditu, Erriberan. Ebro ibaiak gainezka egiten duenean hiru errepide horiek urpean eta trafikoa etenda gelditu ohi dira.

 

Batzordeko kide hauek bertaratu dira: Javier García, Yolanda Ibáñez (Navarra Suma talde parlamentarioa), Jorge Aguirre (PSN talde parlamentarioa), Mikel Asiain (Geroa Bai talde parlamentarioa) eta Txomin González (EH Bildu talde parlamentarioa).

 

Parlamentuko ordezkariei harrera egin die Pablo González Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuko Zainketa Zerbitzuko zuzendariak. 

 

Navarra Sumak eskatuta egin da bisita, eta helburua izan da “Ebroren gainezkaldietan trafikorako ixten diren errepideetako gune kritikoetara hurbiltzea eta aurreikusitako jarduketak eta planak ezagutzea”.

 

Castejondik Madril eta Iruñerantz dagoen irteeran hasi da bisita, N 113 errepideko 75. eta 77. kilometroen artean. Ibaian gorago dikeak apurtzearen ondorioz, batzuetan asfaltoa urpean gelditzen da. Hala, 2003az geroztik 15 aldiz eten da trafikoa, eta azken bi etenaldiak hilabeteko tartean gertatu dira (2021eko abenduan eta 2022ko urtarrilean). Kalkulatu dute guztira 146 egunetan egon dela itxita errepidea.

 

Zainketa Zerbitzuko zuzendari Pablo Gonzálezek azaldu duenez, Nafarroa osoko “gune kritikoenetakoa” da hori, Iruña-Madril errepide nazionala oztopatzen duelako. Badago 2007ko proiektu bat bi kilometroko tartean galtzada goratzeko, urak har ez dezan. Garai batean obraren 4,3 milioiko balorazioa egin zen, baina ez zen obrarik egin.

 

Gonzálezek erantsi duenez, errepidea goratzearen “kostu handiaz” gain, bi aldeetan presak egin beharko lirateke eta horrek uraren irteera eragotziko luke; ondorioz, uraren bide berriak egokitu beharko lirateke. Horregatik, egokia iruditzen zaio proiektua eguneratzea eta ibilguaren garbiketa estrategikoak egitea, irizpide teknikoei eta ingurumenekoei jarraituz.

 

Ondoren, ordezkari taldeak NA 5202 errepidera jo du, Ribaforada eta Fustiñana artean. Errepide hori 2003an eraiki zen, eta, “Cabanillasko eta Ribaforadako dike eta lubeten egoera txarrarengatik”, itxi egin behar izaten da ura ibilgutik irteten denean, Fustiñana eta Cabanillas inkomunikaturik utziz.

 

Bisita amaitzeko, Batzordeko kideak NA 126 errepidearen Cabanillas eta Tutera arteko zatia ikustera joan dira. Errepide hori 2007an eraiki zen, eta Ebro ibaiaren goraldietan urpean gelditu izan da. 2021eko abenduan errepide horretako trafikoa eten egin zen eta Cabanillas eta Fustiñana ia erabat isolaturik egon ziren: handik ezin zen iritsi Ebro ibaiaren eskuinaldera (Tuterarantz edo Ribaforadarantz) ez baziren 70 kilometro egiten Aragoiko Gailur herriraino, han autobidea hartu eta Erriberako hiribururantz itzultzeko.

 

Gaur egun ez dago ez azterlanik ez proiekturik ibaiaren goraldietan errepide horiek itxi beharrik ez izateko egokitze lanetarako. Beraz, Gonzálezen iritziz, ur ibilguaren garbiketa eta drainatze lanak dira konponbide egokien eta eraginkorrena.