Memoria eta Bizikidetzako Batzordeak Erorien Monumentua bisitatu du
PSNk, EH Bilduk eta Geroa Baik “esanahia aldatzearen” irismena nabarmendu dute, C-Z taldeak eraistearen alde duen jarrera berretsi du, UPNk “erabilera berriak” ematearen alde egin du eta PPNk bazterketa eta sektarismoa” aipatu ditu
Memoria eta bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskarako Batzordeak Erorien Monumentua bisitatu du gaur Contigo-Zurekin taldeak eskatuta.Obeliskoak Gerra Zibileko altxatuen bandoko 4.500 biktima nafarrei egiten die aintzatespena, eta sakralizatzen ditu. Erakusketa areto gisa berregituratu zuten 2002an, eraikinaren izena ezkutatu ostean, Navarra a sus Muertos en la Cruzada Nacional baitzen.
Batzordeko kide hauek egin dute bisita: Juan Luis Sánchez de Muniáin (UPN), Inma Jurío, Javier Lecumberri (PSN), Adolfo Araiz (EH Bildu), Itxaso Soto (Geroa Bai), Javier García (PPN) eta Carlos Guzmán (Contigo Zurekin).
Parlamentuko ordezkariei harrera egin diete Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorreko zuzendari Iñigo Gómezek, eta Gardentasun eta Komunikazio Instituzionaleko zuzendari Alberto Gilek, biak Iruñeko Udalekoak.
Bisitak xedetzat izan du, Carlos Guzmánek hitzaurrean adierazi duenez, “hileta panteoi tetriko horren instalazioak (barrukoak eta kanpokoak) eta kontserbazio egoera ezagutzea, alderdien taktizismoen nahiz hauteskunde kalkuluen aurrean, anomalia demokratiko hori –Estatuaren gorespen faxistako bigarren monumentu nagusia– eraistera eramanen duen memoriaren inguruko hausnarketa bultzatzeko".
Ondoren, Memoria eta Bizikidetzako Batzordeak Askatasunaren Plazan dagoen multzo arkitektonikoaren hainbat gela bisitatu ditu, baina ez dira kriptara sartu (gozamena artzapezpikuak du). Bertan izan ziren Mola eta Sanjurjo jeneralen gorpuzkiak 2016ko azaroan atera arte. Zehazki, parlamentariek goiko solairuko elizan izan dira eta kupulara igo dira, hor barnean 700 m2 inguruko horma-irudien multzo bat baitago.
Ikonografia hori Ramón Stolz margolari eta dekoratzaile valentziarraren lana da (1903-1958), eta lau eszenaz dago osatuta. Eszena horiek, kronologikoki “Jainkoaren eta Aberriaren aldeko nafarren espiritu erlijioso eta batailatzailea” gogora ekartzeko ahaleginean, irudikatzen dituzte Erdi Aroko gurutzadak (Antso Gotorra Tolosako Nabeetan), Asiako ebanjelizazioa (San Frantzisko Javier), herri erlijiositatea (Uxueko eta Orreagako gurutzeak), XIX. mendeko karlistaldiak eta erreketeen eta nazionalen Gerra Zibila.
Memoria eta Bizikidetzako Batzordeak sotoak eta gainerako espazio disfuntzionalak zer egoeratan dauden egiaztatzeko aukera izan du, eta eraikinaren inskripzioetan ere erreparatu dute.
Kanpoaldean, eraikinari izen ofiziala ematen dion arkupekoaz gain, beste bi daude, alde batean zein bestean. Ezkerrekoak Francoren dekretua jasotzen du, Nafarroari San Fernandoko Gurutze Laureatua ematen diona (1937-11-8), eta eskuinekoak, berriz, Foru Aldundiaren aldarrikapena (1936-8-21). Guztiak daude estalita.
Barruan, kriptaren, tenpluaren eta kupularen inskripzioak erlijioaren eta aberriaren defentsari buruzkoak omen dira, Francoren diktaduraren nukleo dogmatikoa osatzen duten bi kontzeptu baitira.
Hitz egiteko izan duen txandan, Contigo-Zurekin taldeko eledunak haien asmoa berretsi egin du eta esan du "eraitsi behar dela, premiaz eta indarrean dagoen legeriarekin bat etorriz". PSN, EH Bildu eta Geroa Bai taldeen ordezkariek “esanahia aldatze” aldera udal taldeek hartu duten erabakiaren edukia berretsi dute. UPNk, bestalde, ez du “ezer berririk” hauteman eta PPNk haien akordioa “sektarismo politikoaren” parean kokatu du.”.
Carlos Guzmánek (Contigo-Zurekin) onartu duenez, bisitak eragin du “premiaz eta indarrean den legediarekin bat etorriz eraistea baliozko irtenbide bakarra delako ideia berrestea”
Juan Luis Sánchez de Muniáinek (UPN) esan duenez, bisitak “ez du nobedaderik izan eta espero bezala izan da. Eraikina hutsik dago, ez da erabiltzen, eta hiriaren onerako beste zeregin batzuetarako erabiltzen ahal da”
Inma Juríok (PSN) azpimarratu du “esku hartzeko lortutako akordioak garrantzia duela, Nafarroan sufritu zutenen memoria mantendu eta transmititzeko, inoiz ez baitzen gertatu beharko”.
Adolfo Araizek (EH Bildu) argi utzi nahi izan duenez, “arazo politikoak daude esanahia aldatzetik harago joanen diren gehiengoak osatzeko. Gainera, lege zailtasunak eta jurisprudentzia kontsolidatua ditugu aurrean, eta horren ondorioz ezin dugu eraitsi. Prozesu irekia da eta espero dugu orain akordioa kritikatzen dutenekin adostasuna topatuko dugula”.
Itxaso Sotok (G.P. Geroa Bai) esan du eraikina “frankismoa gorestekoa denez sinbologia guztia ezabatu behar dela. Beti ibili gara horretan. Kupula ezabatzea da erabakiaren puntu nagusia”.
Javier Garcíaren (PPN) hitzetan, PSN, EH Bildu eta Geroa Bai taldeek “lideratutako” akordioa, “konponbide duina eta adostua baino, adabakia da, esklusioaren eta sektarismo politikoaren adibide bat. Aditu, herritar eta indar politiko guztien arteko elkarrizketa ireki eta egiazko baten alde egin nahi dugu, Monumentuaren etorkizunaren inguruan erabakitzeko. Esku hartze orok ondare historikoa eta askotariko sentsibilitateak errespetatu behar ditu. Akordio horrek berriz ere erakusten du PSN Bilduren asmoetara errenditzeko prest dagoela botereari eusteko, bai eta benetako ulermen soziala bilatzen duten proposamenei uko egiteko ere”.
Behin bisita amaitu ondoren, UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai, PPN eta Contigo-Zurekin taldeetako eledunek informazioa bildu dute, etorkizunean ekimenak abian jartzeko, hala badagokio.
José Yárnozek eta Víctor Eusak diseinatua, Erorien Monumentua Nafarroako Aldundiak eraiki zuen (1942-52) Iruñeko Udalak Carlos III etorbidearen amaieran lagatako partzela batean.. 1961ko uztailaren 17an inauguratu zuten ofizialki, eta Mola eta Sanjurjo jeneralen gorpuzkiak jarri zituzten kriptan. Gerora, 2016an, bertatik atera zituzten.
2018. urtean parte hartzeko prozesu bat jarri zen abian toki horren eta haren ingurunearen esanahia aldatzeko eta eraldatzeko. 2019an, Nafarroako Administrazio Auzitegiaren epai batek monumentu multzoa transmutatzeko ideien lehiaketako epaimahaiaren erabakia geldiarazi zuen, eta Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 2. epaitegiak erabaki hori berretsi zuen 2020an. Hilaren 20an, PSN, EH Bildu eta Geroa Bai udal taldeek aditzera eman zuten mausoleoa partzialki eraisteko eta esanahia aldatzeko akordio bat zutela.