Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Urtarrilak 31

Mozio bat baztertu da, Gobernua premiatzen zuena haur eta lehen hezkuntzarako aurreinskripzio kanpaina irizpide objektiboetan oinarri zezan

PSNk eta PPNk babestu dute UPNren asmoa, zeinak Departamentuaren lana zalantzan jartzen zuen D eredua gainerako ereduen gainetik lehenetsi izanagatik

Parlamentuko Osoko Bilkurak mozio bat atzera bota du gaur Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Eren aurkako botoekin, PSNren abstentzioarekin eta UPN eta PPNren aldeko botoekin, Nafarroako Gobernua premiatu nahi zuena “2019-2020 ikasturterako aurreinskripzio-prozesuaz informatzeko kanpaina egin zezan irizpide objektibo, ekitatezko eta informatiboetan oinarrituta, seme-alaben eskolatzearen hizkuntza ereduei dagokienez familiei aldez aurretik ezer ezarri gabe eta haiengan eragin gabe”.

 

Atzera botatako mozioak bigarren atalean Foru Gobernua premiatzen zuen “kanpaina hori ikastetxea hautatzeko askatasuna bermatuz egin zezan Hezkuntza Departamentuak, araudi indardunaren arabera familiek horretarako eskubidea baitute, eta Gobernuko beste departamentu batzuen inolako esku-sartzerik gabe. Hori guztia ez zen eragozpen izanen Hezkuntza Departamentuak Nafarroako sare publikoaren eskaintzari buruzko berariazko dibulgazioa egin ahal izan zezan”.

 

Azkenik, Nafarroako Gobernuari eskatzen zitzaion “Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiaren segurtasun juridikoa izan zezala ikastetxe publikoetan nahi pribatuetan 2019-2020 ikasturtean ikasleak hartzeko prozedurari buruzko araudiak”.

 

Zioen azalpenean, UPN talde parlamentarioak sustatutako mozioak zioen “Nafarroako Gobernua ez dela hezkuntza-eskaintzari buruzko informazioa ematera mugatu, baizik eta D eredua lehenetsi duela hezkuntza-eskaintzako gainerako hizkuntza-ereduen gainetik”.

 

Gainera, salatzen du Erakundeekiko Harremanetarako Departamentuak eta zenbait toki entitatek ikastetxeetan ere eskua sartu izana”, egoera honek hezkuntza-erkidegoaren gehiengoaren “arbuioa eragin zuen”.

 

Bestalde, “segurtasun juridiko eza” zalantzan jartzen zen, ikasleak hartzeko prozeduraren barruan irizpideak, balorazioak, distantziak, egutegiak, eskabide-ereduak eta abar ezartzen dituzten zuzendari nagusiaren azken urteotako ebazpenak “maila handiagoko arauen aurkakoak baitziren”.