Mozio bat baztertu da, Gobernua premiatzen zuena Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako 4/2019 Foru Legea gara zezan
I-Ek ohartarazi du abenduaren 31n amaituko dela programa-akordioaren sinatzaileek balizko aldaketak aztertzeko euren buruari ezarri zioten luzapen bikoitza
Osoko Bilkurak mozio bat baztertu du gaur Navarra Sumaren eta PSNren aurkako botoekin eta Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena “gara zezan Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legea, programa-akordioan horretarako ezarritako epean garatu ere”.
Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak sustatu du mozioa. Zioen azalpenean arauaren ildo nagusiak jorratzen zituen, “finantzaketa eredu berri bati lotutako toki eredu berri bat” ezartzea planteatzen duela esanez, eta, horri dagokionez, gogorarazten du abenduaren 31n amaituko dela luzapen bikoitza, aplikazio eraginkorraren aurretik balizko aldaketak —lege eta aurrekontu esparrua, kideen hautaketa, eskumenak, idazkariak, kontu-hartzaileak— aztertzeko ezarri zena, eta, horregatik, epea bete dadila eskatzen du. Aurretik zehazten zuen, ordea, eztabaidagai ez diren testu zatiak “lehenago garatu” zitezkeela.
Testuinguru horretan azpimarratzen zen “herritarrei zerbitzu gehiago eta zerbitzu hobeak emateko” balio behar duela aurreko Gobernuak bultzatu eta gehiengo osoz onetsi zen 4/2019 Foru Legeak, eta “toki entitate indartsuagoak, efizienteagoak eta eraginkorragoak sortuz toki entitateen boterea areagotu” behar dela.
Mozioak zioenez, erreformaren bidez ezarri nahi den esparrua Toki Administrazioa arautzen duten lege nagusiak aldatu ondoren Nafarroako toki entitateetan eginen liratekeen aldaketen oinarri izan daiteke. Hortik aurrera, lurralde-egitura berria behin betiko zehaztu behar luketen arau-aldaketak etorriko lirateke.
Hala, Nafarroako Toki Administrazioaren ideia gaurkotua hauspotu nahian, legeak udalez gaindiko antolaketa berri bat sustatzen du eskualdearen bitartez; figura horrek hartuko ditu bere gain mankomunitate sektorialek eta azken urteetan sortutako antzeko entitateek orain arte bete dituzten eginkizunak.
Beraz, Nafarroa hamabi eskualdetan antolatzen duen lurralde-banaketa ezartzen du arauak, Nafarroako Lurralde Estrategiak bere garaian proposatutako azpieremuak abiapuntutzat hartuta. Nolanahi ere, behin betiko formari begira, udalen borondatea kontuan hartuko da, proposamenak eta alternatibak aurkezteko aukera izanen bailukete.
Eskualdeak sortzeko prozesua amaitzen denean —eskualde bakoitzeko foru lege bat egin beharko da prozesu horretan— udalerri guztiak eskualderen batean sartuko lirateke. Hori guztia garatzeko dago.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Mozioa (114. NPAO, 2021-10-08koa)