Mozio bat baztertu da, Gobernua premiatzen zuena Nafarroako Lankidetzarako IV. Plan Zuzentzailean Garapenerako Lankidetzaren Nafarroako Agentzia sortzeari ekin ziezaion
Contigo-Zurekin taldeak lankidetza-politika publikoen teknifikazio eta kudeaketa hobetzea proposatzen zuen, desberdinkeria handiak dauden egungo testuinguru geopolitikoaren aurrean
Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Batzordeak mozio bat baztertu du gaur, zeinaren bidez, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentua premiatzen baitzen “behin betikoz ekin diezaion Nafarroako Lankidetzarako IV. Plan Zuzentzailean Nafarroako Garapenerako Lankidetzaren Agentzia sortzeari”. UPNk, PSNk, PPNk eta Talde Mistoak aurkako botoa eman dute eta EH Bilduk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek, berriz, aldekoa.
Contigo-Zurekin taldeak sustatuko mozioak zioen azalpenean 2019-2023 legegintzaldirako programa akordiora jotzen zuen, bertan jasotzen baitzen Garapenerako Lankidetzako Nafarroako Agentzia bat sortzeko aukera aztertzea, gogorarazteko legegintzaldi hartan azterlan bat egin bazen ere, asmo hori ez zela gauzatu.
Ildo horretan, laster hastekoa den Nafarroako lankidetzarako IV. Plan Zuzendaria taxutzeko prozesua baliatzeko deia egiten zuen, “lankidetza-politika publikoen teknifikazioa eta kudeaketa hobetuko lituzkeen eta Nafarroa Lankidetzaren mapa globalean hobeto kokatzea bermatuko lukeen” agentzia bat sortzeari behin betikoz ekiteko.
Proposamena egin duen taldeak lankidetza-politikek gizarte-zerbitzuaren egungo ikusmoldea gainditu behar dutela aldarrikatzen zuen eta ezinbestekotzat jotzen zuen politika horiek hobetzeko eta kudeatzeko tresnak sortzea, zeinak lehen mailako lehentasun izan behar baitute “gaur egungoa bezalako testuinguru geopolitikoan, non handiak baitira desberdinkeriak”.
Honako hauek parte hartu dute Arantza Biurrun (PSN) buru izan duen bilkuran: Raquel Garbayo, Marta Álvarez, Leticia San Martín, Javier Trigo (UPN TP), Carlos Mena, Olga Chueca (PSN TP), Javier Arza, Txomin González (EH Bildu TP), Isabel Aranburu, Itxaso Soto (Geroa Bai TP), Maribel García Malo (PPN TP) Carlos Guzmán (Contigo-Zurekin TP) eta Emilio Jiménez (Talde Mistoa).
- https://parlamentodenavarra.es/eu
- Mozioa (64. NPAO, 2025-05-16koa)