Marisa de Simón izanen da Nafarroan apustu-etxeak arautzeko ponentziaren burua
Lantaldeak azaroaren 22ra arteko epea dauka joko eta apustu-etxeen kontrol eta prebentziorako neurriak garatzeko plangintza zehazteko
Marisa de Simón (I-E) buru duen Nafarroako udalerrietan apustu-etxeak arautzeko Ponentzia eratu da gaur eguerdian.
Urriaren 2an Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Batzordeak aho batez onetsia, Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak proposatutako ponentziaren helburua “jokoak sortutako ludopatia eta mendekotasunak eragiten dituen kalteak ahalik eta gehien murriztea da, nerabeen eta arazo ekonomikoak dituzten pertsonen osasun fisiko eta mentala arriskuan jartzen baitute”.
Ponentziak eragile sozialen eta pertsona adituen ekarpenak bilduko ditu, eta bere funtzioak garatuko ditu eskatutako lana amaitu arte, jasotako informazioa txosten batean islatuz Ponentziaren sorreratik 6 hilabeteko epean (luzatzeko aukerarekin), hau da, apirilaren 25ean.
Momentuz, azaroaren 22ra arteko epea zabaldu dute lan plangintza zehazteko. Behin Legebiltzarreko zerbitzuen dokumentazioa jasota (12ra arteko epea) eta taldeek proposatutako agerraldiak aurkeztuta (15era arteko epea), saioak ostiraletan egitea (12:00) aurreikusi dute.
Marisa de Simón buru duen ponentzia osatzen dute José Suárez (Navarra Suma), Jorge Aguirre (PSN), Blanca Regúlez (Geroa Bai), Bakartxo Ruiz (EH Bildu) eta Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu) parlamentariek.
Ordezko parlamentariak dira: Carlos Pérez Nievas (Navarra Suma), Inma Jurío (PSN), Jabi Arakama (Geroa Bai), Txomin González (EH Bildu) eta Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu).
Abiapuntu gisa eta apustu-etxeen hazkundea gelditzeko, egoera hau xehetasunez eta sakonki aztertzeko xedea du ponentziak, izan ere, langabezia tasa altua duten auzoetan, eta hauen aisialdi gune eta institutu inguruetan kokatzen baitira negozio hauek.
Kaltetuen kolektiboen eta inplikatutako eragileen parte hartzearekin, proposamenak adostuko dira Nafarroako Gobernuak negozio hauek sakonki kontrola ditzan, prebentzio neurrien bidez, esaterako, eta publizitatea debekatzeko aukera ere aurreikusten da.
Eledun guztiek bat egin dute ludopatiaren prebentziorako aurrerapausoak emateko beharraren inguruan, “osasun publikoaren lehen mailako arazo bat” baita, eta honi aurre egiteko “informazioa, hezkuntza eta legeak” behar direla adierazi dute.
Honekin lotuta, pasa den urriaren 23an Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Batzordeak ebazpen bat onesi zuen aho batez Nafarroako Gobernua premiatzen duena "egoki diren neurriak gara ditzan indarreko araudiaren baitan, Nafarroako Foru Komunitatean apustu-etxeak bingoak edo jokoarekin nahiz apustuekin lotutako jarduerak egiten diren lokalak irekitzeari moratoria bat ezartzeko, horretarako eratu den ponentziak bere lana egiten duen bitartean".