María Chivite (PSN) hautagaiaren Inbestidura Eztabaidarako Osoko Bilkura datorren ostegunean 12:00etan ospatuko da
Lehendakariak 20:30etan ezarri du bozketa, eta lehenengo bozketan hautagaiak gehiengo osoa lortzen ez badu, ostiralean ordu berean errepikatuko da
Legebiltzarreko organo gidariek Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurarako deia egin dute datorren ostegunerako, abuztuak 1 (12:00), Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernuko Lehendakariaren inbestidura eztabaidaren ospakizunerako.
Nafarroako Parlamentuko Lehendakariak, Unai Hualdek, pasa den astelehenean, hilak 29, Mahaiaren eta Eledunen Batzarrari María Chivite Navascuésen hautagaitza jakinarazi zion Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernuko Lehendakaritzarako.
Parlamentuko lehendakariak Legebiltzarrari jakinaraziko dio Gobernuko lehendakaritzarako hautagai-proposamena. Horrela hasiko da bilkura.
Ondoren, proposatutako hautagaiak osatu nahi duen gobernuaren programa politikoa azalduko du, denbora mugarik gabe, eta Legebiltzarraren konfiantza eskatuko du.
Lehendakariak erabakitako etenaldiaren ondoren (13:30-15:00), hala eskatzen duen parlamentu-talde bakoitzeko ordezkari bana mintzatuko da hogeita hamar minutuz, taldekide kopuruaren araberako hurrenkeran, handienetik hasi eta txikieneraino.
Eskatzen duen guztietan erabili ahalko du hitza proposatutako hautagaiak. Mintzatu den bati bakarka erantzuten badio, ihardesteko eskubidea izanen du horrek. Halaber, hautagaiak parlamentu-taldeen ordezkariei eta askotariko parlamentu-taldea osatzen dutenei batera erantzuten badie, ihardesteko eskubidea izanen dute horiek. Lehendakariak erabakiko du ihardesteko txanden iraupena.
Lehendakariak erabakitako orduan eginen da bozketa (20:30). Bozketa isilpekoa izanen da eta boto-txartelen bidez eginen da. Proposatutako hautagaiak Parlamentuko kideen gehiengo osoaren botoa bereganatzen badu, konfiantza eman zaiola ulertuko da. Halako gehiengorik lortzen ez badu, hogeita lau orden buruan (20:30) beste bozketa bat eginen da, eta hautagaiari konfiantza eman zaiola ulertuko da bigarren bozketan gehiengo soila lortzen badu.