Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Ekainak 23

Motibazio politikoko ekintzen biktimen errekonozimenduari eta erreparazioari buruzko 16/2019 Foru Legea aldatzen duen Foru Legea

Osoko bilkuran onetsia. 2022ko ekainaren 23an

Parlamentuaren osoko bilkurak Motibazio politikoko ekintzen biktimen errekonozimenduari eta erreparazioari buruzko 16/2019 Foru Legea aldatzen duen Foru Legea onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkakoarekin. 

 

2019ko martxoan onetsitako arauaren 12. artikuluan jasotzen da Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko 9/2010 Foru Legera jo behar dela osasun-laguntzari eta kalte fisiko, psikologiko eta materialengatiko kalte-ordainei dagokienez, eta PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk sustatutako lege honen helburua da artikulu horrek eragiten dituen aplikazio-arazoak konpontzea. Arauaren edukia 2015ekoaren antzekoa da, Konstituzio Auzitegiak Botere Judizialaren eskumenak inbaditzen zituela iritzita deuseztatu zuenaren antzekoa.

 

Gauzak horrela, eta 16/2019 Foru Legearen 5.3 artikuluan jasotako diskriminaziorik ezaren printzipioarekin bat etorriz, saihestu egin nahi da Estatuko Administrazio Orokorrak emandako laguntzen izaera osagarria dela eta (ez baititu konpentsatzen motibazio politikoko biktimak) desberdintasun hori erregelamendu bidez zuzentzen saiatzeak ekarriko lukeen arriskua.

 

Horretarako, biktimen kolektiboen arteko (terrorismoarenak/motibazio politikoarenak) babes-parekatzeari beharrezko segurtasun juridikoa emateko, 16/2019 Foru Legera jotzea ezabatu da (estatuko kalte-ordainaren % 30 ordaintzen du), eta arrazoi politikoengatik indarkeria jasan duten pertsonen aldeko prestazio zehatzak ezarri dira.

 

Jasandako kalte fisiko eta/edo psikologikoengatiko ordain ekonomikoen zenbatekoak hauek izanen dira: heriotzagatik 250.000 euro, baliaezintasun handiagatik 500.000 euro, ezintasun iraunkor absolutuagatik 180.000 euro, ezintasun iraunkor osoagatik 100.000 euro, ezintasun iraunkor partzialagatik: 75.000 euro.

 

Zenbateko horiek bateragarriak izanen dira biktimek jasotzeko eskubidea duten beste edozein zenbatekorekin, non eta ez diren kontzeptu beraren ondoriozkoak. Gainera, handiagotu eginen dira kantitate finko batean, kasuko errenta-adierazle publikoaren 20 hilabete-kuotakoa, heriotza-unean edo lesioa eragin zuen indarkeriazko ekintzaren unean biktimarekiko mendekotasun ekonomikoa zeukaten ondorengo ahaideetako edo harreran hartutako adingabeetako bakoitzarengatik.

 

Bestalde, Osasunbidea-Nafarroako Osasun zerbitzuak beharrezkoa gertatzen den osasungintza-arreta eta/edo arreta psikologikoa emanen die biktima deklaratuak diren pertsonei, eta ezinezkoa denean, eta beste zentro batzuetan eman beharrekoa denean, administrazio horrek eskaturiko zerbitzu eta tratamendu bakoiztuen ondoriozko gastuak ordainduko dira.

 

Kalte materialen ordainketek ordezko izaera izanen dute administrazio publikoek aitorturikoen edo aseguru-kontratuetatik eratorritakoen aldean, eta kontzeptu horiengatik jasotako kopuruan murriztuko dira.

 

Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzordeari dagokionez, Administrazio publikoko kide izan gabe batzordeko kide diren pertsonek eskubidea izanen dute, beren eginkizunetan aritzeagatiko ordain gisa, Nafarroako Gobernuaren erabaki bidez ezartzen diren dietak eta lokomozio edo bidaiatze-gastuengatiko sariak jasotzeko.

 

Motibazio politikoko ekintzen biktimen errekonozimenduari eta erreparazioari buruzko 16/2019 Foru Legea aldatzeko proposamena aintzat hartu ondoren irizpena egin zen. Behin onetsita, NAOn argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean. 

 

  • www.nafarroakoparlamentua.eus 
  • Foru lege proposamena (57. NPAO, 2022-05-26koa) 
  • Zuzenketak (79. NPAO, 2022-06-15ekoa) 
  • Irizpena (80. NPAO, 2022-06-17koa)
  •