Mozio bat baztertu da, Gobernua premiatzen zuena azterlan bat egin zezan itundu behar ez diren unitateak kentzeko kronograma bat ezartzea ahalbidetzeko
Contigo-Zurekin taldeak “analisi eta plangintza lan zorrotza” egitea proposatzen zuen hezkuntza-eskaintza berrantolatu eta gastu publikoaren efizientzia bilatzeko
Hezkuntza Batzordeak mozio bat baztertu du gaur UPNren eta PPNren aurkako botoekin, EH Bilduren eta Geroa Bairen abstentzioarekin eta PSNren eta Contigo-Zurekinen aldekoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentua premiatzen baita “hezkuntza- eta demografia-azterlan zorrotz bat egin dezan sistemako etapa guzti-guztietan, itundu behar ez diren unitateak arian-arian kentzeko kronograma bat ezartzea ahalbidetuko duena, departamentuaren irakasle-kidegoek eta instalazioek hezkuntza-zerbitzua emateko ahalmena baitute”.
UPNk ordezteko zuzenketa bat aurkeztu du, Contigo-Zurekin ekimenaren titularrak onartu ez duena, eta proposatzen zuen “azterlan horrek modua ematea gure foru-komunitateko hezkuntza-beharren mapa zehatza egiteko, xede izanik Nafarroako hezkuntza-sistemaren kalitatea bermatzea eta familiek askatasunez aukeratu ahal izatea zer hezkuntza-mota nahi duten beren seme-alabentzat, Konstituzioaren 27. artikuluak xedatzen duenarekin bat”.
Era berean, Geroa Baik Contigo-Zurekinek onartu ez duen beste ordezteko zuzenketa bat aurkeztu du, proposatuz “azterlan horrek modua ematea Nafarroako hezkuntza-sistemaren egungo egoera eta etorkizunean izaten ahal duen balizko bilakaera ezagutzeko, bai eta zer unitate itundu behar diren zehazteko ere”.
Zioen azalpenean, Contigo-Zurekin talde parlamentariak sustatutako mozioak “analisi eta plangintza lan zorrotza” egitea proposatzen zuen hezkuntza-eskaintza berrantolatu eta gastu publikoaren efizientzia bilatzeko, “hori baita administrazio publikoen egin beharra”.
Ildo horretan, sustatzaileak argudiatzen du “sisteman inertziaz mantentzen ari direla epe motz eta ertainean beharrezkoak izanen ez diren itundutako unitate horiek”, eta gogorarazi du 2023-2027 aldirako Nafarroako Gobernurako Akordioan jasotako proposamenak. Batetik, “unitate itundurik ez gehitzea eta unitate itunduak murriztea eskari nahikorik ez dagoenean”, eta, bestetik, “derrigorrezko hezkuntzaren ondoko etapan itunak murriztu daitezen aztertzea eta sustatzea, haien indarraldia bete ahala”.
Contigo-Zurekin taldeak sustatutako ekimenak azpimarratzen du beharrezkoa dela “ikastetxe publikoen sarea osorik erabiltzea eta apustu egitea irakasleek (funtzionario nahiz aldi baterako lan-kontratudunak izan) enplegu duina izan dezaten”.
Carlos Mena (PSN T.P.) buru izan duen saioan parte hartu duten parlamentariak izan dira Pedro González, Isabel Olave, Javier Trigo, Raquel Garbayo (UPN T.P.), Kevin Lucero, Olga Chueca (PSN T.P.), Oihana Gallo, Mikel Zabaleta (EH Bildu T.P.), Itxaso Soto, Isabel Aranburu (Geroa Bai T.P.), Javier García (PPN T.P.) eta Carlos Guzmán (Contigo Navarra-Zurekin Nafarroa T.P.).
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Mozioa (43. NPAO, 2025-04-04koa)