Noiz argitaratua Ostirala, 2024.eko Urtarrilak 26

Lurralde Kohesiorako Batzordeko kideek bisita egin dute Zugarramurdira, herriko hiriguneko trafikoaren zailtasunak ezagutzeko

Herriko hiriguneko trafikoak dituen arazoak eta sarbide berri baterako Udalak proposatzen duen proiektua ezagutzeko

Lurralde Kohesiorako Batzordea bisitan egon da gaur Zugarramurdin, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin talde parlamentarioek eskatuta, herriko hiriguneko trafikoak dituen arazoak eta horren inguruan Udalak proposatzen duena ezagutzeko.

 

Bertaratu diren batzordekideak honakoak izan dira: Javier Lecumberri (PSN talde parlamentarioa), Xebe Txoperena (EH Bildu talde parlamentarioa), Mikel Asiáin (Geroa Bai talde parlamentarioa) eta Daniel López (Contigo-Zurekin talde parlamentarioa).

 

Parlamentuaren ordezkaritzari harrera egin diotenak honako hauek dira: Argitxu Aguerre, Zugarramurdiko alkatea, Fernando Anbustegi, Baztango alkatea, Battit Laborde, Sarako alkatea, María Urmeneta eta Pachi Chocarro, proiektuko arkitektoak, Juan Miguel Ariztegi, Zugarramurdiko zinegotzia eta Ainhoa Aguirre, Zugarramurdiko Lezeko eta Sorginen Museoko zuzendari-kudeatzailea, eta haiekin batera Udaleko langileak.

 

Bilkuran Argitxu Agerre alkateak azpimarratu du Zugarramurdin sarbide berri bat egin behar dela, arazoak baitira kanpotik herrira iristen diren ibilgailuekin, Sorginen Museoak eta Lezeak duten erakargarritasun turistikoagatik eta, beste alde batetik, Bidasoaldeko eta Baionako Baiona aldeko (Frantzia) udalerrietako biztanleek Frantzia eta Zugarramurdi arteko landa bidea erabiltzen dutelako.

 

“Arazoa are larriagoa da bisitari ugari etorri ohi diren egunetan. 2018ko estatistiken arabera Lezean 128.325 pertsona erregistratu ziren eta Sorginen Mueseoan 19.201. Bisitariak mugako di aldeetatik iristen dira. Turisten etorrera, gainera, ez da lineala urtean zehar eta gailurrak izaten ditu, herriko erdigunean zirkulazio-kaosa sorraraziz, ibilgailuetarako sarbide bakarra dagoelako aparkaleku publikoetara eta egun horietarako prestatzen diren aldi baterakoetara iristeko”, alkateak adierazi duen moduan.

 

Oporraldiko mugimendu horiei gaineratzen zaizkie Dantxarineko bentetara lan egitera edo salgaiak garraiatzera joaten direnenak. Neurri handi batean, horiek guztiak iristen dira —lan egitera edo hornidurak eramatera— Beratik, Etxalartik edo Baztandik, “ibilbide horretan distantzia 50 kilometroraino laburragoa delako N-121-B erabilita baino” azaldu du alkateak.

 

Horregatik, Udalak beharrezkotzat jotzen du sarbide berri bat, herriko hiriguneko trafikoak dituen arazoak konponduko dituena, bertan egunero 1.500 ibilgailu baino gehiago iragaten baitira (2020ko datuak); gainera kale nagusian estugune bat dago bi etxeren artean, 3 metroko zabalera besterik uzten ez duena.

 

Aguerrek azaldu duenez, benetan bilatzen dena da Zugarramurdiko ingurabide bat egitea, baina proiektuaren xedea “sarbide berri” deitzen da, NA-4401 errepidea herriko sarreran amaitzen delako. Hori dela eta, eskatzen dute errepide hori luzatzea “Frantziarekin eta Gipuzkoarekin mugaz bestaldeko loturak hobetzeko”.

 

Jarraian, Parlamentuaren ordezkariek ezagutu dute, Maria Urmeneta arkitektoaren eskutik, Udalak burutu nahi duen jarduketaren proiektua. Sarbide berri bat da, “kanpoko ingurabide moduko bat”, Dantxarineko merkataritza guneak eta turisten etorrerak sorrarazten duten trafiko handia jasotzeko, gaur egun herriko plazan zehar igaro behar duelako. Proiektuak, gainera, kontuan hartzen du sarbide berria Zugarramurdiko aparkaleku turistikoraino iristea kale nagusian zehar igaro gabe.

 

Halere, adierazi dutenez konponbidea “ez da erraza, Saratik (Frantzia) datorren bide nagusia Udalarena baita eta, gainera, tarte bat Baztango Udalarena da”. Kategoria horrek Nafarroako Gobernuaren jarduketa mugatzen du eta Udala behartzen du laguntza ekonomikoa bilatzera, 2 milioi euroko balioa duen sarbideko obra ordaindu ahal izateko.

 

Ingurabidea egin ahal izateko, Zugarramurdiko Udalak Udal Planaren egiturazko aldaketa bat onetsi zuen, herriko sarbide berriaren proiektua garatzea ahalbidetuko duten hirigintza-zehaztapenak ezartze aldera, sarbideak hiri-lurzoru, lurzoru urbanizagarri eta urbanizaezinak ukitzen baititu. Aldaketaren esparrua herriko ipar-ekialdean dago eta lotura du frontoiaren eta aparkalekuaren eremuarekin. Beraz, batez ere ukitzen ditu larreak, Azketako bidea, non oinarritzen baita trazadura berriaren tarte handi bat, eta Zorribenta errekako arboladi bat, NA-4401 errepidearekin lotzen den zonaldean.

 

Hitz egiteko txandetan, parlamentariek azalpenak eskertu dituzte eta informazioa bildu dute, kasua bada beharrezkotzat jotzen dituzten ekimenak abian jartzeko.