Noiz argitaratua Astelehena, 2019.eko Abuztuak 5

María Chivite Navascués andrea Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakari karguaz jabetzeko ekitaldia eginen da Nafarroako Parlamentuan heldu den asteartean, hilak 6

Ekitaldia Legebiltzarraren egoitzako atalondoan izanen da, 11:30ean, eta Parlamentuko Lehendakari Unai Hualde ere mintzatuko da

María Chivite Navascués andrea Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakari karguaz jabetzeko ekitaldia eginen da Nafarroako Parlamentuan heldu den asteartean, hilak 6.

 

Ekitaldirako deia Nafarroako Parlamentuko lehendakariak egin du, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeko 25. artikuluari jarraituz. Bertaratuen artean Espainiako Gobernuko Sustapen ministro Jose Luis Abalos eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministro Luis Planas egongo dira.

 

Karguaren jabetza hartzeko ekitaldia 11:30ean hasiko da, Nafarroako Gobernuko Tronpeta eta Tinbal Bandak Nafarroako ereserkia jotzearekin. Jarraian, Legebiltzarreko Mahaiko bigarren idazkari Maiorga Ramirezek, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria izendatzeko Errege Dekretua irakurriko du.

 

Gero, lehendakariak bere karguaren gaineko hitzematea eginen du Parlamentuko Lehendakariaren aurrean, honako formula hau erabiliz:

 

“Prometo respetar, mantener y mejorar el Régimen Foral de Navarra, acatar la Constitución y las Leyes y cumplir fielmente las obligaciones de mi cargo de Presidenta del Gobierno de Navarra”.

 

Hitzematearen ondoren, Nafarroako Parlamentuko lehendakaria, Unai Hualde jauna, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministro Luis Planas eta Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite andrea, mintzatuko dira.

 

Musikaz Iruñeko Orfeoia arduratuko da, zeinak bi obra kantatuz parte hartu baitu legegintzaldi-hasiera honetan: Jaurrietako Axuri Beltza herrikoia, Lorenzo Ondarrak eginiko moldaketaren araberakoa, eta Raimundo Lanas-en "Navarra mía". Saioa Duguna Dantza Taldearen aurresku batekin bukatuko da.

 

Ekitaldira gonbidatuta daude Nafarroarekin mugakide diren autonomia erkidegoetako (Euskadi, Aragoi, Errioxa) eta haien Parlamentuetako lehendakariak, merindade buru eta 10.000 biztanle baino gehiagoko herrietako alkateak eta lehendakari hautetsiaren familiarteko nahiz lagunak.

 

Halaber, aurreikusita dago Foru Komunitateko agintari nagusiak eta nafar gizarteko talde zibiko, sozial, ekonomiko, hezkuntza-arloko eta kultural guztien ordezkariak bertaratzea.

 

Zehazki, ekitaldira ofizialki gonbidatuta daudenen zerrendan daude, besteak beste, Nafarroako Parlamentuko eta Gobernuko lehendakari ohiak, jarduneko gobernua, Gobernuaren Ordezkaria, Mahaiko eta Eledunen Batzarreko kideak, Legebiltzarreko parlamentariak, Nafarroaren diputatu eta senatariak, Europako diputatua, Nafarroako Kontseiluko eta Kontuen Ganberako lehendakariak eta Arartekoa, bai eta erakunde zibikoak eta enpresa-, sindikatu-, unibertsitate- eta lankidetza-arlokoak ere.