María Chivite Nasvascués Nafarroako Foru Komunitateko lehendakari karguaz jabetu da
Unai Hualdek elkarrizketa eta adostasunerako deia egin du eta Maria Chivitek esan du gobernua aurrerakoia, soziala eta herritarrena izanen dela
Nafarroako Parlamentuan María Chivite Navascués gaur jabetu da Nafarroako Foru Komunitateko lehendakari karguaz.
Nafarroako Parlamentuko lehendakariak egin du ekitaldirako deia, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 25. artikuluan xedatutakoa betez, eta han izan dira, Espainiako Gobernua ordezkatuz, José Luis Ábalos Sustapeneko ministroa eta Luis Planas Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako eta Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko ministroa.
Karguaz jabetzeko ekitaldiari hasiera emateko, 11:30ean, Tronpeta eta Tinbalen Bandak Nafarroako ereserkia jo du. Ondoren, Parlamentuko Mahaiko bigarren idazkariak, Maiorga Ramírezek, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria izendatzen duen Errege Dekretua irakurri du.
Gero, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariak karguaren promesa egin du Parlamentuko lehendakari Unai Hualderen aurrean, honako formula hau erabiliz:
“Hitzematen dut Nafarroako foru araubidea mantendu eta hobetuko dudala, Konstituzioari eta legeei men egingo diedala eta zintzoki beteko ditudala Nafarroako Gobernuko lehendakari karguan ditudan betebeharrak”.
Promesa egin eta gero, hitza hartu dute Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Luis Planas ministroak eta María Chivite Navascués Nafarroako Komunitateko lehendakariak, hurrenkera horretan.
Unai Hualdek lehenik Nafarroaren pluraltasun eta askotarikotasuna nabarmendu du eta Foru Komunitatearen ondasunetako bat dela esan du. “Estatuan gertatzen ari denaren aldean, Nafarroan adostasunera iristeko gai izan gara berriz ere gobernagarritasunaren eta interes orokorraren onerako”, azpimarratu du.
Parlamentuko lehendakariak gogorarazi duenez, Gobernu berriak “ez du hasiera batean izanen hura babesten duten indar politikoen artean aurretiaz adostutako neurriak aurrera ateratzeko beharrezkoa den gehiengo osoa”, eta horregatik Nafarroako Parlamentuak, “nafarren ordezkaritza organoak, funtsezko protagonismoa izanen du”.
Hualdek elkarrizketarako eta adostasunerako deia egin du eta “demokraziaren funtsa” direla esan du. “Nafarroako gizartearen isla izateko” ahalegina eskatu du. Izan ere, “gizarte hori bakean bizi da, eta ez du batere zerikusirik zenbait ordezkari politikok erakutsi nahi duten gizartearekin; politikariek arduratsuak izan behar dute eta ikuskizunetik ihes egin”.
Era horretara, bi erakundeen arteko lankidetzarako deia egin ondoren, Hualdek zehaztu du “bai moldeetan bai muinean herritarrengandik hurbileko politika egin dadin” begiratuko duela, eta gardentasunaren eta herritarren parte-hartzearen aldeko apustua berretsi du.
Testuinguru horretan, legebiltzarreko lehendakaria sinetsirik agertu da Gobernuak eta Parlamentuak batera lan eginen dutela genero berdintasuna sustatzen duten politikak babesteko, eta erantsi du nahiko lukeela “egunen batean nabarmentzeko moduko gertaera ez izatea Chivite andrea Foru Komunitateko emakumezko hirugarren lehendakaria izatea”, zeren eta “horrelako gertaerak normalizatzen badira, benetako berdintasuna gure gizartera iritsi den seinale izanen baita”.
Amaitzeko, María Chiviteri zuzenduta Unai Hualdek esan du Parlamentua prest dagoela Gobernuaren ondoan lan egiteko “Nafarroa hobea eraikitzen, sozialagoa, aniztasun handiagokoa, eskubide gehiago dituena, onena bilatuz Nafarroako gizon eta emakumeentzat, fronteetatik eta alderdien interesetatik urrun”.
Luis Planas Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako eta Funtzio Publikoko ministroak azpimarratu du María Chivite sozialista buru duen Nafarroako Gobernu berriaren eraketa "joera desberdinetako lau indar politikok etorkizunari begira egindako akordio zentzudun baten fruitua” dela, zeinak, “bere aniztasunean, Nafarroako gizartearen eta Parlamentu honen errealitatea” islatzen baitu, eta “bihotz-bihotzez zorionak” eman dizkio lehendakariari.
Bestalde, ministroak lehendakariari adierazi dio Espainiako Gobernua "erabat prest" dagoela "legegintzaldi honetan nafarrei interesatzen zaizkien gai guztiei ekiteko, elkarlanean eta bi administrazioen arteko lankidetzaren bitartez".
Planasen iritziz, "Gobernu berriaren eraketa joera desberdinetako lau indar politikok etorkizunari begira egindako akordio zentzudun baten fruitua da, eta bere aniztasunean Nafarroako gizartearen errealitatea islatzen du". Eta baieztatu du ezen, Chivitek inbestidura-eztabaidako bere hitzaldian oroitarazi zuen bezala, "herritarrek gizarte osoarentzat onena bilatzen duten eta egin beharreko bidea seinalatzen duten akordioak" nahi dituztela.
Une horretan esker ona agertu dio Uxue Barkos lehendakari ohiari, "azken urteotan gobernuburutzan egindako lanarengatik eta gobernu berri honetarako egindako ekarpenarengatik".
María Chivitek “ohore eta erantzukizun” gisa definitu du bere kargu berria, eta azpimarratu du bizikidetza izanen dela “erronka nagusia”, Nafarroa erkidego plurala eta askotarikoa delako. Hori dela eta, “pentsatzeko, sentitzeko, bizitzeko eta maitatzeko modu guztiak” errespetatuko dituela agindu du.
Gobernuko lehendakariak azaldu du ezin duela bizikidetza ulertu “ez badira haren oinarrizko printzipiotzat hartzen begirunea, bakea, memoria eta egia, pluraltasunaren integrazioa eta bazterkeriarik eza”, eta batasunerako deia egin du, “aberastasuna sortzea ahalbidetuko digun oparotasuna lortzeko, berdintasuna sortu ahal izateko eta gizarte bidezkoago eta zoriontsuago baterantz aurrera egiteko”.
Hartara, gobernua “herritarrena” dela azpimarratu ondoren, Chivitek elkarrizketa eta adostasuna eskatu ditu, “batez ere gai sentikorrenetan, gure lurraldearentzat funtsezko gaiak diren horientzat”. Baieztatu du akordioaren sinatzaileek marka “aurrerakoia eta soziala” ipiniko dutela eta eginahalak eginen dituztela “erabaki bakoitza eta pauso bakoitza daitekeenik onena izan dadin, arrazoibideak, zentzuna eta gaitasuna baliatuta”.
María Chivitek azken legegintzaldiko lana eskertu dio orain arteko gobernuari eta “prozesu honetan zehar nahiz botere-eskualdaketan erakutsitako prestasuna” Uxue Barkosi. “Nafarroak gaurtik aurrera lehendakari bat dauka bere esku, autogobernuaren, berdintasunaren eta bizikidetasunaren aldeko apustu irmoa egin duena”.
Bukatzeko, Gobernuko lehendakariak hitzeman du konfiantza eraikiko duela, elkarrizketan sakonduko duela eta Nafarroa berritzaile, berdinzaleago eta sozialago batean islatuko diren emaitzetara iristeko akordioen bila arituko dela.
Musikaz laguntzea Iruñeko Orfeoiaren ardura izan da. Legegintzaldiaren hasierako ekitaldi horretan parte hartu du bi pieza interpretatuz: Benito Lertxundiren Herribehera ezaguna, Lorenzo Ondarrak moldatuta, eta Salvador Ruiz de Lunaren El Roncalés, José Antonio Huartek moldatuta. Zeremoniaren amaieran Agurra interpretatu du Duguna Dantza Taldeak.
Ekitaldira gonbidatu dituzte autonomia erkidego mugakideetako lehendakariak (EAEkoa, Aragoikoa eta Errioxakoa) eta parlamentuburuak (EAEkoa, Aragoikoa eta Errioxakoa), merindadeetako hiriburuetako eta 10.000 biztanletik gorako herrietako alkateak, eta lehendakari hautetsiaren senide eta lagunak.
Foru Komunitateko agintari nagusiak ere bertaratu dira, bai eta Nafarroako gizarteko estamentu zibil, sozial eta ekonomiko guztien eta hezkuntza nahiz kultura arloen ordezkariak ere.
Zehazki, ekitaldiko gonbidatu ofizialen zerrendan izan dira, besteak beste, Nafarroako Parlamentuko eta Gobernuko lehendakari ohiak, jarduneko Gobernuko kideak, Espainiako Gobernuaren ordezkaria, Mahaiko eta Eledunen Batzarreko kideak, legebiltzarreko parlamentariak, Nafarroako diputatu eta senatariak eta Europako diputatua, Nafarroako Kontseiluko eta Kontuen Ganberako lehendakariak eta arartekoa, bai eta herritarren eta enpresen erakundeak, sindikatuak, unibertsitate erakundeak eta lankidetzaren arlokoak ere.
Bertaratuen artean honako hauek izan dira: Inmaculada Jurío Parlamentuko Mahaiko lehendakariorde lehena, Yolanda Ibáñez bigarren lehendakariordea eta Maiorga Ramírez bigarren idazkaria, talde parlamentario guztietako eledunak eta ordezkariak, Uxue Barkos eta Juan Cruz Alli Nafarroako Gobernuko lehendakari ohiak, José Luis Arasti Gobernuaren Nafarroako ordezkaria, Enrique Maya Iruñeko Udaleko alkatea, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Gloria Elizo Diputatuen Kongresuko lehendakariordea, Jesús María García Errioxako Parlamentuko lehendakaria, Manu Ayerdi Garapen Ekonomikorako jarduneko kontseilaria, Miguel Laparra Eskubide Sozialetako jarduneko kontseilaria, María José Beaumont Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako jarduneko kontseilaria, Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako jarduneko kontseilaria, María Solana Hezkuntzako jarduneko kontseilaria, Fernando Domínguez Osasuneko jarduneko kontseilaria, Isabel Elizalde Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko jarduneko kontseilaria, Javier Gómara eta Elena Torres Nafarroako Parlamentuko lehendakari ohiak, Alberto Catalán Nafarroako Parlamentuko lehendakari ohia eta Nafarroako senataria, Ainhoa Aznárez Nafarroako Parlamentuko lehendakari ohia eta foru parlamentaria, Jaime Ignacio del Burgo Nafarroako Foru Diputazioko lehendakari ohia, kontseilarigai diren Javier Remírez, Jesús Mª Aierdi, Elma Saiz, Carlos Gimeno, Bernardo Ciriza, Rebeca Esnaola, Santos Induráin, Mª Carmen Maeztu, Juan Cruz Cigudosa, Eduardo Santos, Manu Ayerdi, Itziar Gómez eta Ana Ollo.
Javier Enériz Nafarroako arartekoa, Alfredo Irujo Nafarroako Kontseiluko lehendakaria, Francisco Javier Pueyo NJANeko lehendakaria, Ana Carmen Arboniés NJANeko fiskalordea, Sergio Sayas, Santos Cerdán eta Conchi Ruiz Nafarroako diputatuak, Ruth Goñi, Alberto Catalán eta Antonio Magdaleno Nafarroako senatariak, Carmen Jusué UNEDeko errektorea, Martín Larraza NUPeko errektoreordea, María Iraburu Nafarroako Unibertsitateko errektoreordea, Zeus Pérez Tuterako alkateordea, Lucía Echegoyen Zangozako alkatea, Maite Garbayo Erriberriko alkatea, Pablo Azcona NUKFko lehendakaria, Juan Luis Beltrán Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluko lehendakaria, Jesús Santos UGTko idazkari nagusia, Chechu Rodríguez CCOOko idazkari nagusia, Imanol Ibero EHNEko lehendakaria, Carlos Fernández CENeko idazkari nagusia, Ignacio Ugalde ANELeko lehendakaria, Celia Pinedo GKEen Koordinakundeko arduraduna, Marta Urdánoz eta José San Martin (Gurutze Gorria), Helena Gallego (ANFAS), Maider Gabilondo (UNICEF), Esther Erice Nafarroako Probintzia Auzitegiko lehendakaria, Javier Miranda Nafarroako Kutxa Fundazioko lehendakaria, Nafarroako Foru Komunitatean Defentsako ordezkaria den Manuel González koronela, José Santiago Martín Guardia Zibileko koronela, Francisco López Polizia Nazionaleko Nafarroako burua.