Noiz argitaratua Asteartea, 2007.eko Azaroak 27

Mahaiak erabaki du Nafarroako Parlamentuaren egoitzaren Eguberrietako argiztapenaren ordutegia murriztea

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak erabaki du Nafarroako Parlamentuaren egoitzaren Eguberrietako argiztapenaren ordutegia murriztea.

Erabaki horretan xedatzen denez, Parlamentuaren egoitzaren argiak gauez piztuta egonen dira abenduaren 24, 25 eta 31n eta urtarrilaren 1, 5 eta 6an, eta gainerako egunetan 12:00etatik aurrera itzali eginen dira.

Mahaiak erabaki hori hartu zuen Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat, klima-aldaketaren aurka borrokatze aldera energia aurreztu beharrari buruzkoa, aho batez onetsi ondoren. Adierazpen horretan esaten denez, "Nafarroako Parlamentuak aldarrikatzen du zaindu behar dela administrazio publikoaren eraikinetako eguberri-argiztapena Espainiako Energiaren Kudeaketarako Agentziaren gomendioen araberakoa izatea eta argiztapen horretarako erabiltzea aleko potentzia baxuko lanparaz hornituriko figurak eta apaingarriak, bai eta zuntz optikoz, hologramaz, LEDez edo ordezko sistemaz osaturiko apainketa-sortak ere".

Adierazpen instituzional hori Socialistas del Parlamento de Navarra parlamentu-taldeak proposaturik onetsi zen. Proposamen horretan honako hau adierazten zen bere zioei buruz:

"Gauza jakina da gizartearen baitan dagoen sentsibilizazioa, klima-aldaketaren aurka borrokatze aldera energia aurreztu beharraren ondorioz.

Espainiako Energiaren Kudeaketarako Agentzien Elkarteak arrazionalizazio eta aurrezpenerako ingurumen-irizpide batzuk ezartzen ditu. Irizpide horiek zenbait neurri hartzen dituzte beren barrenean; besteak beste, ingurumena errespetatzen duten material jakin batzuk erabiltzea, kontsumo apaleko lanparak erabiltzea, edo erabileraren ordutegia edo egutegia egokitzea.

Badira urteak Espainiako hiri asko Eguberrietako argiztapenean energia aurrezteko neurriak hartzen hasi zirenetik, klima-aldaketaren aurka borrokatzeko neurri gisa eta era horretan gizarteari ikusarazteko beharrezkoa dela iraunkortasun-irizpideei loturik jokatzea eta geure burua heztea.

Gure erkidegoan, azaroaren 9ko 10/2005 Foru Legea onetsi zen, argiteria gaueko ingurumena babestearren antolatzeari buruzkoa. Nahiz eta lege horrek ez duen zehazki Eguberrietako argiztapena arautzen, bere zioen azalpenean adierazten du "energiaren kontsumo arduratsuak herritarren hezkuntza zibikoaren ezinbesteko atala izan beharko" lukeela. Lehenbizi, energia kontsumoaren egungo eredua funtsean baliabide natural ez-berriztagarriak (ikatza, petrolioa edo uranioa) bihurtzean oinarritzen delako; horrenbestez, horiek xahutzeak haiek agortzeko denbora arintzen du eta etorkizuneko belaunaldiei haietaz gozatzeko aukera kentzen die.

Era berean, energia bihurtzeko, garraiatzeko eta gero kontsumitzeko prozesuetan ingurumena larriki kutsatzen duten hondakinak sortzen direlako (erradioaktibitatea, euri azidoa, itsasoen kutsadura, ke toxikoek eragindako kutsadura atmosferikoa ...), eta oreka klimatikoa aldarazteko mehatxua dakartelako (CO² isurtzeen ondoriozko negutegi efektua).

Nafarroako energia aurrezteko planaren arabera, garapen jasangarriaren oinarrizko printzipioetako bat baliabideen erabilera efizientea da, eta, horrenbestez, efizientzia energetikoaren optimizazioa.

Ziklo biologikoen aldaketa ahal den guztian gutxitzeko, gaueko argien distira ahal den guztian gutxitzeko eta ahal den efizientzia energetiko handiena lortzeko, beharrezkoa da argiteria-instalazioek irizpide koherente eta arrazionalak betetzea."