Noiz argitaratua Osteguna, 2026.eko Apirilak 16

Mozio bat baztertu da, Nafarroako Gobernua behartu nahi zuena lehen sektoreari eta nekazaritzako elikagaien industriari laguntzeko aparteko pakete bat onets zezan

Asmoa zuen egungo egoera geopolitikoaren ondoriozko kostuen igoera konpentsatzea eta sektoreko ustiategi eta enpresen bideragarritasuna ziurtatzea, hasiak direlako errentagarritasun galera nozitzen

Parlamentuaren Osoko Bilkurak, PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekinen aurkako botoekin eta UPNren, PPNren, talde Mistoaren eta atxiki gabeko parlamentariaren aldeko botoekin, mozio bat ezetsi du gaur. Mozio horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatu nahi zen «lehen sektoreari eta nekazaritzako elikagaien industriari laguntzeko neurri sorta ezohiko eta espezifiko bat premiaz onestera, egungo egoera geopolitikoaren ondoriozko kostuen igoera konpentsatzeko eta sektoreko ustiategien eta enpresen bideragarritasuna bermatzeko».

 

Mozioaren bigarren atalean, era berean, Foru Gobernuari dei egiten zitzaion «zuzeneko laguntzak eta ezohiko likidezia mekanismoak gaitzeko, nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategiei, kooperatibei eta nekazaritzako elikagaien industriei zuzendutako finantza tresnak barne, arreta berezia jarrita kostuen igoerak gehien eragindako azpisektoreetan».

 

Halaber, hirugarren atalean, Nafarroako Gobernuari eskatzen zitzaion «zerga arloan dituen eskumenak osoki erabiltzeko, eta lehen sektorearen eta nekazaritzako elikagaien zama ekonomikoa modu eraginkorrean arintzea ahalbidetuko duten neurri propioak hartu ditzala, Foru Komunitatearen lehiakortasuna eta ekoizpen ahalmena indartzeko».

 

Azkenik, Foru Gobernua premiatzen zen «energia, erregai eta ongarrien kostuen igoera konpentsatzeko laguntza neurri espezifikoak ezartzera, estatuak onartutako neurrien osagarri eta gehigarri gisa».

 

PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeek ordezteko zuzenketa bat aurkeztu dute, UPN ekimena aurkeztu duen taldeak onetsi ez duena. Proposatzen zuen Nafarroako Gobernua premiatzea “azter dezan estatuan eta foru-erkidegoan onetsitako dekretuek Irango gerrak gure ekonomian duen eragina arintzeko jadanik hartu dituzten neurrien inpaktua, eta, kasua bada, sektoreko ustiategien eta enpresen bideragarritasuna bermatzeko neurri berriak onets ditzan, betiere Nafarroako Nekazaritza Kontseiluaren esparruan, ordezkaritza-organo den aldetik, sektorearen beharrizanetara egokituko direla bermatuta”.

 

Zioen azalpenean, UPN talde parlamentarioak sustatutako mozioak erantzun integral bat galdegiten du, arazoaren tamainaren eta autogobernu-gaitasun propioen araberakoa, Ekialde Hurbilean piztu den gatazka belikoak, bereziki Irangoak, eragindako kostuen igoera berriari aurre egiteko. Izan ere, «errentagarritasun galerak, araudi presioak eta merkatuen ziurgabetasunak ezaugarritzen dute testuingurua».

 

Ildo horretan, azpimarratzen da Nafarroak baduela tarte nahikoa zerga neurri propioak hartzeko, bere politika ekonomikoa egokitzeko eta lehen sektoreari eta nekazaritzako elikagaien industriari laguntzeko mekanismo espezifikoak artikulatzeko, «estatu mailako neurrien aplikazio pasibora mugatu gabe».

 

Horregatik, eremu horiek ekonomiarako eta gizarte-kohesiorako «estrategikoak» direla kontuan hartuta, Espainiako gobernuak bultzatutako laguntza neurri «eskasak» —besteak beste, nekazaritzako gasolioa eta ongarriak erostearen gainekoak— osatzeko deia egiten da.

 

Beste lurralde batzuetan bezala, Nafarroako nekazari, abeltzain, kooperatiba eta industrien errealitate «espezifikoak laguntza ekonomiko, finantzario eta industrialerako tresna propioak behar ditu, beren ekoizpen sektoreak babesteko, egungo krisiaren inpaktuari aurrea hartuta».