Memoria Historikoari buruzko Legearen esparruan ordain moralerako hogei agiri emateko ekitaldia eginen da Parlamentuan asteazken honetan, irailak 30
Birgaitze eta errekonozimendu pertsonaleko aitorpen agiriak banatzeko ekitaldia eginen da Nafarroako Parlamentuan datorren asteazkenean, irailak 30 (12:30etan atalondoan). Aurtengoan Nafarroako Fusilatuen eta Desagertuen Familien Elkarteko (AFFNA) hogei bat senideri emango zaizkie agiriak.
Unai Hualdek emanen dio hasiera Memoria Historikoari buruzko Legearen babesean egindako ospakizunari, eta ondoren hitza hartuko dute María Chivite Nafarroako Gobernuko lehendakariak, Amaia Lerga AFFNAko lehendakariak eta Espainiako Gobernuko lehendakariorde Carmen Calvok. Jarraian, fusilatuen senitartekoek hitz eginen dute, eta amaitzeko, ordain moralerako agiriak banatuko dira.
Ordain moralerako agirien banaketa abenduaren 26ko 52/2007 Legearen 4. artikuluko 1. zenbakian xedatzen denari jarraikiz egin da, “zeinaren bidez Gerra Zibilean eta diktaduran jazarpena edo indarkeria pairatu zutenen eskubideak onartzen eta zabaltzen diren, eta haien aldeko neurriak ezartzen diren”.
Memoria Historikoari buruzko Legearen artikulu horren arabera, “Gerra Zibilean eta diktaduran aurreko artikuluetan aipatutako ebazpenen ondorioak pairatu zituztenek birgaitze eta errekonozimendu pertsonaleko Aitorpena lortzeko eskubidea dutela onartzen da. Eskubide hori guztiz bateragarria da aurreko arauetan kaltea ordaintzeko onartutako gainerako eskubide eta neurriekin, baita auzitegian aurrera eraman litezkeen ekintzak gauzatzearekin ere”.