Noiz argitaratua Osteguna, 2026.eko Ekainak 11

Mozio bat baztertu da, Espainiako eta Nafarroako Gobernua premiatzen zituena adieraz dezaten beharrezkoa dela hauteskunde orokorretarako berehalako deialdia egitea

Parlamentuaren osoko bilkurak mozio bat baztertu du gaur PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekinen aurkako botoekin eta UPNren, PPNren, Talde Mistoaren eta atxiki gabeko parlamentariaren aldeko botoekin. Mozioak Espainiako Gobernua eta Nafarroako Gobernua premiatzen zituen “Pedro Sánchezen gobernua, alderdia eta ingurune pertsonala ukitzen duten ustelkeria-eskandalu larri eta jarraituak gaitzets ditzaten, gure nazioa aurrekaririk gabeko narriatze-espiral batean murgilarazten ari baitira”.

 

Baztertutako mozioak bigarren atalean Espainiako Gobernuari eta Nafarroako Gobernuari eskatzen zien “adieraz dezaten beharrezkoa dela hauteskunde orokorretarako berehalako deialdia egitea, Pedro Sánchezen kudeaketak gidari izan dituen ustelkeria politiko, moral eta ekonomikoaren aurrean, espainiarrei hautetsontzietan ahotsa emateko”.

 

Zioen azalpenean, Talde Mistoak zalantzan jarri du hainbat erabaki politikoren zilegitasuna; besteak beste, amnistiari buruzko legearena, Kataluniako buruzagi independentistei indultuak ematearena, migrazioen erregulazioarena edo krisialdien eta segurtasunaren mehatxuen kudeaketarena. Erabaki horiek, bere hitzetan, "hauteskundetan babesa lortzeko epe ertainerako estrategiei erantzuten diete", eta, horri dagokionez, premiazkotzat jotzen du hauteskunde orokorretarako deialdia egitea, "gardentasunarekin eta interes orokorrarekin" konprometitutako gobernu bat eratzea ahalbidetzeko.