Mozio bat baztertu da, Nafar Gobernua premiatzen zuena Nafarroako administrazioan euskararen erabilera arautzeko 103/2017 Foru Dekretuaren kontrako epaiaren aurkako helegitea aurkez zezan
Zonifikazioak eragindako “ikuspegi murriztailea” konpondu nahi zuen EH Bilduk, Nafarroako biztanle guztien hizkuntza eskubideak lege bidez babesteko
Herritarrekiko Harremanetako Batzordeak mozio bat baztertu du gaur Navarra Sumaren eta PSNren aurkako botoekin, eta Geroa Bairen, EH Bilduren eta Izquierda-Ezkerrarekin aldekoekin eta Podemos-Ahal Duguren abstentzioarekin, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena “hizkuntza eskubideetan ere, legegintzaldi honetarako akordio programatikoak aldarrikatzen duen “kohesio soziala” eta “lurralde kohesioa”-ren alde egin zezan, herritar guztion hizkuntza eskubideak defendatuz, eta ildo horretan, 103/2017 Foru Dekretuaren kontrako epaiaren aurkako helegitea aurkez zezan”.
Onetsi ez den mozioak bigarren puntuan Foru Gobernuari eskatzen zion “euskararen ezagutza beste hizkuntzen ezagutza baino gutxiago inoiz ez baloratzeko erabakia hartzera, eta horrek behar duen euskarri juridikoa ematera”. Geroa Baik, EH Bilduk eta Izquierda-Ezkerrak alde bozkatu dute, gainerakoek aurka.
Era berean, hirugarren atalean Parlamentuak “bere disposizioa agertzen zuen herritar guztion eskubide berdintasuna bermatu eta zonifikazioa gaindituko duen euskararen lege berria onartzeko lan egitera”. Navarra Suma eta PSNk aurka bozkatu dute, Geroa Baik, EH Bilduk eta Podemos-Ahal Duguk alde eta I-E abstenitu egin da.
Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentariak sustatutako mozioak zioen epaia “atzerakada nabarmena” izan dela, “indarrean dagoen Euskararen Legeak berak ere helburu jartzen duen sustapen politikaren kontrakoa, ikuspegi erabat murriztailea ezarri duelako”.
Testuinguru horretan, euskara “nafar guztion hizkuntza” dela defendatzen zuen mozioak eta “Nafarroako biztanleen hizkuntza eskubideak legalki bermatzeko” deia egiten den, izan ere, epaia emandakoan “agerian geratu da zonifikazioak indarrean jarraitzen duen bitartean, ezinezkoa izanen dela dekretu bidez nafar euskaldun guztion hizkuntza eskubideak bermatzea”.
Nafarroako Justizia Auzitegiaren irailaren 27ko epaiak Nafarroako eremu “misto” eta “ez-euskaldunean” euskara meritu gisa baloratzeko dekretuak egiten zuen proposamena bertan behera utzi du; , administrazioak zerbitzu zentralen bitartez herritar guztientzat edo populazioarentzat orokorrean egin behar dituen komunikazio, jakinarazpen, inprimakietan, errotuluak eta abar ele-bietan egin beharra ere auzitan jarri du. Orotara, Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan euskararen erabilera arautzen duen 103/2017 Foru Dekretuaren 41 artikuluetatik bost zalantzan jartzen dira.
Jabi Arakama (Geroa Bai) buru izan du bilkurak eta bertan egon diren parlamentariak Pedro González, Iñaki Iriarte, Javier García, Elena Llorente, Raquél Garbayo, Ángel Ansa (Navarra Suma), Jorge Aguirre, Carlos Mena (PSN), María Solana, Jabi Arakama (Geroa Bai), Bakartxo Ruiz, Patricia Perales (EH Bildu), Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu), eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra) izan dira.