Marta Rodríguez, Mikel Berraondo, Roldan Jimeno eta María Soledad Barber 16/2019 Foru Legeari lotutako Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzordeko kide izateko hautatu dituzte
PSNk eta Geroa Baik proposatuta, biktima aitortzeko eskaerak aztertzeaz arduratzen den organoaren parte izango dira
Parlamentuko Osoko Bilkurak Marta Rodríguez, Mikel Berraondo, Roldan Jimeno eta María Soledad Barber aukeratu ditu gaur Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzordeko kide izateko, Eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen errekonozimenduari eta erreparazioari buruzko martxoaren 26ko 16/2019 Foru Legearen13. artikuluari jarraiki.
Hautaketa isilpeko bozketaren bidez egin da, boto-txartelen bitartez, orri bakoitzean 4 izen idazteko aukerarekin. Arauek zehaztu bezala, gutxienez Legebiltzarreko kideen gehiengo osoa (26 boto) lortu duten hautagaiak izan dira hautatuak.
Marta Rodríguez, Mikel Berraondo, Roldan Jimeno eta María Soledad Barber hautagaiek 29 boto lortu dituzte. 20 boto zuri erregistratu dira.
Marta Rodríguez, Soziologian doktorea Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Unibertsitateko Irakasle Titularra eta I-Communitas Ikerketa Institutuaren ikertzailea da.
Mikel Berraondo, Giza Eskubideetan eta herri indigenetan espezializatutako abokatua, Deustuko Unibertsitateko Giza Eskubideen Institutuko ikertzailea eta Iruñeko Gizarte Ikasketak Sustatzeko Institutuko (IPES) Giza Eskubideen Gelako kidea da.
Roldan Jimeno, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zuzenbidearen Historiako irakasle titularra, gaur egun Unibertsitateko idazkari nagusia da. Zuzenbidean lizentziatua da Urrutiko Hezkuntzako Unibertsitatean, Historian doktorea, Filosofian eta Hezkuntza Zientzietan doktorea eta Zuzenbidean doktorea Deustuko Unibertsitatean.
María Soledad Barber, abokatua, Unibertsitateko irakasle titularra eta Nafarroako Probintzia Auzitegiko ordezko magistratua da.
Lau kideak sei urterako aukeratu dituzte, eta, horiekin batera, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusiak eta Nafarroako Memoriaren Institutuko arduradunak osatzen dute Batzordea, honako hauek berezko kideak izanik. Era berean, bi auzitegi-peritu eta psikologo bat sartzen dira, biak Nafarroako Auzitegi Medikuntzako Institutuak biktimen arloan esperientzia duten profesionalen artean izendatuak.
Hautagaitzak aurkezteko epea 2021eko azaroaren 26an amaitu zen, eta talde parlamentarioek bost izen erregistratu zituzten. Marta Rodriguez eta Mikel Berraondo PSNren babesarekin; Roldan Gimeno eta Maria Soledad Barber Geroa Bairen babesarekin; eta Javier Miranda Erro EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren babesarekin. Azken hautagaitza hori, azkenean, erretiratu egin zen. Navarra Sumak ez zuen hautagaitzarik aurkeztu.
Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzordea biktima izan den edo ez aitortzeko ardura duen organoa izango da, eta, hala bada, antzeko ekintzen eraginpean dauden gainerakoekin eskubideak homologatuko ditu. Urtebeteko epean ebatzi beharko ditu egitateak eta inguruabarrak ezagutu, dokumentatu eta argitzearen inguruan eratutako egia jakiteko eskubidearen babesean hasitako espedienteak.
Eskaera bakoitzak txosten bat ekarriko du, eta urtebeteko epean Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen arduradunari helaraziko zaio. Arduradun horrek hiru hilabete gehiago izango ditu ebazpena emateko, eta beste hilabete bat interesdunari helarazteko. Biktima gisa deklaratzeak berekin ekar dezake, osasun-laguntzaz gain, kalte "fisiko eta/edo psikologiko eta materialengatiko" kalte-ordain ekonomikoak aitortzea. Errekurtsoak jartzeko aukera aurreikusten da.