Noiz argitaratua Asteazkena, 2022.eko Ekainak 15

Motibazio politikoko ekintzen biktimen errekonozimenduari eta erreparazioari buruzko 16/2019 Foru Legea aldatzeko proposamenari buruzko irizpena onetsi da

Kalte fisiko, psikologiko eta materialengatiko prestazio zehatzak ezartzen dira, Terrorismoaren Biktimei laguntzeko Foru Legera jotzeak sortzen zituen aplikazio-arazoak saihesteko

Herritarrekiko Harremanetako Batzordeak gaur Motibazio politikoko ekintzen biktimen errekonozimenduari eta erreparazioari buruzko 16/2019 Foru Legea aldatzeko proposamenari buruzko irizpena onetsi da.

 

2019ko martxoan onetsitako arauaren 12. artikuluan jasotzen da Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko 9/2010 Foru Legera jo behar dela osasun-laguntzari eta kalte fisiko, psikologiko eta materialengatiko kalte-ordainei dagokienez, eta PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk sustatutako lege proposamen honen helburua da artikulu horrek eragiten dituen aplikazio-arazoak konpontzea. Arauaren edukia 2015ekoaren antzekoa da, Konstituzio Auzitegiak Botere Judizialaren eskumenak inbaditzen zituela iritzita deuseztatu zuenaren antzekoa .

 

Gauzak horrela, eta 16/2019 Foru Legearen 5.3 artikuluan jasotako diskriminaziorik ezaren printzipioarekin bat etorriz, saihestu egin nahi da Estatuko Administrazio Orokorrak emandako laguntzen izaera osagarria dela eta (ez baititu konpentsatzen motibazio politikoko biktimak) desberdintasun hori erregelamendu bidez zuzentzen saiatzeak ekarriko lukeen arriskua.

 

Horretarako, biktimen kolektiboen arteko (terrorismoarenak/motibazio politikoarenak) babes-parekatzeari beharrezko segurtasun juridikoa emateko, 16/2019 Foru Legera jotzea ezabatu da (estatuko kalte-ordainaren % 30 ordaintzen du), eta arrazoi politikoengatik indarkeria jasan duten pertsonen aldeko prestazio zehatzak ezarri dira.

 

Jasandako kalte fisiko eta/edo psikologikoengatiko ordain ekonomikoen zenbatekoak hauek izanen dira: heriotzagatik 250.000 euro, baliaezintasun handiagatik 500.000 euro, ezintasun iraunkor absolutuagatik 180.000 euro, ezintasun iraunkor osoagatik 100.000 euro, ezintasun iraunkor partzialagatik: 75.000 euro.

 

Zenbateko horiek bateragarriak izanen dira biktimek jasotzeko eskubidea duten beste edozein zenbatekorekin, non eta ez diren kontzeptu beraren ondoriozkoak. Gainera, handiagotu eginen dira kantitate finko batean, kasuko errenta-adierazle publikoaren 20 hilabete-kuotakoa, heriotza-unean edo lesioa eragin zuen indarkeriazko ekintzaren unean biktimarekiko mendekotasun ekonomikoa zeukaten ondorengo ahaideetako edo harreran hartutako adingabeetako bakoitzarengatik.

 

Bestalde, Osasunbidea-Nafarroako Osasun zerbitzuak beharrezkoa gertatzen den osasungintza-arreta eta/edo arreta psikologikoa emanen die biktima deklaratuak diren pertsonei, eta ezinezkoa denean, eta beste zentro batzuetan eman beharrekoa denean, administrazio horrek eskaturiko zerbitzu eta tratamendu bakoiztuen ondoriozko gastuak ordainduko dira.

 

Kalte materialen ordainketek ordezko izaera izanen dute administrazio publikoek aitorturikoen edo aseguru-kontratuetatik eratorritakoen aldean, eta kontzeptu horiengatik jasotako kopuruan murriztuko dira.

 

Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzordeari dagokionez, Administrazio publikoko kide izan gabe batzordeko kide diren pertsonek eskubidea izanen dute, beren eginkizunetan aritzeagatiko ordain gisa, Nafarroako Gobernuaren erabaki bidez ezartzen diren dietak eta lokomozio edo bidaiatze-gastuengatiko sariak jasotzeko.

 

Batzordean egindako eztabaidan 2 zuzenketa eztabaidatu eta onetsi dira, biak teknikoak eta PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztutako.

 

Motibazio politikoko ekintzen biktimen errekonozimenduari eta erreparazioari buruzko 16/2019 Foru Legea aldatzeko proposamena aintzat hartu ondoren, eta irizpena eginda, Osoko Bilkurari igorriko zaio eta behin betiko eztabaida eta bozketa eginen dira, ekainaren 23an ziurrenik.

 

Jabi Arakamak (Geroa Bai talde parlamentarioa) bilkuraren buru egin du, eta hauek bertaratu dira: Iñaki Iriarte, José Suárez, Marta Álvarez, Pedro González, Ángel Ansa, Jorge Esparza (Navarra Suma talde parlamentarioa), Inma Jurío, Jorge Aguirre, Carlos Mena (PSN talde parlamentarioa), Uxue Barkos (Geroa Bai talde parlamentarioa), Bakartxo Ruiz, Arantxa Izurdiaga (EH Bildu talde parlamentarioa), Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Duguko foru parlamentarien elkartea) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra talde mistoa).