Noiz argitaratua Asteazkena, 2019.eko Urtarrilak 30

Montepioetako funtzionarioen eskubide pasiboak aldatzen dituen Foru Lege proiektuari buruzko irizpena onetsi da

Arauak amatasunagatiko osagarria ezartzen du kotizaziopeko pentsioetan, eta erretiroa hartzeko adina murrizteko koefiziente berriak sortzen ditu

Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Batzordeak gaur bere irizpena onetsi du Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen eskubide pasiboen araubide iragankorrari buruzko martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legea aldatzen duen Foru Lege proiektua dela eta.

 

Gobernuak bultzatutako foru lege proiektu horren xedea da Nafarroako aurreikuspen sozialeko eta eskubide pasiboetako sistemara ekartzea lehenik Gizarte Segurantzaren sistema orokorrean eta ondoren, zenbait kasutan, Estatuko klase pasiboen araubidean ezarri diren berritasunak eta aldaketak.

 

Aurreikusten da, zehazki, Gizarte Segurantzaren eta Estatuko klase pasiboen sisteman kotizaziopeko pentsioek duten amatasun-osagarria Nafarroako araubidean ezartzea; jarduerarengatik (tokiko poliziak eta, gerora hala erabakitzen bada, Foruzaingoa) edo desgaitasunarengatik erretiro adina murrizten duten koefizienteak ezartzeko araubide juridikoa erregulatzea Gizarte Segurantzaren esparruan; erretiro pentsioa jasotzearen eta lanaren arteko bateraezintasunen araubidea; eta zurztasun-pentsioen erregulazioa.

 

Halaber, desadostasun batzuk zuzentzen dira prestazioen preskripzioari eta iraungitzeari dagokienez, bai eta sortzapenari dagokionez ere, arazoak sortu baitituzte haien aplikazio praktikoan; eta nahitaezko erretiroaren adina bete ondoren lan bizitza borondatez luzatzeagatiko pizgarria Gizarte Segurantzara egokitzen da.

 

Jarduera edo desgaitasuna dela eta erretiro adina murrizten duten koefiziente berrien bidez zuzendu nahi dira Nafarroako administrazio publiko desberdinetako langileen artean dauden konparaziozko bidegabekeriak, aurreikuspen sozialeko araubide desberdinei atxikita egotearen ondorioz sortuak. Parekatzeak berekin dakar hamalaugarren xedapen gehigarriko 1. puntua (katalogo bat sortzea, arrisku edo zailtasun bereziko lanbideena, 55 urtetik aurrerako erretiro aurreratua aplika dakiekeena) bertan behera uztea, baina aurreikuspen hori osoko bilkuran zehaztu zain geratu da.

 

Hala, suhiltzaileentzat xedatutakoarekin bat, Nafarroako toki entitateen zerbitzuan tokiko polizia gisa lan egiten duten funtzionarioei ere aplikagarri izanen zaie erretiro adinaren murriztapen koefizientea, Gizarte Segurantzaren alorreko araudi indardunean ezarritakoaren arabera.

 

Hala ere, edozein arau aldaketaren ondorioz inoiz gertatzen bada dagoena baino baldintza hobea sortzea, erretiro adina murrizteko koefizientea aplikatzeari uko egin dionak (uko egiteko bi hilabeteko epea dago, legeak indarra hartzen duenetik hasita) hura aplikatzea hautatu ahalko du atzeraeraginez, dagozkion ekarpen ekonomikoei kalterik egin gabe.

 

Foruzainentzat antzeko egoera aurreikusten da, baldin eta Gizarte Segurantzak murrizte koefizienteak ezartzen baditu edo erretiroa hartzeko adina aurreratzen badu. Baita kasu honetan ere: kidego hori sartzen bada beren arrisku bereziagatik edo zailtasunagatik 55 urtetik aurrera erretiro aurreratua aplikatzeko modukoak diren lanbideen katalogoan. Aukera hori indargabetu egin zen proiektuaren jatorrizko testuan, eta berriro jaso da Foruzaingoa aipatzen duen in voce zuzenketan. Azkenik, osoko bilkurako eztabaidan erabakitzen denaren menpe dago.

 

Era berean, montepioetako funtzionarioei, Gizarte Segurantzaren esparruan jasota dagoen desgaitasunen bat badute, aplikatuko zaizkie erretiroa hartzeko adina murrizteko koefizienteak edo, kasua bada, adina murriztuko zaie erretirorako gutxieneko adina ezarriz.

 

Nolanahi dela ere, erretiroa hartzeko adina murrizteko koefiziente berrien aplikazioa edo adin hori murriztea, jarduera edo desgaitasuna dela eta, Gizarte Segurantzaren arloan indarra duen araudiari edo aplikatzekoa den lege arauari lotuta eginen da.

 

Zurztasun pentsioari dagokionez, 18 urtetik 21era igotzen da sorospen horretarako eskubidea izateko ezarritako adin muga, eta 25 urte bete arte (hiru urte gehiagoz) jasoko dela ezartzen da, hildakoa ama, aita nahiz bi gurasoak izan, baldin eta urteko diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata indarduna baino txikiagoak badira.

 

Gainera, umezurtza ikasten egon eta 25 urte ikasturtean betetzen baditu, zurztasun pentsioa hurrengo ikasturtea hasi ondoko hilabeteko lehenengo eguneraino mantenduko da.

 

Bestalde, lan bizitza borondatez luzatzeari dagokionez, araua berrikusi eta Gizarte Segurantzako sisteman xedatutakora egokitzen da. Hartara, nahitaezko erretiroaren adina (65) bete ondoren lan egiten jarraitzea hautatzen dutenei ere aplikatuko zaie pentsioaren % 2ko igoera kotizatutako urte bakoitzeko, baldin eta 35 urteko kotizazioa frogatua badute. Hala izan ezean, aipatutako portzentaje gehigarri hori aplikatuko da kotizazio aldi hori frogatzen den egunetik aurrera.

 

Testuinguru horretan, azpimarratu egiten da preskribaezina dela erretiro pentsioa jasotzeko eskubidea, bai eta heriotzagatiko eta bizirik irauteagatiko prestazioak jasotzekoa ere, baina, kasu horretan, eskubidea aitortzeak eskaera aurkeztu baino hiru hilabete lehenagotik izanen ditu ondorioak, ekar ditzakeenak. Interesdunari egotz dakizkiokeen akatsak tarteko direnean, ordea, eskubide horrek ondorio ekonomikoak izanen ditu, soilik, akatsak zuzendu eta biharamunetik aurrera.

 

Ezintasun iraunkor partzialagatiko eta ezintasuna sortzen ez duten lesio iraunkorrengatiko prestazioak aitortzeko eskubideak bost urtera preskribatuko du, prestazioaren gertaera eragilea izan eta biharamunetik hasita. Noiz gertatu den zehazteko, Gizarte Segurantzaren esparruan xedatutakoa hartuko da aintzat.

 

Prestazioak osotara eta behin bakarrik jasotzeko eskubidea urtebetera iraungiko da, haiek jakinarazi eta biharamunetik hasita.

 

Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen eskubide pasiboen araubide iragankorrari buruzko martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legeak aurreikuspen sozialeko eta eskubide pasiboetako sistema bat ezartzen du, berekia, autonomoa eta independentea Gizarte Segurantzaren sistemarekiko eta Estatuko klase pasiboen sistemarekiko.

 

Sistema horrek Gizarte Segurantzaren araubide orokorraren oinarri diren funtsezko printzipioak biltzen ditu, eta montepioen sistemak, oraingo legean aurreikusitakoaren aurrekoak, zituen zenbait berezitasun aurreikusten ditu, zeinek Estatuko klase pasiboen araubidean jasotakoen nolabaiteko antza baitute.

 

10/2003 Foru Legean jasotako araubide hori aukeratu zuten funtzionarioek “desagertu beharreko kolektiboa” osatzen dute, eskubide pasiboetako aurreko sisteman jarraitzea aukeratu zutenek bezala.

 

Batzordean egindako eztabaidan 2 in voce zuzenketa eztabaidatu eta onetsi dira, Parlamentuko talde eta parlamentari-elkarte guztiek sinatuak. Biak zuzenketa teknikoak izan dira.

 

Irizpena onetsi ondoren, Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen eskubide pasiboen araubide iragankorrari buruzko martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legea aldatzen duen Foru Lege proiektua otsailaren 14ko osoko bilkuran aurkeztuko da behin betiko eztabaida eta bozketa egiteko.

 

Gaur arratsaldeko bilkuran, Unai Hualde (Geroa Bai talde parlamentarioa) buru zutela, parlamentari hauek izan dira: Sergio Sayas, Luis Zarraluqui, Begoña Ganuza, Pachi Irízar (UPN talde parlamentarioa), Patxi Leuza, Rafael Eraso (Geroa Bai talde parlamentarioa), Adolfo, Arantxa Izurdiaga (EH Bildu talde parlamentarioa), Rubén Velasco, Carlos Couso (Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioa), Conchi Ruiz, Inma Jurío (PSN talde parlamentarioa), Javier García (PPNko foru parlamentarien elkartea) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkartea).