Lurralde Kohesiorako Batzordeko kideek bisita egin dute NA-660 errepidearen Martzilla eta Alesbes arteko zatian Aragoi ibaia zeharkatzen duen zubira
Zubiaren segurtasun-problemak egiaztatzeko asmoz, eta oinezkoentzako nahiz txirrindularientzako zaldain bat eraikitzeko proposamena ezagutu nahian
Lurralde Kohesiorako Batzordeko kideek, UPN talde parlamentarioaren ekimenez, gaur goizean bisita egin dute NA-660 errepidearen Martzilla eta Alesbes arteko zatian Aragoi ibaia zeharkatzen duen zubira, zeina 1946an eraiki baitzen XIX. mendeko trenbide-zubi metalezko baten gainean, Martzillako udal dermioan.
Bertaratu diren batzordekideak honakoak izan dira: Yolanda Ibáñez (UPN talde parlamentarioa), Javier Lecumberri (PSN t.p.), Adolfo Araiz (EH Bildu t.p.), Pablo Azcona (Geroa Bai t.p.) eta Daniel López (Contigo-Zurekin t.p.).
Parlamentuaren ordezkaritzari harrera egin diote Alesbesko alkate Mª Carmen Segura andreak, Martzillako Udaleko zinegotzi Rebeca Díaz andreak, Alesbesko Udaleko zinegotzi Ana Cirauqui andreak eta Martzillako alkate ohi Mario Fabo jaunak.
Bisitaren xedea izan da, Yolanda Ibáñezek aitzinsolas gisa adierazi duenez, in situ egiaztatzea NA-660 errepidearen Martzilla eta Alesbes arteko zatian Aragoi ibaia zeharkatzen duen zubiaren narriadura, eta oinezkoentzako zaldain bat eraikitzeko proposamena ezagutzea.
Azaldu dutenez, Nafarroako zubirik luzeena eta "arriskutsuenetakoa" da, zabalera oso mugatukoa delako; eta, diotenez, "1946an eraikitako zubi honek duen narriadurari gehitzen bazaio AHTaren obren ondoriozko kamioi-trafikoak eragin duen zirkulazio-gorakada, emaitza izan daiteke bi herrietako biztanleentzako segurtasun-problema bat".
Ildo horretatik, zubian suertatu ohi diren "buxadurak eta ezbeharrak" aintzat hartzeaz gain, esplikatzen dute ezen herri batetik bestera joan nahi duen oinezkoek nahiz txirrindulariek "arrisku handi" bati egiten diotela aurre, behartuta egoten dira-eta zubi hau bazterbiderik gabeko errepidetik gurutzatzera, edo Aragoi ibaia Altsasu-Castejón trenbidearen zubibideetatik zeharkatzera, azken aukera hori debekatuta egonda.
Horregatik, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren laguntza eskatzen dute, Aragoi ibaiaren gainetik oinezkoentzako nahiz txirrindularientzako zaldain bat eraikitzekoa, NA-660 errepidearen zubiari alboratuta. 200.000 euro inguruko proiektua dela estimatzen da.