Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Irailak 15

Minutu bateko isilunearekin hasi da osoko bilkura pasa den astean lan istripuetan zendutako bi langileak eta genero indarkeriaren azken biktima oroitzeko

Parlamentuko lehendakariak Legebiltzarraren dolumina eta elkartasuna helarazi die senitartekoei

Minutu bateko isilunearekin eman diote hasiera gaur osoko bilkurari, pasa den astean lan istripuetan zendutako bi langileak eta genero indarkeriaren azken biktima oroitzeko.

 

Juantxo Arregi Bengoetxea, 55 urteko olaztiarra, joan den ostegunean hil zen Cementos Portland enpresan izandako lan-istripu baten ondorioz.

 

Eneko Rekarte Oteiza, 45 urtekoa eta Donamariako bizilaguna, ostiralean hil zen Iturengo etxebizitza batean toldoa jartzen ari zela larri zauritu ondoren.

 

Indarkeria matxistaren kasuan, asteartean Zaragozako probintzian eraildako 71 urteko emakumearekin 29 dira aurten eraildako emakumeak, eta 1.159 2003an estatistika hori erregistratzen hasi zirenetik.

 

Unai Hualdek, Foru Legebitzarreko Presidenteak, Ganberaren doluminak eta elkartasuna helarazi dizkie hildakoen familiei.