Mikel Arregi Perezen hautaketarekin NUPeko Gizarte Kontseiluko bere ordezkaritza osatu du Parlamentuak
Geroa Baik proposatuta, gizarteak unibertsitatean parte hartzeko Unibertsitate Publikoak duen erakunde kolegiatuaren parte izanen da
Parlamentuaren osoko bilkurak Mikel Arregi Perez hautatu du NUPeko Gizarte Kontseiluko kide izateko, Geroa Bairen proposamenez.
2015etik 2023ra Euskarabideako zuzendari kudeatzailea izandako Mikel Arregik 30 boto lortu ditu, proposamena egin duen taldearenak eta PSNren, EH Bilduren eta Contigo-Zurekinenak. 18 boto zuri eta baliogabeko 2 erregistratu dira.
Hautaketa boto-paperen bidezko isilpeko bozketaren bidez egin da, eta parlamentari bakoitzak izen bakarra hautatu du. Hautaketa aurrera eramateko gehiengo osoa eskatzen zen, eta ez da beste hautagaitzarik aurkeztu.
Gizarte Kontseilua gizarteak unibertsitatean parte hartzeko duen erakunde kolegiatua da, eta bere eginkizuna nafar erakunde eta gizartearen eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren arteko harremanak sustatzea da.
Hemeretzi mahaikidek osatzen dute, eta honela banatuta daude: Nafarroako interes sozialak ordezkatzeko hamahiru kide eta Unibertsitateko komunitatearen sei ordezkari. Hauek dira errektorea, idazkari nagusia, gerentea eta Gobernu Kontseiluko hiru kide. Nafarroako interes sozialak ordezkatzeko hamahiru kideetatik bost Nafarroako Parlamentuak izendatzen ditu, lau Nafarroako Gobernuak eta gainerakoak sindikatu edo empresa nagusiek.
Gizarte Kontseiluaren eginkizunak dira jarduera ekonomikoak, zerbitzuen errendimendua eta kalitatea, erakunde plangintzaren eta garapenaren jarduerak ikuskatzea, gizartearen lankidetza sustatzea Unibertsitatearen finantzaketan eta harremanak bultzatzea gizartearekin.